Datasets:
id
int64 1
702
| question
stringlengths 0
1.68k
| answer
stringlengths 47
2.04k
|
---|---|---|
1 | Kaixo Jakoba. Nahi genuke muxika landatu baina ez dugu lortzen. Ba ahal dakizu noiz edo non daukagu posibilitatea erosteko. Pena da zuhaitz mota hori galtzen ari dela. Gure lursaila Hernanin inguruan dago. Eskerrik asko | Ez dut ezagutzen muxika landarerik saltzen duen inongo mintegirik. Onena litzateke beste edozein muxikari txertatzea. Hezurretik sortutako edozeini txera dakioke. Baina Mentua nondik eskuratu jakin behar duzu. Muxika non duten baldin badakizu, handik mentuak hartu eta txertatu… |
2 | Kaixo Jakoba! Aurten patatak ereiteko asmoa daukagu baratzan lehenengo aldiz eta eskualde honetan ondo egokituko diren barietateak gomendatzea nahiko nuke. Baliteke pixkat goiz izatea, baina, dagoen eguraldia ikusita, aste honetan sartzea pentsatu dugu. Zer deritzozu? Azkenik, liburuan edota webgunean agertzen ez den gomendiorik baduzu, eskertuko genizuke… Mila esker!! | Debagoienatik ez da urrun Araba eta bertan gehien egiten diren barietateak hiru dira: Monalisa, Agria eta Kennebec. Hirurak azal laru edo horia dute. Agriak mami horia du eta batez ere frijitzeko erabiltzen da. Kennebecek mami zuria du eta egosi eta gisatzeko ona. Monalisa da nagusia sukaldean edozertarako erabiltzen da eta. Nik aurten azken hori jarria dut. Gogoan izan: ongarri asko behar duten barazkien multzokoa da patata; lurrari nahasi aurrez eta simaur edo luar zaharra izanez gero landatzeko zuloan ere jarri, patataren azpian; loratzen denean ateratzen hasi, niretzako patata onena, patata berria, azal eta guzti jatekoa. |
3 | Kaixo Jakoba! Atzo Markinako hitzaldian entzundakoaren ostean, argi daukat sagarrondo barietatea aukeratzekotan hemengo klimara ohitutako oin egokia beharrezkoa dela, etab. Horregaitik galdetu nahi nizuke ea ze mintegi edo kooperatibetan saltzen dituzten bertako sagarrondoak; izan ere, hemen Arratia inguruko dendetan betidaniko koloretako etiketa eta argazkidun sagarrondoak bakarrik topatu ditut, eztakitnongo enpresek salduak. Horrez gain, oraindik garaiz al nabil landatzeko? Eskerrik asko! | Mentuoina edo azpiko klasea da gakoa. Nire ustez, baldin eta ekoizpen intentsiboan pentsatzen ari ez bazara, egokiena makatza edo basatia da. Horri mintegietan “franko” ere deitzen diote, baina ez da gauza bera; franko hori edozein sagarren hazitik sortzen da, baina makatza sagarrondo basatiaren sagarrondoen fruitu ttikiaren hazikoa da. Baina hemengoa izan behar du. Jeneralean mintegietan ez duzu topatuko makatza edo basaka hori. Agian baserritarren kooperatibaren batean, baina ez dadila “franko” hori izan. Baserritar batzuk, baita bere kaxa aritzen dira makatz horiek sortu eta txeratzen. Beraz mentuoina basaka edo makatza eta gainean zeuk nahi duzun barietatea txertatua. |
4 | Kaixo Jagoba. Baratzean bankal batzuk egiteko asmoa dut eta material egokiaren bila nabil. Enkofratuko tabla horiak zer moduz? Duten tratamendua txarra izan daiteke lurra eta landareentzat? Eskerrik asko. | Jakin ahal izan dudanez melamina erretxinezko tratamendua da azaleko hori hori. Itxuraz urik ez sartzea eta hormigoiak ez erasotzea da helburua eta hori kolorea koloreztatzaile soila da. Lurpean izango den parean urtebeterako ura uxatzeko gaitasuna galduko omen du. Ezer txarrik ez omen die erantsiko ez landareei ezta lurrari ere. |
5 | Kaixo Jakoba; Oraindela 30 urte oparitu zidaten atxikita bidaltzen dizudan artxiboan azaltzen den landarea (semea izan nuenean) eta izugarrizkoa dao, bi metrotik gora, eta ez dakit noiz inausketa egin eta noiz, mesedez aholkatuko zenidake Mile esker aldez aurretik | Zorionak horrelako edertasuna eskuera eta begiera edukitzeagatik. Toki egokian eta ondo zainduta bizi den zeinale. Madagaskardo dragoi zuhaitza da, Dracaena reflexa “Angustifolia”. Landare hori 2020an argitaratu genuen “ETXEKO LANDAREAK” liburuan azaltzen da eta fitxa osoa du (164-165 orr). Bertan bere trikimailuetan honela dio: gehiegi luzatzen denean, gupidarik gabe ebaki eta kendutako zatisak ugaltzeko erabili (aldaxka bezala). Moztutako tokian erraz berrituko da. Nahi izatera orain erdia, luzeenak eta okerrenak, ebaki, enborren erdi paretik eta besteak utzi. Moztutakoak kimu berriekin janzten direnean orain moztu gabekoak ebaki. Etxe barruan bizi delarik noiznahi egin dezakezu, baina martxoa aldera onena. |
6 | Kaixo Nire galdera arbolei karea emateari buruzkoa da Nire asmoa da zuhaitz frutalei enborrean karea ematea, baina , larunbatean entzun nizun (edo hórrela ulertu nuen nik) lurrean ere eman behar dela Nik ditut intxaurrondoak, gereziondoak, sagarrondoak eta mertxikondoak, baina ez daude oso sanoak, batez ere gereziondoak, orduan, hori jakin nahiko nuke….. lurrean ere komeni da botatzea? Eta zer jaraitan egin behar da? Mila esker | Onena aurrez lurraren analisia egitea litzateke. Hor azalduko litzateke zehatz mehatz karea ematea komeni den eta zenbat. Euskal Herri atlantiarrean bizi badira eta lurra buztintsua bada, seguruenera mesede egingo dio kareak. Eman dosi eder bat lehen urtean , 150 gr/m2. Hurrengo urtean 100 gr/m2 eta hortik atzera urtero edo biz behin 75 gr/m2. Urtarrila-otsaila tarte hau oso garai ona da. Nahi baduzu kare bizia erabili (kontuz eskuak, begiak eta abar) edo bestela kare hila. |
7 | Kaixo lur sailean iada fruiturik ematen ez duten 12 sagarrondo ditugu eta txertaketak egin nahiko genituzke. Noiz izan daiteke momenturik egokiena? | Txertatzeko sasoia izerdi berriaren etorrera da. Adarreko txertua neguaren amaieran eta begikoa udan. Orain adarrekoaren sasoia dator. Sagarrondoa berandu mugitzen den fruta arbola da eta martxoan txertatzen da. Lehen beti esan izan da ilbeheran txertatzen dela, baina ilbehera ilzaharrari esanez, hau da ilargia txikitzen ari den sasoiari. Ikuspegi biodinamikotik ilgoran txertatzen da. Biei kaso eginez martxoan ilgora eta ilzahar izango diren egunak 5, 6, 7, 8 eta 9 izango dira. |
8 | Kaixo Jakoba,
Aurreko astean illarrak landatzeko azken aukera zela idatzi zenuen. Oraindik posible da? Gaur bihar? Illar haziak landatzeko nola egin behar da? Lehenengo aldia da…
Eskerrik asko, egun ona izan!
Eider | Bai hemendik atzera beti berandu izango dela idatzi nuen. Hori batez ere babarentzako da. Ilarra erein oraindik lasai. Onena ilgoran ereitea da, eta hori otsailaren 7tik 18ra izango da. Hala ere saioa egin nahi baduzu urtarrilaren 27, 28 eta 29 fruitu egunak dira, nahiz eta ilbehera izan probatu eta konparazioa egin. Aipaturiko hurrengo ilgoran 7, 8 goiza eta 15 izango dira fruitu egunak.
Nola erein galdetzen baduzu “BIZI BARATZEA” liburuaren premian zara, honela dio: “Errenka batetik bestera 60-70 cm utzi, zenbat eta altuagoa egingo den tarte handiagoa utzi. Hazia errenkan, denean ugari botatzen da, 3-5 cm sakon sartu. Lurra hotzego badago edo bero handiegiak badira ez da ondo jaiotzen. 15-20 cm luzatu denean lurreztatzea komeni da. Gero arbatu egin behar da: adarrak, makilatxoak, sarea…” |
9 | Fritu arbolak ze norabidetan landatzea komeni da (hego-ipar edo eki-mendebalde)? Eguzki gehien goizeko orduetatik arratsaldeko orduetara izaten dituen arloa da | Fruitu arboladia Euskal Herri atlantiarreko lurretan landatzeko asmoa baduzu norabide egokiena hegoa-iparra da. Horrek esan nahi du goizean alde batetik eta arratsaldean beste aldetik hartuko dutela eguzkia. Lurralde horietan arazo handiena hezetasun handiegia da, zeinak onddoak suspertzen dituen eta horiek gaitz nagusien eragileak dira. Beraz hezetasunari aurre egiteko eguzkia behar dela arboletan bezala baita lurrean ere. Eguzkia lurreraino iristeko tarte handia utzi arbolatik arbolara, ez ditzatela adarrak elkar lotu. Beste baldintza garrantzitsua arbolen garaiera da. Garaienak edo altuenak iparraldean eta motzenak hegoaldean, itzalak bata bestea jan ez dezan. |
10 | Iaz hasi nintzen ortuarekin ordurarte belardi izan den landa batean, eta aurten karea bota nahi nioke. Lurra oso buztintsua da eta ur dexente pilatzen du, batez ere zonalde batzuetan. Batetik zenbat bota beharko nukeen jakin nahiko nuke. Belarra ere pixkat hasita dago urrian edo ebaki ta gero (5-10cm), berau ebaki beharko nuke, lurra bistan uzteko, karea bota aurretik? | Belar gainean lasai asko zabaldu dezakezu karea. Orain belarra mozteko lanik hartu beharrik ez duzu. Eman belar horren gainean eta gero, jarri nahi duzunaren arabera, egin beharreko lanak egin bere sasoian. Dosia kalkulatzeko egokiena lurraren analisi bat izatea litzateke, baina lur astun eta buztintsuetan 150 gr/m2 botako nuke. Hurrengo urtean 100 eta hortik atzera urtero 50-70. |
11 | Kaixo Jakoba, Kañaberak noiz moztu beharko nituzke gero baratzan erabiltzeko eta komeni al da lehenengo lehortzea edo zuzenean erabili al daitezke. Lehortu behar badute nola egin beharko nuke? Eskerrik asko | Kanaberak moztea neguko lana da, urtarrilean eta otsailean egiten da. Batzuek ilbeherako lana dela diote, beste batzuek ilgorakoa. Nik ilgoran moztuko nituzke. Proba edo saioa egitea proposatzen dizut: urte pare batean ikusi ilbeherakoak edo ilgorakoak zeintzuk hobeto irauten duten, eta gero emaitzen berri denoi eman. Horrela denontzako onura ekarriko du zure lanak. Horixe da gure goiburua: eman eta hartu.
lehortzearena orain moztu eta udaberrian edota udan erabiltzeko moduan egongo dira. Nola jaso da garrantzitsua. Onena aterpean jasotzea da, eta ahal izanez gero zutik. Etzanda egon beharko badute oinarri ona jarri, ahal bada bere luzera osokoa. |
12 | Arratsaldeon!!baratza hego haizetik babesteko hesi bat egitekitan nago,ze landarekin egitea aolkatzen didazu?hesitik segituan hasten da baratza, eskerrikasko!!! | Hegotik babestu eta hesiaren aldamenetik baratzea hastea arazo bat da. Hegotik izango du baratzeak eguzkia, eta hesiak bai ala bai itzala egingo dio. Bi ezaugarri erabaki behar dira: hostoa galtzen duen landarea edo galtzen ez duena, haizea neguan ere mozteko; eta hesiaren altuera. Arazo handia bada haizea hostoari eusten dion landarea jarriko nuke: ereinotza, ezpela, euonimusa, aligustrea, gerezi-erramua (Prunus laurocerasus), gorostia, heriotzorria (adelfa) eta koniferoak. Koniferoetan hazkunde azkarrekoak onenak: lausoniana, tuiak, leilandia…
Landaketa egiteko sasoia geroxeago da, martxoan, eta tarte horretan erabaki zein nahi duzun. Landatutakoan ondo ongarritu eta hesia osatzeko eta gero erabakitako altuera hartu duenean urtean bitan inausi triko eta bete-bete eusteko. |
13 | Kaixo Jakoba.
Arratiatik galdera bat.
Mandarina bat metatzeko baserrian epe barruan gaude?
Noiz da eperik onena, egokiena?
Mila esker.
Ondo segi | Hobe duzu mandarinondoa ez metatzea. Bere osasunak irabaziko du eta biziraupen luzeagoa izango du. Hala ere eragozpenen bat sortzen duen adarren bat edo kendu nahi badiozu oraindik oso garaiz zabiltza. Lan hori izerdia mugitzen hasi aurre horretantxe egin behar da, martxoa amaiera aldera. Ahal izanez gero ilbeheran. |
14 | Noiz bota daiteke karea ortuan.Zein da hobe kare bizia ala hilla | Ongarriketa nagusiak udazkenean eta neguan egin behar dira. Nire iritziz hurrenkera onena da: udazkenean ongarri organikoa eman (simaurra, luarra…) eta neguan karea, urtarrila edo otsaila. Tartea gutxienez hilabete batekoa. Ongarriak lurgainean utzi eta kitto.
Kare bizia erretzen duen karea da, ura edo hezetasuna hartu behar du hiltzeko. Kare biziak ukitzen duena lehortu, erre edota hiltzen du. Hortik kontuz erabili beharra (eskularru, maska, betaurreko…). Baina bere eragina hobea da, batez ere luz buztintsu heze eta bustietan. Kare hilak kaltzio kopuru bera du, baina errezago erabili daiteke. Garrantzitsuena hautsa edo koxkorra erabiltzea erabakitzea da. Ni koxkorraren aldekoa naiz, eragina denbora askoz ere luzeagoan nabaria izango delako. |
15 | Egun on! Olentzerok berotegi lanak egiten dituen apalategia oparitu dit eta nire baratza txikirako haziak erein nahiko nituzke. Joanden urtetik gordeta ditudan haziak erabiliko ditut baina jarri nahi ditudan barazki batzuenak ez ditut. Non eros ditzazket bertako hazi gutxi batzuk? Eskerrik asko! | Bertoko haziak hautatzea hasiera ona da. Inguruko lurrera eta klimara egokituta daude. Euskal Herrian Hazien Sareak badaude batean eta bestean. Horiek haziak eta landareak banatzen dituzte. Bestetik Gipuzkoan Baserritar talde baten eskutik ALEKA bertoko hazi ekologikoak sortzeko egitasmoa martxan da. Kooperatiba eta denda ekologikoetan banatzen dituzte eta bestela beraiengana jo zuzenean: www.aleka.eus edota 633 79 76 39 telefonoa. |
16 | Noiz komeni da setoa moztea nekezago hasteko? Ze urtarotan ta ze ilargitan Millesker | Landare hesiak mozteko bi sasoi nagusi daude. Biak izerdialdi nagusien ondorengoak dira. Lehena udaberriko hazkundearen ondoren, maiatza-ekaina aldera eta bestea irailean. Kimu berriak motzago etortzeko inausketa ilbeheran egitea komeni da. |
17 | Non erosi ahal dut olió zuria?. | Olio zuria edo olio minerala intsektizida lana egiteko erabiltzen da. Tratamenduak batez ere udazken-neguan egin behar dira. Azken hostoak erori aurretik onena. Orain ere eraginkorra da. Intsektuen gainean olio geruza geratzen da eta ito egiten ditu. Tratamendu hori oso ezaguna da batez ere fruta arboletan. Olio horiek nekazaritzako produktuak saltzen dituzten tokietan topatuko dituzu. Ez badaukate ekarriko dizute. |
18 | Kaixo Jakoba, Zuhaitzak inausten gabiltza orain eta ulertua dut ondoren produktu bat ematea komeni dela bertan zauriak sendatu eta gaixotasunik ez sartzeko. Zein da produktu hori?? Mila esker! | Inausketarako orain ez da sasoi egokia. Onena izerdi berria mugitzera itxarotea da. Orain sortzen diren zauriak irekita egongo dira negu guztian eta gaitzak eta hezetasuna sartzeko arrizkua dago. Gero izerdia hasitakoan eginez gero (otsaila amaiera edo martxoa) izerdiak berak galeraziko die sartzea eta zauria ixteko orbaina sortuko du.
Orain egindako zaurietan ustez orbaina sortzen laguntzen duen ukendua edo pintura emateko ohitura zabaltzen ari da. Ustez zauria babesten du, baina gerora kalte besterik ez du egiten. Hezetasuna bera eta egurraren artean sartuko da, gaitzak erakarriz eta egurra ustelduz. Era berean landareak duen orbaina sortzeko berezko joera eragotziko du. Produktu horiek mesede baino kalte gehiago egiten dute. Nahi izatera salda bordelesarekin ur pixka bat nahastuta ore trinko bat egin eta horrekin margotu zauria. Izerdi berria etorri artean bi edo hirutan eman. |
19 | Kaixo Jakoba! Ulertu izan dizut baratzeko lurra hostoz estaltzea egokia dela eta horretan nabil. Baina udaberrirako karea ere eman nahiko nuke. Orden egokia orain hostoak eta ondoren karea litzateke? Hala balitz, karea zenbat denborara edo noiz bota beharko nioke? Bestetik, ximaurrik ekarri ezin dudanez, ditudan sagarrondo, limoiondo eta kaki arbolaren enborren inguruan hostoak jartzea egokia al da? Eskerrik asko! | Hostoa usteltzen hasi berria da eta nik uste hobe zenukeela lur gainean karea jarri eta orbelarekin estali. Karea orain hasiko da ongarritze, lurra harrotze eta abarreko lanetan, eta hostoak denborarekin usteldu ahala ongarri izango dira eta lurrera sartu.
Fruta arbolen inguruan orbela jartzea ere ona da. Ez pilatu enborraren aldera, inguru guztian zabaldu lur gainean. Eta hobe enborraren kontra ez jartzea, tarte bat utzi hostorik gabe enborraren inguruan. |
20 | Noiz dira neguko tenporak? Eta nola irakurri behar dira? Zeri erreparatu: tenperatura, hezetasuna, eguzki, euri, laino, gorabehera... Gomendiorik? | Neguko tenporak abenduko hirugarren astean izaten dira. Tenporazale tradizionalek diote tenporak hiru egunetan izaten direla: asteazkena, ostirala eta larunbata. Bakoitza datorren urte sasoiko hilabete bati dagokiona, batzuk diote egunen hurrenkera berean (asteazkena urtarrila, ostirala otsaila eta larunbata martxoa) baina beste batzuk alderantzizko hurrenkera ematen diote, hau da: asteazkena martxoa, ostirala otsaila eta larunbata urtarrila. Pello Zabala handiak zioen hiru egun horiei ezik astebete osoari begiratu behar zitzaiola, asteazken horretatik hasi eta hurrengo asteazkenera arte, biak barne. Zabala jaunak asko idatzi zuen eta tartean baita tenporei buruz ere. Berak zioen batez ere gorabeherei erreparatu behar zitzaiola eta nagusiki haizeari. Haizea nondik halako giroa, eta haize aldaketek dakartzate gorabeherak; hego haizea lehor eta bero, edo neguan hotz, mendebala euria, ekia hotza, iparra hotza eta euria... Nik Pello Zabalari jarraituko nioke. Gomendio nagusia: irakurri Pello Zabalaren liburuak eta idatziak. |
21 | Egun on Jakoba,
Hilabete tipula aldatu nuela eta kafea tartean zabaltzea bururatu zait. Zer diozu, kaltegarria izan litezke?
Zure erantzunaren zai, ezker mila eta ongi izan. | Kafe hondarra hondakin oso azidoa da, beraz lurrari emandakoan hura azidotu egingo du. Tipulak, ordea, lur azidoa ez du batere maite. Horra ekuazioa. Kafe hondar horiek onena luar pilan nahastea. Edo lur azidoa maite duten landareen azpietan erabiltzea: hortentsia, kamelia, txilarra eta abar. |
22 | Egun on Jakoba,
I-"Azufaifo" landarea noiz landatu aholkatzen duzu?
Zure erantzunaren zai, ezker mila eta ongi izan.
| “Azufaifo” horrek (Ziziphus jujuba) izen batzuk baditu euskaraz: azufaifea, gereziantza, belkaranki eta jujubaondo behintzat bai. Hostoa galtzen duenez, landaketa neguan egitea komeni da. Izotzik izan den edo izan daitekeen egunean ez landatu. Egokiena ilbeheran eta sustrai egunean egitea litzateke. |
23 | Atsaldeon jakoba!! Izaldio ( Idiazabaldik ) idazten diat.Piñudie bota berrie diau ta kantauriar basoa berreskuratu nahi nike , ta ze barietate aldauko nizkike? aldan barietate gehiena nahi nike jarri ta berez etortzekkenakiñ nasiz,hariztie- re badiau ta txori - keiza haundike bai ...Urmael guneak dizkiat baitaere ta igelendako eta buztiñakiñ egiñiko balerak prestatzen ibili neok ...ta aldapa pixkate badiau ta igadura arriskue matarrasan eragiñez hire aolkua nahi nikek. Baitare gustauko zitean analitikan bat lurrai ettea garai bateko hazik agertzen diñ eo ikusteko ,baiño etzekiat zeiñ dedikatzen dekenartaa..,buano gauza asko xamar dittuk baiño ia poliki polikiasten neoken berreskuratze.( Industriarako ez dek erabiliko iada gure sailahu. azkenean etxekoekgestioa utzi baizidatek..buanoeskerrikaskota esangoiak | Kantauriar basoak zuhaitz eta zuhaixka ugari hartzen dik bere baitan: artea, pagoa, haltza, hurritza, lizarra, elorri zuria eta beltza, ezkia, astigarrak, gaztainondoa, lertxuna, urkia, otsolizarra, hostazuria, maspila, zurzuria, hagina, gereziondoa, zumarra, gurbitza, ametza, sagar eta udare makatzak, sahatsak eta zumeak, sasiakazia, artelatza, erkametza, xarma eta abar.
Matarrasa, lurren analitikak eta kontu horietarako basogintzan biribelarri eri dituken teknikariren batzuekin eman-hartuan sartzea gomendatzen diat. Nik TANTAI basojabeen elkartearekin hitz efgitea gomendatzen diat. |
24 | Mailuki landareak osatu eta berritzeko garai egokian gara oraindik? | Bai. Berez lan horretarako sasoi egokia azaroa dela esan ohi da, baina Eguraldiak eta lurraren giroak ametitzen badu otsailera arte ere egin daiteke. |
25 | Arratsaldeon, Errekondo jauna. Ez dizut ezer galdetu nahi, bitxikeria bat jakinarazi baizik. Tira, bitxikeria nire ustez, baina ez dakit oso normala ez ote den. Kontua da hozkailuan is ahaztuta neuzkala gaztaina batzuk, plastikozko poltsa ia itxi batean, eta bustita. Bada, gaur jateko asmoz haien bila joan eta haietako hiru ernatuak dira. Hozkailuako hotz handian eta ilunean!! Harritu egin gara. Lorontzi banatara aldatuko ditugu, noski! Ez al da bitxia? Jabi Ibañez | Polita da istorioa. Baina era berean erakuslea. Hotzean, baina ez jeletan eta ilunpetan ernetu da, neguaren amaieran lurpean balego bezala. Jarri bai loreontzian eta hurrengo urteko negurako pentsatu non landatu nahi dituzuen. Zorionak. |
26 | Egunon Jakoba.
Zugaitzak neguko otzetik babesteko simaur berria erabiltzeko aholkatzen dezu, eta kare kapa bat erantziko benieke kaltegarria izan litezke?
Eskerrik asko, baratzeko zenbait kezkari erantzuteagatik.
Ongi izan. | Hotzarekin sufritu dezaketen zuhaitzak edo edozein landare ederki babestuko du simaur berriak, onena behorrarena, beroena baita. Hartzitzen ari den artean beroa askatzen du eta sustraiak babesteaz gain landarearen inguruko airea epelduko du, hotzari aurre eginez. Karearena beste upeleko sagardoa da. Simaurra eta karea batera ematea ez da egokia. Onena orain simaurra jarri eta gero, otsaila aldera karea ematea litzateke. Aurretik edo ondoren, baina beti gutxienez ilargi baten aldearekin eman biak. |
27 | Egunon, Mirian Arrizabalaga naiz eta oraingoan Jakobari galdera bat zuzentzeko idazten dizut. Baserrian bizi izan naiz beti eta lehen aberentzat paotxa erein eta blitzen zela esan izan didate eta haziak bilatzen dituenik ere etorri izan da galdezka. Uzta mailakatua edo esaten duten bezela uzta bat baino gehiago egin ahal zitzaizkion landarea, hortik “paotxa” hitzaren erabilera (nere ustez). Baina ez daukat argi ze landara den, gazteleraz trigo sarraceno esaten zaiona zela susmatu nuen baina euskeraz arto beltza esaten zaio orduan beste bat izango da? Argitu ahalko zenuke zein den eta oraindik mantentzen den? Eskerrik asko | Kaixo Marian.
Paotxa edo Pagotxa (baita ere baboxa, faruxa, ferru, baux, babos, fagotx eta abar ere esaten zaio) hirusten familiakoa da: Trifolium generokoa eta espeziea Trifolium incarnatum. Incarnatum bere lorearen kolore gorri biziagatik.
Urteko landarea da, moztu eta ez da berritzen; alpapa adibidez bai moztu eta berritu, 3-4 urtera arte. Esaera zaharrak dio Agorrilean, abuztuan, arbiarekin batera ereiten dela. Hala ere orain irailaren amaiera edota urrian ereiten da. Bakarrik edo nahasian. Ongarri berdetarako Llolloberlar ingelesarekin (Lolium perenne)nahasita ereiten zen lehen; orain gehiago oloarekin nahastuta. Azidoantzeko lurra atsegin du pH5-6,5 artekoa. Loreak irekitzen hastean mozten da eta beti esan izan da segan ikasteko belarrik onena dela. proteina iturri oso ona da. Bertatik ezagutu ez baduzu merezi du sailtxo bat ereitea, loraldia ikuskizun paregabea da. Pagotxeta esaten zaio pagotxa sailari.
Hazia eskuratzeko Usurbilgo Kooperatiban granelean saltzen da. Ereintza dosia 25-40 kg/Ha da.
Ondo izan, eta besterik behar izanez gero idatzi lasai.
Jakoba |
28 | Kaixo Jagoba: Gaurko irratsaioan, galtzear dagoen, otso belarraren hasiak eskuragarri dituzula ulertu dugu. Horrela bada, eskertuko nizuke nola eskuratu ditzakedan esango bazenit. Baserriko nire lehengusinak senda belarrez osatutako ukenduak pasatzen dizkigu zerbait dugunean eta ziur ondo etorriko litzaioklea. Zure erantzunaren zain geratzen naiz. Agurrak | Otso-belarraz ez otsalizarraz aritu gara. Otso-belarra edo baso-anemona edo baso-eguerdililia Anemona nemorosa da, belar iraunkor bat. Otsalizarra aldiz, Sorbus aucuparia, zuhaitza da. Entzule batek eskaini ditu genero bereko Sorbus latifolia zuhaitzaren haziak. Hazi horiek gogoko badituzu idatzi mesedez Landaberri saiora zuzenean: landaberri@eitb.eus. |
29 | noiz moztu behar da kañabera | Pardatarako edo makiletarako kanabera neguan mozten da, urtarrilean edota otsailean. Batzuek ilbeheran diote eta beste batzuek ilgoran. Onena zeuk proba egitea, eta esango diguzu… |
30 | Kaixo egunon naturzaleok!goierri aldean limoiondoa aldatu genuen 2022ko azaroan.dozena bat limoi jaso genituen eta aurten adarrak asko hazi zaizkio ,gure galdera da Ia komeniko litzatekeen kimaketa egitea forma emateko eta Noiz izango litzatekeen hori egiteko garai aproposa .Pasa den urtean plastikozko txapela jarri genion eta aurten ere jartzekotan gaude,agian bihar,zer iruditzen? Milesker zuen lanagatik!! | Inola ere ez. Ez du kimaketarik behar. Oraindik oso txikia izango da, gero izango denaren aldean. Kimatzen hasten bazara, fruitu gutxiago emango du, eta indarrak beti haztera bideratuko ditu. Pentsatu etorkizunean tamaina ertaineko fruta arbola izango dela… Adarren batek enbarazu egiten badu hura moztu eta kitto. Gainontzekoak hazi eta fruta emateko bere horretan utzi. Babes txapela bai, jarri eta enborra oihal leun batekin bendatu, adarretaraino. |
31 | Atsaldeon Jakoba! Fruta arbolak erosteko hemen inguruko tokiren baten berri ba al duzu?. Besteak beste, sagardotarako sagarrondoak topatzen nabil baina Euskal Herriko leku askotan fruta arbolak saltzeari utzi diote. Eskerrik asko! Nora | Hurbil dudalako ezagutzen dut Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren kooperatiban saltzen direla. Ea horrekin moldatzen zaren. Gainontzean idatzi berriz. |
32 | Egunon!! Etumeta basarritik idazten diat. Belardin uztau eta asuna ikaragarri erten tzitek eta galdera dek karie noiz bota, ardi puriña bota aurretik edo gero?? Hil goran edo hil beran?? Eskerrikasko aldez aurretik | Uztaua eta asuna purinak indartzen dizkik. Ahal izanez gero purinik ez bota, edo dosia jaitsi. Purina orain ematea onena eta karea urtarrilean edo otsailean. Uda partean beste karealdi bat eman zitekek. Belardia karetzeko ohitura baduzue 100 gr/m2 eta aspaldi karerik usaindu ere ez badik egin 200 gr/m2. Hiru bat urte horrela eta hortik atzera 75-100 gr/m2. |
33 | Egun on Jakoba,
Babarruna bildu dut eta nola jaso jakiteko idazten dizut. Izoztea komeni dela dut entzuna, izan ditzakeen intsektu edo gaitzei begira. Nola egin nezake izozte hau?
Eskerrik asko aldez aurretik, eta azaro on!
Maria
| Izozteak babarrunean izan daitezkeen gaitz eta izurriteen arrasto ia denak garbituko ditu. Arazo nagusia gurgurioa da. Aleak jan egiten ditu eta zulatu. Gurgurioa bera, edo bere arrautza edo harra egon daiteke babarrunetan. Izozteko ontzi hermetiko batean jarri eta izozkailuan eduki bi-hiru egunez. Ateratakoan ontzia ez ireki, bestela berriz kutsatu daiteke. Erabiltzerakoan behar den babarruna atera eta gainontzekoa bertan eduki, itxita. |
34 | Egunon. Limoi arbola bat daukat gaztea baina limoiz bete betea eta eder ederra dagoena baina… euli txuriz betea. Zer egin?
Milesker.
| Euli txuria giro lehorrekin harrotzen da. Orain etorri zaigun freskura eta batez ere eurite honekin berak egingo du atzera.
Euli txuriarekin batera kotxinila egotea batere ez harritu. Orduan hasi xaboi potasikoa dantzatzen eta horri Neem olio aedo estraktoa nahasten badiozu hobe. Hiru tratamendu 8-10 eguneko tartearekin. Udaberrian ere miatu eta bietakoren bat azaltzen bada tratatu.
|
35 | Gabon.Gure baratzan buztin asko daukagu.Askotan esaten duzu ibaiko ondarra ona dala.Etxean daukagu arrobiko ondarra,galdera da,ona da baratzan botatzeko eta zenbat? Mila esker | Harrobi horretako harriaren arabera erabaki beharko da. Adibidez, kare harria bada kaltzio emana kontutan izan beharko da, gaindosirik sortu gabe, gainontzean bestelako janariak lurrean kateatuta blokeatuta geratu daitezke. Hondarrik onena silize hondarra da. Arabako Laminoria harrobiko silize hondarra sonatua da Europa osoan. Lurra harrotu eta emankortasuna hobetzeko 5-10 kg/m2 hondar erantsi. Nahi baduzu bi emanalditan. Eta hurrengo urtean erreparatu; gehiago behar badu eman berriz ere. Ez daukazu lurpera sartzen ibili beharrik. Onena lurgainean utzi eta euriak sartzea da. |
36 | Kaixo, Tolosatik idazten dizut. Jardinean, melokotoi eta limoiondoa ditut eta noiz moztu behar diren jakin nahiko nuke. Bestalde, 5 urteko limoiondoak oraindik ez du fruiturik ematen eta ea normala den jakin nahiko nuke. Mila esker, eta ondo izan. | Ez melokotoia ez limoiondoa ez da komeni moztea. Melokotoia, fruta hezurduna ematen duten arbola guztiak bezala oso ahulak dira toki hezeetan. Zauriak eginez gero zura usteldu egingo da, tartean erretxin tankerako jariakin bat askatuz. Limoiondoa ere ez moztea hobe. 5 urte eta fruiturik ez ematea normala da, oraindik gaztea da. Inausten baduzu arazo hori areagotu egingo da, bera hazi eta zeuk moztu eta umetu. Horrela ez du fruiturik emango. Utzi hazten eta berak erabakiko du noiz eman. Arbola horiek soilik enbarazu egiten duen adar bat badute moztu behar dira; eta moztu aurretik beste nolabait konpondu badaiteke hobe, adarra okertu edo makurtu eta lotuz, adibidez. |
37 | Atsaldeon;
Kalabaza gordetzeko, noiz bildu behar da.
Mila esker, aldez aurretik. | Ilbeheran eta fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta ondoren freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Hurrengo ilbehera azaroaren 2 arratsaldean hasi eta 16 egun osoa arte izango da. Fruitu egunak berriz 8 eta 16. |
38 | Atsaldeon;
Baba haundia, ilarra eta baratxuria eraiteko egunik onenak zein dira.
Mila esker, aldez aurretik. | Ilarra eta baba ilgoran erein behar dira, eta fruitu egunean: azaroaren 17 eta 18 goiza, baita 25 eta 26; abenduan 14, 22, 23 eta 27.
Baratxuria aldiz ilbeheran eta sustrai egunean: azaroaren 9, 10, 11 eta 12; eta abenduan 6, 7 eta 9. |
39 | Noiz da alertzea mozteko garaia?, etxeko bigak jartzeko. | Etxearen zurajea osatzeko, zur gogorra eta iraunkorra komeni da. Horretarako neguan, izerdi gutxiena duenean eta ilbeheran botatzean komeni da. Ilbeheraren barruan onena sustrai eguna. Azaroaren 30 eta abenduaren 13 artean izango da ilbehera, sustrai egunak abenduaren 6, 7 eta 9 izango dira. Urtarrilean eta otsailean ere bota ahal izango da. Datan geroxeago argitaratuko den 2024ko Ilargiaren Egutegian ezagutuko ditugu. |
40 | Kaixo Jakoba, zein bide gomendatuko zenidake fruta arbolen zaintzan aurreratzeko? Kurso, liburu edota taldetan egiten diren jardueretan batzea pentsatzen ari naiz, gomendiorik? Eskerrik asko aldez aurretik! | Euskal Herrian ikastaro jakinak topatuko dituzu: gaztainaren etorkizuna, kiwia, inausketa, sagardo sagarrondoen zaintza, txerkaketa… Horietarako bidea aurkitzeko jo Fraisoro eskola, Fruitel elkartea, Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba, Nafarroako nekazaritza zerbitzura eta Arakilgo Udala eta Arrea elkartea. Gereziondoaren jakintzaz janzteko jo Itsasu aldera, ekoizle elkarte bat badute han antolatua. Oso ikastaro interesgarriak antolatzen ditu baita Asturiasko SERIDA zerbitzu publikoak; gure klimaren antzekoa dute han. Ahuakateondoari buruzko jakintza hedatzen ari da han bezala hemen; hemen jardunaldiren bat antolatu du Fraisoroko eskolak. . |
41 | Brokoliak hazten ari direnean belztu egiten dira.Zergatik da hori? | Alternaria generoko onddo ugarik erasotzen dute brokolia; baita burutzen den gainontzeko aza jendea (erromaneskua, azalorea…) eta gurutzedunen familia bereko belarrak ere. Berez familia hori hotza zalea da, baina landatu eta aurtengoa bezala, udazkenean hoztu beharrean epeletik eta berotik jotzen badu eta hezetasuna baldin badago erasoa segurua da. 18º eta 30º artean erasotzen dute, batez ere 20º eta 27º artean eta hezetasuna handia denean. Horrelako giroa datorrela badakizunean aurrez tratatu fungizida batekin: salda bordelesa eta asun ura; xaboi potasikoa ere gehitu, tratamenduak ondo ondo estali dezan landare guztia. |
42 | Noiz batu behar ditugu kiwiak? | Kiwia gure lurretan ez da landarean bertan heltzen edo umatzen. Han utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzeko edo gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.
Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahal den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jarri. |
43 | Kaixo Jakoba,
Sagar urtea izanik asko usteldu egin zaigu eta jakin nahi nuke kompostarako erabili dezakegun.
Zure erantzunaren zahi gelditzen naiz. | Inolako arazorik gabe. Sagar asko bada, eta luar pila desorekatuko badu, ondo nahastu lehendik daukazun luarrarekin. Usteltze errazekoa da sagarra, eta lehendik hasia badago gehiago. Horrek luar pila berotu egingo du eta udaberrian erabiltzeko moduan izango da. Haziak ere bertan izango direnez landaretxo asko sortzeko “arriskua” dago.
|
44 | Noiz da 2023an kalabaza jasotzeko sasoirik onena? | Kuiak jaso eta irautea bada helburua ilbeheran eta sustrai egunean jasotzea komeni da. Aurten hurrengo ilbehera azaroaren 2aren 12:00etatik 16ra arte izango da. Sustrai egunak 9 arratsaldea, 10 egun osoa, 11 arratsaldea eta 12 goiza izango dira. |
45 | Kaixo
Jakin nahiko nuke ea noiz moztu behar den alkazia arbola piketek egiteko.
Eskerrikasko | Beti neguan eta ilbeheran. Abendutik otsailaren amaiera arteko ilbeheran, alegia. |
46 | Arratsalde on Jakoba
Duela hilabete batzuk aguakate bat landatu nuen.
Normal normal hazten joan da. Lehenengo uretan eduki dut, sustraia atera zedin, lorontzira lekualdatu dudanera arte.
Ondo zihoan, astiro, hosto berde berdeekin. Azken astean horrelako orban marroi batzuk agertzen joan zaizkio hosto batzuetan, hasieran puntutxo batzuk zirenak hedatzean doaz dexente azkar hostoak guztiz sikatu arte.
Interneten irakurri dudanaren arabera hainbat aukera daude honakoa azaltzeko, ur gabezi edo gehiegizko ura, tenperatura edo gehiegizko eguzkitzapena, lurraren konposizioa...
Ideiarik? Gehiegizko eta ur gabezia ez nuke esango denik... baina batek daki, lehenengo aldia denez honakoa egiten dudana agian oraindik ez dut neurria behar bezala hartu. Sikatzen dauden hostoak kenduko nituzke?
Eskerrik asko!
Zaindu | Nire ustez lehorte handi bat igaro du, egun gutxi batzuk bero handiarekin nahikoa dira horrelako erredurak sortzeko hosto berri gurietan. Bestetik eguzkiak zuzenean eman eta erreta ere izan daiteke. Lasai hartu, hosto berriak ederki asko datozela ikusten da. |
47 | kaixo
intxaur arbola asko ditugu baserrian, baina aurten intxaur guztiak beltzak daude.
entzun dut euli baten kaka edo dela .
zer erremedio dago horren kontra?
aldez aurretik eskerrik asko
Ainhoa | Intxaurrondoaren eulia da horren erruduna. Udara osoan ibiltzen da, uztailean hasi eta uzta arte. Euliak intxaur ale txikien azal lodian edo zokotenean arrautzak jartzen ditu eta haietatik harrak sortzen dira. Har horiek kanpoko azal guri hori jaten dute. Horiek sortutako zulobide edo galeriak zauriak dira eta gaitzak erasotzen ditu. Horregatik belzten da. Uzta jasotzerakoan zokotena askatu ezinik gelditzen da eta maiz barruak harrak ikusten direlarik.
Rhagoletis completa izena du euliak eta tratamendua ez da samurra:
Uztailerako zebo-tranpak jarri, hori kolorekoak eta intsektizida dutenak, Intxaurrondoen hegoaldetik jarri eta uzta arte mantendu.
Arbola tratatzeko moduko tresneria izanez gero intsektizidarekin tratatu. Beti xaboi potasikoarekin nahastuta, eta onenaa Spinosad izeneko produktua da, ekologikoan erabiltzen da, alde txar bat du, garestia da.
Negua lurrean igarotzen du, azalpean sartuta epelean. Intxaurronbdoen azpiko lurra harrotuz azalera aterako ditugu eta hotzarekin hil. 10 cm imguruko sakoneran landu behar da azaroa eta apirila artean. |
48 | Kaixo.
Zuhaixka hau hazten hazten ari da oso azkar eskolako lorategian, uste dut "Aliantus" bat dela, argazkiak bidaltzen dizkizuet. Interneten begiratu dut eta espezie inbaditzaile bat dela uste dut, fama txarra dauka. Hala bada, zer egingo dut? Moztu?
Eskerrikasko. | Ailantoa da bai (Ailanthus altissima). Inbaditzaile izena ez dut batere gogoko, nork eta guk esaten dugunean… Hala ere jakin ingurua kolonizatzeko joera baduela. Eta zuhaitz oso handia egiten da, 25 metrotik gorakoa. Ez da luze bizitzen, baina ipurdiko altsumak eta sustraietako aldakaitzak medio ederki ugaltzen da. Zeuk ikusi zein tokitan dagoenaren arabera erabaki kendu edo ez. |
49 | Kaixo lagunok,
aurten landatutako limoiondo eta limaondoko hosto xamurrenetan honako orbanak atea dira. zerk eraginda? sendabiderik ba al dago?
milesker eta ondo izan. | Argazkietan ikusten dena hostoaren barrena jaten duen har bat da. Hostoaren gaineko eta azpiko azalak errespetatuz barruko mamia jaten du galeria kiribil horiek eginez. Ondorioz hostoa hazten den eran ezin du berezko formari eutsi eta kizkurtu bezala egiten da. Ez da izurrite larria. Orain tratatzea alferrik xamar da. Hurrengo urtean udaberritik atzera hosto berriak miatu eta horrelako galeria ikusi orduko barruan hantxe arituko da harra, behatzen artean zanpatu eta kitto. |
50 | Kaixo, Jakoba! Ausartu naiz galdera hau egitera: fumigatzen ari zaizkigu? Egunero ikusten ditugun hegazkin horiek, uzten duten arrastoa ... Susmoa aspalditik dator eta honek izugarrizko kaltea eragingo duenez ingurugiroan... Jakin nahiko nuke zure iritzia eta zer egin dezakegun... Milesker!!! *Badakit zentsura dagoela gai batzuen inguruan. Ulertuko nuke ez erantzutea. | Gai horren inguruan ez dakit ezer. Maiz entzuten da fumigazioaren gai hori. Noizpait zer produktu erabiltzen omen duten ere entzun izan dut. Esaten dizut, baina: nik ez dakit. Eta ez dakit nondik eskuratu dezakegun horri buruzko informazio zehatza eta fidagarria. Ea hau irakurtzen duen norbait animatzen den…
|
51 | Kaixo, Jakoba! Gaurko Teleberrin hitz egin dute intxaurrondoaren inguruan. Gaitz, plaga, gaixotasun, bakteria, har, izurri beltz... nahastu dira eta nahastu da entzulea. Kontuak kontu, intxaurrondoak ihartzearena ez da kontu berria, eta arrazoiak ezin zehaztu. Zure esperientzian eta jakitean, halakorik baldin badakizu, zergatik ihartu dira? Eskerrik asko eta ondo izan! | Intxaurrondoak hezetasunak akabatzen ditu. Mediterraneo aldetik ekarri zuten intxaurrondoa erromatarrek eta bere berezko tokietan, lur eta ingurune lehorretan ondo egokitzen da, baina hezetasun handia dagoen tokietan ez da gustura bizi, toki askotan juxtu juxtu.
Ura izan dezake aldamenean, baina lur harritsu eta urak erraz alde egiten duen tokian. Kazetariak gaitzarekin nahasketa hori transmititzea ez naiz batere harritzen… Gaur egun Intxaurrondoak arazo bikoitza du. Batetik eulia (Rhagoletis completa), horrek fruituaren zokotenaren azalean arrautza jartzen du eta hortik sortzen den harrak zokoten guri gozoa erasotu eta jango du; honek zauriak sortzen ditu eta hezetasunaren laguntzarekin zauri horietatik gaitzak erraz asko sartuko dira.
Gaitz ugari du geurean intxaurrondoak, hezetasunaren bultzadarekin, baina nagusiak bakteriosia eta antraknosia dira. Beltzuneak hosto, fruitu, lore, kimu berri eta abarretan eta hostajea behar baino lehenago erortzea dakarte.
Intxaurrondoak badu beste gaitz beldurgarri bat: tinta. Lurreko onddo bat da sustraietako zaurietatik sartzen da. Horrek sustraiak usteltzea dakar eta gehienetan arbolaren ipurdian lika beltza azaltzen da. Sustrai ahulak ditu intxaurrondoak eta batez ere buztin lurretan gertatzen den busti eta handitu eta lehortu eta uzkurtu lurraren mugimenduekin sortzen dira hilgarriak izan daitezkeen zauri horiek.
Ederki esaten duzun eran intxaurrondoak hiltzea ez da berria geurean eta gero ere izango da. Batez ere zauriak sortzeko lanak egiten jarraituz gero, inausketak batez ere. |
52 | Kaixo Jakoba: Bi gairen inguruan hona hemen nire galderak. Batetik, gaurko "Bizi Baratzea" Telegrameko kontuan ikusi dut "Fruitu arbolak babestu" argitalpena. Horren harira fruitu-arbolen enborra, ipurditik gora, kareztatzearen zergatia zein da? Baduzu horren inguruko idatzirik? Hotz-berotik babestea, beldar edota bestelako izurri izan daitekeenaren igotzea galaraztea, ohitura kontuak... Bestetik, gaurko Teleberrin hitz egin dute intxaurrondoaren inguruan. Gaitz, plaga, gaixotasun, bakteria, har, izurri beltz... nahastu dira eta nahastu da entzulea. Kontuak kontu, intxaurrondoak ihartzearena ez da kontu berria, eta arrazoiak ezin zehaztu. Zure esperientzian eta jakitean, halakorik baldin badakizu, zergatik ihartu dira? Eskerrik asko eta ondo izan! | Kareztatzea ohitura zaharra da eta lurrak kareztatzea bezala ia erabat ahaztua izan da. Bere helburuak asko dira.
Azalaren pH aldatzea, azidotasun handiegirik izan ez dezan, goroldioak eta likenak babesten eta sustatzen dituen azidotasun hori.
Azalaren zulo eta zirrikituetan negua igarotzen ari diren gaitzen esporak eta izurriteen arrautz, har, krisalida eta intsektuak akabatzea.
Gero euriarekin pixkanaka urtu egingo da eta lurrera joan, han ere bere lanak egingo ditu: pH igo janari gehienen mugimendua erraztuz, lurra harrotu, ongarri organikoak desegitea sustatu, lurra kaltzioz hornitu eta ongarritu… Hau dena, noski, kare falta duten lur buztintsuetan da batez ere nabarmen beharrezkoa.
Orokorrean udaberriari garbiago ekiteko laguntza bat dela esan daiteke; baita lurra emankortzeko laguntza ere. Kare bizia uretan urtuz egiten da karesnea, edo latsun-ura, kisu-gesala, gisu-ura... Esnea, errautsa, buztin hautsa edota behi-kaka gehitu daiteke. Pintura bezalako esne lodia egin eta isipu edo zurdaki batekin ematen da. Karea arriskutsua da, beraz kontuz. Karesnea egiteko babestu, arropa itxia jantzi eta eskuak eta begiak behintzat babestu. Metalezko edo zurezko ontzian hiru parte uri parte bat kare bizia erantsi. Beti era honetara egin, ez alderantziz (kareari ura sekula ez). Irakiten hasiko da eta ontzia estali. Ordu pare batez utzi. Nahi izanez gero ur gehiago emanez urtu.
Euririk izango ez den egunetan ezarri, ondo itsatsi dadin. Arbolean fruitu ustelik bada kendu, hor ere gaitzak negua igarotzen du. Nahi izanez gero aurretik zepilo zakar batekin garbitu. Behetik gora zirrikitu guztiak ondo igurtziz margotu, enborra eta adar nagusiak. Azala zakarra bada, bigarren margoaldia ere egin.
2018ko ILARGIA ETA LANDAREAK, LANDAREAK LANTZEN AGENDAN Abenduan egiteko lan bezala argitaratu nuen. |
53 | Kaixo, Jakoba: Tomatea negutegian hazten dugu: erdi batean tomatea eta piperrak landatzen ditugu eta beste erdian indiarrak. Eta hurrengo urtean alderantziz. Emaitzak onak dira, hala ere, jakin nahi nuke indiarren ordez zein beste landare jar daitekeen txandakatzen jarraitzeko. Mila esker zure lanagatik. | Txandakatzea indiarra bezalako lekadun batekin egitea oso egokia da. Hobetzeko gauza bakarra kaltzio/kare pixka bat ematea litzateke. Indiarraren ordez tomatea kendutakoan udazkenean beste lekadun bat, ilarra edota baba, erein daiteke negua-udaberria osatzeko eta ondoren, uda-udazkena osatzeko, hostoa ematen duen zerbait: uraza, eskarola, zerba, ziazerba… Baita uztailean jarri eta negura arte jateko porrua ere. Hostoetarako horietakoren batera edo porrura joz gero ongarri gehixeago beharko du lurrak. |
54 | Lehenik eta behin, eskerrik asko aurreko galdera aerantzutegatik Jakoba! Hona hemen beste bat. Sagardoa egiten gabiltza eta zukua ateratako sagar hondarrak onuragarriak dira zeozertarako? txerriak segituan aspertzen baitira eta aprobetxatu arren. Eskerrik asko berriz ere! | Gure txerria eta behiak ez dira aspertzen! Patsa ontzi itxietan edo gainontzean ondo-ondo zanpatuta jaso behar da, bestela hartzitu egingo da eta bizituta alferrik galdu. Agian horregatik ez du jan nahi… Bestela Ongarriaren pilara gehitu, ederki luartuko da luarrarekin edo simaurrarekin nahastean. |
55 | Kaixo jakoba! Aurreko baten konturatu nintzen intxaurrondoetako batek, ipurdi inguruen kriston orban baltza daukola, aurten intxaurrik eztau emun eta hostua bestiek baiña lehenau hasi jako galtzen, urte batzuk badauko intxaurrak ta... ea zer ein neiken! | Argazkiren bat gustura hartuko nuke erantzun zehatzagoa eman ahal izateko, baina tira. Nik esango nuke non edo handik adarretan edo enborrean goian duen zuriren batetik gaitza sartu zaiola. Intxaurrondoa oso mizkina da, onddoen gaitzak ezin eraman ditu. Edozein zauri nahikoa da gaitza sartu eta ondoren zauri beretik sartzen den hezetasunak bultzatuta behera-behera egiten du. Azpian azaltzen den arte. Zer egin? Pentsatu enborra barrutik belzten eta iruditzen ariko dela, ustel uneak ere izango ditu, gero eta gehiago. Horrek ez du arbola arriskuan jarriko, baina bizimodua baldintzatu bai: ahulago egongo da, fruitu gutxiago… |
56 | Asuin salda espinaka, azalorea, brokolia, (hain familiako oro), letxuga, porrua, remolatxa...rentzat ona da? Ze kasutan ez da komenigarria? Eskerrik asko! | Asun salda edo mindak onura besterik ez dakartza landare guztientzako. Bi lanetarako erabiltzen da:
1.- Landarea indartzeko lurra ongarritu eta biziberrituz. Lurra ureztatuz egiten da. Hau alea lekatan ematen duten landareentzako (babarruna, leka, ilarra, baba…) ez da ona, nitrogeno gaindosia sortu bai dezake lurrean.
2.- Gaitzei aurrea hartzeko fungizida eta izurriteak apaltzeko intsektizida. Kasu horretan landarea lainoztatu edo ihinztatu behar da. |
57 | Jakin nahi nuke, ongarri berdea onena dela jakinda,baina zer gomendiko zenidake, negurako?.Dagoen belarra eta plastiko edo kartoiarekin tapatu, edo dagoen belarrak utzi eta udaberrian kendu ?Eskerrik asko. | Zeuk diozun eran ongarri berdea ereitea litzateke, seguruenera, onena. Bertako belarra uztea ere ez da aukera txarra. Udaberrian ongarri berdearekin bezala jokatu: moztu eta lurrari nahasi edo gainean utzi edo lurrustela sortzeko pila batean jarri. Plastikoarekin ez nuke estaliko. Kartoiarena aukera polita da nahikoa luar edo simaur ondurik izango baduzu udaberrian. Belarra edo ongarri berdea ebaki duzunean kartoiarekin saila ondo estali eta luarra gainean jarri, nahi izatera moztutako material berdea kartoiaren gainean luarrak azpian hartzen duelarik. Eta baratzea luar horretan egin. Kartoiak azpiko belarra itoko du eta desegiten den eran sustraiak azpira lotuko dira. |
58 | Egun on. Urteroko galderarekin natxatorrek. Mizpirak noiz jaso. Ilgoran jaso behar dizkiagu, ezta? Noiz dituk egunik egokienak? Ta kuiak? Ilbeheran? Eskerrik asko hire denborarengatik eta jarraitu beti bezela. Eskerrik asko | Mizpirak heldutasunera iritsi gabe biltzen dira eta gero purikatzea nahi izaten da, ustel gozo hori hartzea, alegia. Horretarako ilgoran biltzea komeni da eta fruitu egunean. Aurten urriaren 1 eta 2 izango dira eta hurrengo ilgoran urriaren 21, 22 goiza, 29 eta 31. Kuiak, aldiz ez da komeni heltzen jarraitzea, ahalik eta denbora gehien gogor iraun dezaten, horretarako ilbeheran bildu behar dira eta sustrai egunean; ilbehera 6tik 20ra izango da eta egun onenak 12 arratsaldea eta 13 egun osoa, 15 goiza ere bai. |
59 | Aurten kalabaza batzuk, laranja kolorekoak poti marron deiturikoak, zartatuta dute azala. Zergatik da? Iaz lehorte handiagoa izan genuen eta ez zen horrelakorik gartatu... | Zerorrek esan duzu dena. Lehortea denean hazi ezinik geratzen dira eta azala zailtzen dute eta bere horretan heldu. Aurtengoa bezalako udatan, beroa-euria-beroa-euria egiten duela, beroa eta lehorteko egunetan azala gogortu egiten da eta gero euriarekin hazi egin nahi du eta azal hori zartatu beste aukerarik ez zaio geratzen. Horrelakoetan lehorte gogorreko egunetan ureztatzea komeni da, edo azpiak egitea lastoa, belarra, orbela, luarra edo organikoa den edozer gai lurrestali jarriaz. |
60 | Kaixo Jakoba. Duela gutxi orkidea eder bat eta beste landareren batekin kristalezko lorontzi batean oparitu didate. Kontua da ontziak ez duela ura irteteko zulorik. Zer gomendatzen didazu? Aldatuko dut ontziz, ala ureztatu behar nuke beste moduren batera ura ez dadin behean pilatu? Eskerrik asko! | Ahal duzun azkarren atera landareak kartzela horretatik. Ontzi hori entsaladak prestatzeko jaso eta landare bakoitza loreontzi banatan landatu, bakoitzak bere tokia, argia, ura eta abar premia bereziak izango baititu. Orkidea loreontzi gardenean, eta beti platera baten gainean; platera horretan harri-txintxar batzuk jarri eta ontzia gainean; plater horretan harritxoen tartean beti ura eduki, ingurua, hosto sustrai eta abar heze sentitzeko. |
61 | Lurra lehortzeko karea erabiltzea gomendatzen dozu? 150gr/M2? Lurgainean bota behar da edo lurperatu egon behar da? Eskerrik asko. | Karea ematerakoan neurria zein den jakiteko komeni da lur horren historiala ezagutzea. Urtero karetzen den baratze batentzako neurri arrunta metro kuadroko 75 gr dela esan daiteke. Hortik gora, urte askotan ez badu karerik izan edota lurra oso azidoa badago. Lurra lehortzen du bai, kareak, baina hezetasuna iraunkorra bada beste sistemaren bati ere heldu beharko zenioke. Adibidez, baratzeko taulenak alta, altura emanez gero askoz ere lehorragoa izango da altxatutako zati hori. Harea edo hondarra nahastea ere ez da txarra. Materia organikoa gehitzea da beste era bat: simaurra, luarra, orbela, edo dena delakoa… |
62 | Aupa Jakoba. Aurrekoan intxaurrak batu nituen nire aitonaren baratzetik eta denak oskolaren gainean frutaren mamiz josiak zeuden, guztiz baltziturik. Hori al da aurreko batean landaberrin komentatu zenuen euliaren gaitz hori? Momentuz soluziorik ez duen hori? (Hemen argazki bat) Hala eta guztiz ere, jasotako intxaur hauek lehortzerik badago? Nola? Betiko moduan lehortuta jateko aukerarik edukiko genuke? Ala hobe hasieratik denak jaurtitzea? Eskerrik asko aldez aurretik | Zokotena belzte hori eguraldiagatik izan daiteke edo baita euliaren erasoagatik ere. Euliarena bada beltz horietakoren batean harren bat ikustea ez harritu. Jateko modukoa edo ez, ireki eta ikusi. Jende askok horrelakoa jateko modukoa dela esaten du. Hala baderitzozu betiko moduan lehortu, bai. Zeuk erabaki. |
63 | Kaixo, Jagoba; aurten baratzean baditugu kalabaza ederrak, borobilak eta laranja kolorekoak...baina batzuk azala zartatuta daukate...beroagatik agian? baina iaz beroa handiagoa izan zen eta ez zen horrelakorik gertatu.... Milesker. | Zerorrek esan duzu dena. Lehortea denean hazi ezinik geratzen dira eta azala zailtzen dute eta bere horretan heldu. Aurtengoa bezalako udatan, beroa-euria-beroa-euria egiten duela, beroa eta lehorteko egunetan azala gogortu egiten da eta gero euriarekin hazi egin nahi du eta azal hori zartatu beste aukerarik ez zaio geratzen. Horrelakoetan lehorte gogorreko egunetan ureztatzea komeni da, edo azpiak egitea lastoa, belarra, orbela, luarra edo organikoa den edozer gai lurrestali jarriaz. |
64 | Zelan inausten da mahatsondoa parra egiteko,gereizpea emoteko? | Lehenik parrak izango duen forma definituko duen egitura eraiki behar da. Ondoren mahatsondoa formatu behar. Horretarako udaberrian ematen dituen altsuma edo panpano ugarietatik zuzenena eta egiturari lotzeko egokiena aukeratu eta gainontzekoan moztu. Hortik atzera luzatu eta parra estaltzeko aukeratutakoa ez beste kimu guztiak sortu ahala moztu, urte guztian. Honela indar guztia luzatu nahi den adar horretara bideratuko da. Parraren gainera iritsitakoan han erabaki adar bakar batekin jarraitu edo gehiago utzi. |
65 | Kala eder bat daukat loreontzi batean. Armiarma gorriak jota ibili zen, baina eman dio buelta, eta hostaje oparoa du orain. Ugaltzeko garai ona omen da hau, sustraia banatu eta zatituta, baina horrek ez al dio kalterik egingo? Nola eta noiz egin beharko nuke lan hori? | Kala arrunta orain, irailaren erdian, hostaje berria sortzen ari da. Udako beroenean lehengo hosto guztiak ihartu eta galdu ditu eta orain berdetzen, berritzen ari da. Ugalketarako landare osoa atera loreontzitik eta lurpean dituen erreserbatarako erraboilak azalduko zaizkizu. Horiek dira banatu beharrekoak. Bakoitzak bere sustraiak eta bere hostotarako kimu berria izango ditu. Kontu handiz bereizi eta bakoitza bere aldetik landatu. Ondo ureztatu, eta negua artean beroa bada ugari. Gogoan izan urzalea dela. Beraz uraren aldamenean jartzen baduzu askoz ere handiagoa eta ikusgarriagoa egingo da. |
66 | Apa jakoba. Lehen soroa zan lekun alpapea ein nahi diat eta garai ona zein dan jakin nahiko nikek. Eskerrikasko | Alpapa edo luzerna, argi-belarra, melga, betarokia, uribelar eta abar esaten zaiona udaberrian edo udazkenean ereiten da; beti dago bi sasoien zaleen arteko ika-mika, noiz ereinda gehiago ematen duen... Gauza bat izan behar da kontutan lurraren tenperatura eta izotzen etorrera. Urriaren erdira aldera arte lurra bero dago eta komeni zaio ernetzeko. Gero lehen izotzak etorri aurretik 6 bat hosto zabalduta izatea komeni da. Ahal duzun azkarren ereitea gomendatzen dizut, urria erdira arte. Bestela martxoa erdia aldera. |
67 | Kaxooo. Noiz da garai hobena kanaberak moztutzeko? (Pardak egiteko) | Neguko lana da, urtarrilean eta otsailean egiten da. Batzuek ilbeherako lana dela diote, beste batzuek ilgorakoa. Proba edo saioa egitea proposatzen dizut: urte pare batean ikusi ilbeherakoak edo ilgorakoak zeintzuk hobeto irauten duten, eta gero emaitzen berri denoi eman. Horrela denontzako onura ekarriko du zure lanak. Horixe da gure goiburua: eman eta hartu. |
68 | Egun on. Azenario batzuk horrela atera zaizkit. Zergaitik izan daiteke? Mila esker. | Azenarioak lur harroa behar du sustraia aise loditu eta luzatzeko. Lur buztintsu edo trinkoan hazten bada edo lurra harritsua edo legartsua bada gerta daiteke sardetzea edo adarkatzea. Lurra nola harrotu pentsatu beharko zenuke: altxatako taulena bat egin, harea eta ongarri ondu ugari eman, karea eman… |
69 | Kaixo Jakoba! Badira jada bizpahiru urte etxeko irasagarrondoaren fruitua heldutu aurretik zuhaitzean bertan usteltzen dena. Orain badirudi udareondoetara pasa dela gaitza. Zein gaitz izan daiteke? Konponbiderik ba al du? Eskerrik asko aldez aurretik! | Irasagarrondo eta udareondo barietate batzuk oso berak dira gorrinaren familiako gaitzen aurrean. Erraz erasotzen dute eta bi sintoma antzeman daitezke: hostoetan orban borobil gorri-beltzak hasieran eta gogor jotzen badu hosto guztia harrapatu eta arbola soiltzeraino, bigarrena fruituetan ere antzera, orban borobilak eta usteldurak hastea. Beste usteldura klase bat ere agertu daiteke irasagarrean, usteldura handiak eta ustelduraren azalean lizun tankerako zirkulu zuriak, hori beste gaitz gogor bat da: monilia. Horiek denak tratatzeko tomatearen gorrina tratatzeko erabiltzen den salda bordelesaren nahasketa oso egokia da: salda bordelesa, asun ura eta gatz pixka bat (10 litroko 10 gr.). Hostoak ateratzen hasi orduko tratatzen hasi, eta euria badator aurretik tratatu. Udazkena etorri aurretik hostoak erortzen hasi orduko azken tratamendua eman, hostoak lurrera erori aurretik tratatuta joan daitezen. |
70 |
Menta belarra asko daukagu belazetan, nola desagertu?
| Menda-belarra galtzeko bere aurka pentsatu behar dugu. Herbizidarenak ez du sekula emaitza onik emango, lurpean dituen sustrai lodikoteak ez bait ditu kaltetzen. Eta haiek landareak berritu eta berritu. Gure saio guztiak lurpeko horietako energia ahitzera bideratu behar ditugu. Horregatik moztu beti ilgoran, landareak kemen eta energia gehiago goian duenean, mozketarekin kalte handiagoa egingo baitiogu. Urte sasoia ere garrantzitsua da: izerdi gehien duenean egin, kaltea handitzeko. Nire iritziz maiatzetik hasi eta abuztua bitarteko ilgoretako mozketak dira kaltegarrienak. Era berean, zenbat eta mozketa gehiago eman orduan eta gehiago ahulduko da. Egun motari buruz, aproposenetik hasita: fruitu eguna, lore eguna eta hosto eguna.
Era berean azienda larrean ibiltzeak menta indartu egiten du, bere simaurraren bidez. Ahal izanez gero azienda tarteka atera. Era berean karea emateak asko laguntzen du menda atzeratzen. |
71 | Eskerrik asko hain bizkor erantzuteagatik. Emandako gomendioak ikusita, moztu egingo dut. Batez ere, inguruko sagarrondoak ahalik eta osasuntsuen haz daitezen. Izan ere, lur saila ez da oso handia eta denak ere nahiko gertu geratuko lirateke. Sagar barietate hauek sartu nituen aurreko urtarrilean. Bata urtebete sagarra (uzta iraila urrian) eta bestea san pedro sagarra (uzta ekain uztailean). Nire hasierako intentsioa hurrengo denboraldian barietate bakoitzeko beste bana edota bina sartzea litzateke. Eta gero? Gero zer sartuko zenuke? Eztakit zer sartu... - Bi barietate hauekin nahiko eta beraien 4-5 zuhaitz sartu? - Beste sagar barietateren bat? Zein? - Ala beste zerbait gehiago ere sartuko zenuke?? (okana, laranja, madaria...)? Lursaila Ondarroan dago, itsasertzean ekialderantz zuzenduta. Beraz, beste toki batean pikondo batzuk sartuko ditut, landaberrin entzun nizunaren arabera, kokapen aproposa baita beraientzat. Azkenik, sortu zaidan duda zera da, intxaurrondoa moztu eta gero, geratzen dena (erderazko tocón) eta bere sustraiekin zer egin? Bertan hutsi bertan usteldu daitezen? Hala hobe zulatu eta ahal den guztia ateratzea? Lan hau egiteko sasoi jakin batean egitea gomendagarriagoa? Negua, udaberria...ilgora, ilbehera? Kalekumea naiz eta idea handirik eduki ez arren, intentsio eta gogo handiz hartu dut nire aitona zenaren terrenoa biziberritzeko erronka hau. Orain ere aldez aurretik, eskerrik asko denagatik! | Jan-sagarrak nahi badituzu, lehengo bi horien tankerakoak, nik urtea osatu egingo nuke denak une berean ez izateko, adibidez: pelestrina, urtebi handia eta errezila. Horrela udan hasieratik negura arte sagarra izango duzu.
Intxaurrondoaren motzondoa edo epaitondoari buruz nahi duzuna, kentzeko ikaragarrizko lanak hartuko dituzu. Egitez gero nahi duzunean. Bertan utziz gero berritzeko altsumak ematen baditu maiz maiz kendu. |
72 | Kaixo, Jakoba!! Baratze txiki bat daukat, eta uste dut ongarritze premian dagoela, landareak ez baitita behar bezala hazten, nere ustetan behintzat. Zein ongarri gomendatuko zenidake? Eta edozein momentutan has naiteke ongarritzen? Milesker! | Lurrari bizia ematea da garrantzitsuena. Premia duela uste baduzu, libre dituzun taulena edo tarte guztian ongarri erdi ondu edo onduarekin estali. Ongarririk ez baduzu orbela, belar txikitua, paper birrindua… Eta gero urria-azaroa da benetan ongarritzeko sasoia, orduan bai eman luarra edo simaurra. Lan gehixeago eskatzen du, baina ongarri berdea erein dezakezu, oloa eta txirta adibidez. Neguan hazten utzi eta udaberrian moztu eta lurrarekin berarekin nahasi, axal axalean errotabatorra paseaz edo… |
73 | Egun on, Jakoba Noiz komeni da biltzea patata, luzerako gordetzeko? Mila esker | Jasotzeko baldin bada, patata landarearen zarbak ihartuta egon behar du. Onena ilbeheran ateratzea da, eta sustrai egunean bada hobe. Orain gauden ilbehera honetan abuztuaren 22 eta 29 dira onenak, baina 29a arteko ilbehera guztia ona da. Aukeratu egun bero eta lehor bat, patata atera eta lur gainean bertan utzi ondo lehortzen. Lehortutakoan azalean itsatsita daukan lur apurra ondo kendu eta toki ilun, fresko eta ondo haizeberritzen den batean jarri. |
74 | Kaixo, Noiz komeni da kuia biltzea irauteko? | Ilbeheran eta fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta ondoren freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Oraindik oso goiz da, hemen normalean urriko ilbeheran jasotzen da; oso goiz egindakoak badira agian irailean. Iraileko ilbehera 9tik 23 eguerdiraino izamgo da, eta fruitu egunak 13, 14 eta 23 goiza. Urrian ilbehera 6tik 20ra artean da eta fruitu egunak 10, 11 eta 12 goiza. |
75 | Aupa Jakoba. Aurrekoan ohartu nintzen intxaurrondo batek duen orban honetaz... Zer da? Ze egin dezaket?
Kontsulta egin eta gero, beste duda edota kezka bat sortu zitzaidan. Kontua da, aurtengo sasoian intxaurrondo hau dagoen tokitik laupabost metrotara bi sagarrondo landatu nituela. Landaketa horien emaitza ona dela ikusirik, datorren denboraldian beste hainbat landatzeko asmotan nabil. Nire lehen asmoa, intxaurrondoa inguratuz landatzea zen. Orain ordea, intxaurrondoaren orban (edo gaitz) horren ondorioz moztu beharko banu, landaketa horren formakuntza aldatu dezakedan posibilitatea ikusten dut.
Baina, nire kezka (intxaurrondoa moztuz gero) intxaurrondoa dagoen toki berean sagarrondo bat landatzean, ea lurrazpian gelditutako susterrak kaltegarriak izango diren ala ez diren da. Espezie honek, beste espeziekiko duen "toxikotasunarengatik".
Ea lehenengo intxaurrondoarekin ze irtenbide gomendatzen didazun, eta gero gerokoak...
Aldez aurretik eskerrik asko zure denboragatik eta landaberrin emoten dituzun gomendio eta jakituria guztiagatik
Zure erantzunaren zain geratzen naiz. | Intxaurrondoarena normala dela iruditzenzait. Enborraren oso beheko aldean txardengoa osatzen duten bi adar nagusi utzi dira. Gaztetan horietako bat kentzea izango zen egokiena. Orain biek hazi nahi dute, goruntz eta zabalera eta bata bestearekin joka ari dira. Azalak batek bestearena zauritzen du eta intxaurrondoak hain berea duen jario beltz hori ateratzen da. Bertan uztez gero bi adarretako bat moztea gomendatzen dizut. Bertikalera gehien hurbiltzen dena utzi eta bestea kendu. Zauri handia izango da baina vuelta emango lioke.
Kendu eta sagrrondoa jartzearena ezda erokeria. Zuloa egiterakoan ondo landu lurra eta ongarritu.
Arazo handiagoa izango duzu etorkizunean kentzen ez baduzu: bost metro oso tarte txikia da intxaurrondoarekin, eta hau hazten denean eta gutxi-gehiago sagarrondoak azpian hartzen dituenean hostoetatik askatzen du jario beltz hori eta sagarrondoek Elorrio izango dute. Ez dira inoiz behar bezala biziko. |
76 | Kaixo Jakoba, Tomateek hazten zeudela birusa kiribilkorra harrapatu zuten. Hosto denak kiribildu zitzaizkien eta ez ziren hazten. Aurrera ez zutela egingo jakin arren, utzi egin genituen zeuzkaten tomate garo bakan haiek aprobetxatzeko. Kontua da, azkenaldian, ez daukatela kiribildutako orririk eta hazteaz gain, fruitu berria irten zaiela. Birusa gainditu dutela uste duzu? Beraien ondoan, tomate bakar bat gaixotu gabe egon da denboraldi guztian. Hau da, handi egin da, ez du kiribildutako hostorik izan eta produkzio normala mantendu du. Honen haziak hurrengo urterako gorde ditzaket, ala ez da komeni badaezpada eta hazi berria erostea hobe? | Birusak ezin dira sendatu. Landareak berak aurre egin eta gainditzen baditu gaitzerdi. Birusa landareak berak ekarri dezake. Kanpotik ekarri baduzu landarea posible da batzuek birusa ekartzea eta beste bat horrek ez. Etxean egindako hazitik sortutakoetan berdin. Birusa maiz intsektuek kutsatzen dute. Birusa duen landare bat ziztatu eta gero hurrena ziztatzen dituenetara eraman. Hazia jasotzeko, ez dut arazorik ikusten ondo bizi izan den landare horretako ale batetik hartzeko. |
77 | Klabelin hazi pila bat erein nituen eta izugarrizko landare pila atera ziren, bakandu eta beste lur zati batean eta tiestoetan landatu nituen, eta ia denak zimeltzen ari zaizkit, zergatik izan daiteke eta zein izango litzateke erremedioa? | Nire ustez lurpean zainak jaten dizkion zerbait dabil: harra, luhartza, satagina… Ondo miatu eta ea zer topatzen duzun. Erabat ihartuta dagoen landareetako bati tira gora eta ea zer sustraije azaltzen duen… Bestetik ur falta ere aipatuko nuke. Horren itxura du, baina hori zeuk ederki jakingo duzu, ureztaketa nola zaintzen duzun. |
78 | Kaixo! Lursaila erosi berri dugu eta 30 urte inguruko abandonoaren ostean, metro t'erdiko altuerako sasiz beteta dago dena. Desbrozadora pasatu ostean, zer egingo zenuke lursail hori landu ahal izateko? Alde baten baratzea jarri nahiko genuke eta belar soroa bestean. Eskerrik asko! | Sasia kendutakoan azkar egin behar da egin beharrekoa, bestela berritu egingo da berriz dena bereganatuz. Nire ustez onena lurra axal axalean lantzea da, rotabatorrarekin adibidez. Baina kontuz rotabatorrarekin lurra sakon lantzeko tentaldian ez erori; axalean eta azkar paseaz lahar ipurdiak erraz aterako dituzue eta lurra berdinduta geratuko da. Ongarri askorik ez du beharko batez ere belazeak. Baratzea bai, nahi izatera ongarritu luarrarekin edo simaurrarekin. Oraindik neguko barazki guztiak jartzeko garaiz zabiltzate: porru, aza jende, azenario, ziazerba, zerba, errefau eta abar. Laster tipulak, baratxuriak eta udazkenean baba, ilarra eta abar. Ongarri asko izanez gero beste era batera hasi dezakezue baratzea: lurra kartoiz estali, ondo-ondo busti eta 8-10 cmko luar geruza bat jarri gainean eta hor egin baratzea. Azpiko belarrak ezingo dute hazi, eta konturatzerako kartoia ustelduko da eta barazkiek azpiko lurrari lotuko dira. Maiz-maiz ureztatu behar da. Belazea egiteko gero zer mantenu emango diozuen pentsatu behar da: nola ebakiko duzute, zertarako erabiliko (zanpatzeko, asko zanpatzeko, kirolerako, bistarako…)… Horien araberako belar espezieen nahasketa erein behar da. Horretarako lurra berdindu, hazia banatu, alferra edo rodiloarekin zanpatu eta ureztatu. Uda nolakoa denaren arabera ureztatu. Ongarria neguan eman, beranduenera martxoan. |
79 | Kaixo Jakoba, Badira hilabete batzuk laranja zuhaitzeko hostoak horitzen joan direla. Lore gutxi izan zituen eta fruituak ere txikiak zirela erortzen joan ziren, orain gutxi ditu. Aurreko jabeak ongarri kimiko ugari botatzen ziola esan zigun eta guk azken 5 urte hotan ez diogu ezer bota. Ongarririk beharko ote du? zein ongarri litzake egokiena?
Zuhaitza Errenterian dago, etxe aurreko baratza txiki batean. Bere ondoan bidea, bizilagunekin muga egiteko landarea eta baratza ditu (patata izan dugu bertan). Ez da oso haundia (laranjak eskuz hartzeko modukoa), orain arte beti berde berdea egon da eta laranja ugari eman ditu. Oraingoan, beti bezala ederra zegoen eta loreak ere hasi ziren baina gutxi garatu ziren (asko erori zitzaizkion), fruituak ere piskanaka erortzen joan ziren zuhaitza horitzen zihoan heinean. Berde berde izatetik itxura trixtea ematera pasa da.
Azken aldian hostoren bat kiribilduta ikusi dugu eta beste baten batek gainkaldean "zikin beltz" modukoa du eltxo txuriekin.
Mila esker!!
| Bi gauza ikusten ditut argazki horietan. Batetik inausita dago. Inausketarik ez dute behar garrazkiek. Inausiz gero zauriak egiten dira eta ahultzeaz gain gaitzak sartzeko bidea erraztu. Bestetik esaten duzun eran hosto gainean azaltzen den zikin beltz hori onddo bat da, “negrilla” esaten zaiona. Eltxo zuriak ere izurrite txarra da. Zorria, euli txuria edo kotxinilla baldin badago haien hondakinetan garatzen da negrilla. Proposamena: ongarri organikoa eman, luarra edo simaurra. Urtero udazken-neguan, karretilakada bat inguruan, zabalduta, ez soilik enborraren ondoan. Bestetik gaitza eta izurritea kentzeko tratamendua hasi: bacillus thuringiensis eta xaboi potasikoa, hosto kiribilak eta zikin beltza amaitzen diren arte 8-10 egunetik behin. Eta noski, inausteko guraizea saldu. |
80 | Kaixo Jakoba, zure azken publikazioan kuiei lurra kentzeko diozu, gaitzuik gabe haz daitezen. Baina ez dakit nola egin. Kartoi edo harri batzuk jarrita azpian, adibidez? Ala egur batzuekin egitura bat egiteko edo diozu? Mila esker! | Edozein material erabili dezakezu, baina kartoia, belarra eta horrelakoekin kontuz. Horiek ere urari eusten diote eta usteldu daitezke kuiari ere kalte eginez. Erabili, zurezko paletak, ohol zatiak, kaxak, ontziak… lurra ukitzen ez duela eusteko gai izango den edozer gauza. |
81 | Noiz eta nola jaso daiteke berbena? | Sendabelar guztiak bezala berbena ere loraldiaren hasieran bildu behar da. Orduan du energia gehien zuztarrean eta hostoetan, Gero loreetara, fruituetara eta hazietara bideratuko du. Guri hostoak eta zuztarrak komeni zaizkigu, horiek erabiltzen baitira. Beraz lehen loreak irekitzera doazela edo irekitakoan bildu. Onena ilgora da eta ilgoraren barruan hosto eguna. Zenbaitek landareari tira eta sustrai eta guzti biltzen dute. Onena moztea litzateke, berritzeko aukera izan dezan. Lehortzeko egokiena toki ilun eta lehor batean jarri, zintzilik edo paper baten gainean. Ondo ohartu denean ontzi itxi batean jaso daiteke. Bide horretaz informazio zabala duzu Garbiñe Larrea Iturralderen “Sendabelarren dakitena” liburu mardulean. |
82 | Kaixo Jakoba! Anbotoko mendilerroaren magal bateko larre batean (Larranon) amaren oroigarria den gorostia daukagu duela 24 urte txiki-txikia zela landatuta, eta denbora tarte oso laburrean orri gehienak jausita agertu dira. Ez dakigu zer gertatu den, baina gizakiren bat ibili izanaren arrastoak aurkitu ditugu, gorostia babesten duen sarearen (hesiaren) zatitxo bat ebakita eta adar gutxi batzuk apurtuta. Zalantza pare bat argitu nahiko genituzke eta horretarako orain hilabeteko argazkiak eta oraingoak erantsiko dizkizut: - Orrien erortzea naturala edo gizakiak eragindakoa (pozoiren bat botata edo) izan ote da? - Bizirauteko aukerarik ote du? * Argazki bakarra eransten uzten duela uste dudanez, ondoko loturan guztiak ikusi eta alderatzeko aukera: https://drive.google.com/drive/folders/15P0bItySCHiMY2ElUTRBZaJLSE9G5HOo?usp=sharing Beharbada ez dira galdera errazak, baina ez dakigu norengana jo, eta aldez aurretik eskerrik asko. Endika | Nire ustez itxitura ireki denean animaliaren bat sartu da eta hostoak jan ditu. Nabarmena da garaiera jakin batera iritsi dela eta hortik gorako hostoak ezin izan dituela jan. Edade hori izanik sustraije handia izango du, oso handia eta horrek bermatuko dio egoera horri buelta eman eta birsortzea. Goiko hostoetako adar horiek lehenago luzatuko dira orain, indarberrituta bezala. Soildutako adarrak ez moztu, agian bateren batek kimu biziren bat izango du eta hosto berriak eman. Denborarekin, gutxienez urtebete pasatakoan, hostorik eman ez duten adarrak moztu ditzakezue. |
83 | Kaixo. Atzo zume negartia horitzen ari dela eta kontsulta egin ondoren eta jasotako erantzuna ikusita, enborrean zauri moduko zartadura batzuk dituela ikusi dut, hauts moduko bat pilatuz bertan. Lehorturiko pikuondoak ere baduela ohartu gara. Gaitz bat izan daiteke? Era ba al du erremediorik? Mila esker | Sahatsa negartia, euskaraz ez da sahatsa, zumea baizik; zume negartia beraz. Zumeak oso urzaleak dira. Maiz ikusiko dituzu erreka, ibai, urmael, urtegi eta horrelakoen bazterretan. Eman ura erruz eta ea hobetzen den. Bestetik gaitz edo izurriteren bat ere izan daiteke. Horiek ikusteko ondo-ondo miatu hostopea, adarren punttak eta enbor ipurdia, lurrarekin muga egiten duen azpiko aldea.
Pikondoa lehortu dela-eta, ez zen bada bi zuhaitz horien inguruan lur mugimendu edo antzekorik egingo? Nibelatzea, lur zorua aldatzea edo horrelakoren bat
Argazkiak ikusi ondoren nik uste dut enborra zulatzen ari den izurrite bat duzula. Pikondoa ere zerrautsez zikindua egon bada berdin, hura ere zulatuta janda barrutik. Bilatu enborrean izango dituen zuloak eta bertatik alanbrea sartu, topea aurkitu arte, han ariko da harra egurra jaten, Alanbreari aurrera-atzera eragin harra hil arte, alanbrea atera eta bere arrastoak izan behar ditu muturrean. |
84 | Kaixo Jakoba, Galderatxo bat dugu zuretzako: Tomate landareak gorriña dauka baina buruak (tomateak berak) ez. Balioko luke hazitarako? Eskerrik asko, lan ederra egiten duzu! Ana | Bai, lasai asko jaso dezakezu bere hazia. Landareak gaitzak jota egon daiteke baina tomate alea ederki ekarri heldutasuneraino. Haziak orduan izango dira ernetzeko gai. |
85 | Kaixo Baserri aurreah Sahatsa negartia bat dugu, urte batzuk badituena. Orain, uztail bukaeran hostoak botatzen hasi da eta horitua dago. Gertu, pikuondoa lehortu zaigu. Normala al da hann garaiz lehortzea eta zer egin dezakegu hobetzeko. Estimatua dugu eta ez gendune lehortzea nahi. Mila esker aurrez. Marta | Sahatsa negartia, euskaraz ez da sahatsa, zumea baizik; zume negartia beraz. Zumeak oso urzaleak dira. Maiz ikusiko dituzu erreka, ibai, urmael, urtegi eta horrelakoen bazterretan. Eman ura erruz eta ea hobetzen den. Bestetik gaitz edo izurriteren bat ere izan daiteke. Horiek ikusteko ondo-ondo miatu hostopea, adarren punttak eta enbor ipurdia, lurrarekin muga egiten duen azpiko aldea.
Pikondoa lehortu dela-eta, ez zen bada bi zuhaitz horien inguruan lur mugimendu edo antzekorik egingo? Nibelatzea, lur zorua aldatzea edo horrelakoren bat |
86 | Kaixo Jakoba. Negutegian Aretxabaletako 10 tomate landara eta Jack izeneko 5 landara ditut. Aretxabaletako tomateen hazia datorren urtean ereiteko gorde nahi nuke baina ez Jack landareana . Zalantza: Jack klaseak polinizatu ote dau Aretxabaletakoa? Edo Aretxabaletako klasea mantentzeko arazorik ez nuke izango bere hazia apartatuz gero? Eskerrik asko!!! | Normalena ez nahastea da, tomatea landare autopolinizantea da, bere burua polinizatzen du. Baina polinizazio bidezko nahasketa gertatu daiteke. Aretxabaleta klasea ekarriko duten haziak izango dituzula ziurtatzeko landare horien lore batzuk isolatu behar dituzu: ireki aurretik paperezko poltsatxoekin bildu; gero ireki direnean bere beste lore bat hartu eta igurtzi, bere polena emateko, eta itxi berriro; fruitua hazten ari dela ikusten duzunean poltsa kendu daiteke. Tomate ale horren haziak klase horretakoak izango dira. |
87 | Ez nabil tomateak ureztatzen ezta ongarritzen bakarrik jorratu, ondo egiten nabil? | Tomateak ureztatu gabe badituzu kalitate handiko fruituak jango dituzu. Lagundu nahi badiezu oso noizean behin asun urarekin ureztatu. |
88 | Galtzue jartzea orduko landare guztien inguruan ondo dago ala salbuespenak egin behar? | Gurea bezalako eguraldia dagoen tokietan galtzuak mesede adina kalte egin dezake. Aurtengoa bezalako hezetasun iraunkorrarekin oso txarra da. Bero handiak eta lehoreta denean bai, ona da. Orain ez. |
89 | Kupre sulfatoa tomateetan zuzenean galtzerdi batekin bota dezaket? Zenbatero? | Kobrea sekula ez bota hautsetan. Beti urarekin nahastuta eta berak esaten duen dosia errespetatuz. Kobrea metal astuna da eta landareetan, guk jaten dugun tomatean eta lurrean kutsatzailea izan daiteke. |
90 | Katuen populazioa goraka doan heinean nire ortue be inbadituten hasi dire ta nozepiñean katuen kakak topetan dodaz bertan. Interneten sartu nez ta honin inguruko ideia kontrajarriak topau dodaz. Beraz... katuen kaka ongarri ona da ortureko edo hobe ikusi bezain pronto kendutea? | Zeuk esaten duzun eran denetatik entzun izan dut katu eta txakurren kaken inguruan. Ez dut inoiz topatu gai horren inguruko taxuzko ikerketarik edo saiorik. Katuak kaka egiteko lur gozo eta harroen bila ibiltzen dira, eta zer hobe baratzeetakoa edo loreontzietakoa baino… Inola ere, nik nahiago nuke nire baratzean horrelakorik ez topatzea… |
91 | Tomateak negutegian ditut, baina ale batzuen hostoak aleka zimeltzen doaz, Ikusi ala kendu egiten dizkiete ebakita. Zer da? Ondo egiten al dut? | Nik esango nuke ez dela gorrina edo antzeko gaitzen baten erasoa. Gehiago lotuko nuke negutegiko giroarekin. Badirudi hosto horiek lehortea jasan dutela, daukaten ura eta egiten duen beroaren arteko lana. Ez dakit nola aireberritzen duzun negutegia, baina nik sasoi honetan beti irekita edukiko nuke. Hostoak bertan uztea ere ez da txarra, zeuk erabaki. Kentzen dituzunean zauria sortzen da eta gaitza sartzeko arriskua areagotu. Tratamenduak egiten badituzu moztu, bestela bertan utzi, lasai asko. Itxuera ez da beti garrantzitsuena… |
92 | Patata atera baino zenbat egun lehenago kendu daiteke arba edo landarea? Eskerrikasko | Landarearen zarbaren egoera da gakoa. Zarba ihartu bada, lasai asko kendu eta egun batzuk egon daiteke patata lurpean. Garrantzitsuena zarba kentzerakoan ahalik eta patata gutxien azaleratzea da; kanpoan badago eguzkiak jo eta berdetuko da, txartuz. |
93 | Gure eskolako ezpel seto bat harrak di-da batean akabatu zuelako beste landare bat sartu zuten (Euonymus japonicus Thunb?). Orain ere harren bat lanean dabilela iruditzen zait. Landareak bere kabuz aurrera egiteko aukerarik izango al du ala derrigorrez tratatu beharko litzateke? | Ezpelak badu bai har bat, arerio gogorra. Har horrek, ordea, ebonimusa ez du erasotuko. Argazkian ikusten den hori har batek egina izan daiteke, baina baita bareak edota barraskiloak, edo denek batera… Horrek ez du inola ere, ezpelaren harraren erasoaren tamaina hartuko. Egin dezakezun onena da lagundu: lehen urte pare batean ureztatu udan eta urtero ongarria eman. |
94 | Kaixo Jakoba: Apirilean negutegian jarritako tomate barietate desberdinetako landare batzukloratu ondoren, zurtoin nagusia hustuta dutela ikusi dugu. Ez dakigu gaitza ote den edo lurrean zerbait ote dagoenn. Ez zaigu tomate landare guztietan gertatu, baina bai barietate desbrdinetan. Zer izan daiteke? Mila esker eta ondo izan Argiloa | Nire ustez zurtoinarena ez da arazo bat. Ez gaitz ez izurrite, berezkoa baizik. Deigarriagoa egin zait hosto horituarena. Hori bat gorrinaren hasiera izan daitekeela. Ikusi dut azpiak eginda dituela landareak, lurra zerbaitekin estalia, alegia. Azken aste hauetako euriaren eta hezetasunaren emanarekin kalte egingo dio azpi horrek. Kontuz gaitzarekin. |
95 | Tomate landarak ditut estalita eta oso ondo etorri dira, baina orain, lehen fruituak jasotzen hasi geranian, hostoak lehortzen hasi dira eta goiko aldeko lorak erortzen . Argazkiak bidaltzen dizkizut zer izan daitekeen ote dakizun. Aurtengoa galdutzat joten dot baina ea datorren urterako zerbait esaten didazun. Eskerrik asko. | Uraren eta hezetasunaren erabilera desegokiaren ondorio dela iruditzen zait. Ur falta: bero handiegia izatearen ondorioz (haizeberritze eskasa…), landareak ezin nahikoa ura eraman hostoetara eta loreetara eta biak ihartzea. Ur gehiegi: batzuetan lehor eta hurrengoan ur gehiegi bada lurreko onddoek erasotzea gerta daiteke, Phytophtora adibidez. Zeuk jakingo duzu ondoen falta edo gehiegia den. Onddoarengatik bada ondo ondo garbitu landare arrasto guztiak eta erre. Orokorrean: berotegia beti irekita eduki, eta ureztaketa gutxitan baina oparoa, sakon bustitzeko lurra. |
96 | Gordetzeko urteko patata jasotzeko egunik onenak jakin nahi nituzke, landarea ilartuta daukagu jada, beraz hilabete honetan ateratzea komeni delakoan nago. Eskerrik asko | Patata bildu, jaso eta ahalik eta luzeen ondo irauteko ilbeheran atera behar da, eta ahal bada sustrai egunean. Uztaileko ilbehera 16, 11:00etatik eta 30 artekoa izango da; sustrai egunak 23 eta 24 egun osoak eta 26 eguerdi artea. Ahal baduzu egun horietako batean atera, lur gainean ondo lehortzen utzi, gero lur hondarrak kendu eta toki lehor, ilun eta ondo haizeberritzen den batean jaso. Baldintza horiek garrantzitsuak dira. |
97 | Patataren inguruan lihoa jarrita nahikoa izango al da kakalardo marraduna uxatzeko?.
Eskerrik asko aldez aurretik! | Nire ustez ez. Onena alberjinia jartzea da, patataren familiakoa da eta hura nahiago izaten du. Alberjinian bilduta daudenean atera eta erre. |
98 | Aurten irasagarra ederki zetorren, fruitu dexenterekin eta azken asteko euriak eta gero hostoei gaitza sartu zaie, orban marroi ilunak... gorriña al da? Nola lagundu diezaioket? | Gorrinak dira. Irasagarrondoak sentsibilitate handia du gaitz horiek dakartzaten onddoekiko eta udaberri hezeetan nonahi eta noiznahi agertzen dira. Gaitzekiko erresintentzia garatua duten barietateak erabiltzea eta kobrea oinarri duten produktuak erabiltzea gomendatzen da. |
99 | Alde batetik, tomateei dagokienean, azken asteko euriak pasata azpiak egin dizkiet duela egun pare bat moztutako belarrarekin (sekatzen hasia). Ez dakit ideia ona den... pentsatzen dut honek hezetasunari helduko diola eta gainera deskonposatzen hasiko da.
Bestetik, gorriña eta zuriñaren prebentzio moduan hurrengo nahasketa egitea pentsatu dut: azeri buztanaren irakiña, propoleoa eta esnea %10ean. Zer iruditzen zaizu? edo bestela, nola hobetuko zenuke?
| Tomateari azpiak egitea Euskal Herri atlantiarrean ez da idea ona. Hezetasuna da tomatearen arerio nagusia eta azpiak horixe dakar hezetasun gehiago. Kendu ahalik eta azkarren. Azpiak toki edo sasoi oso lehorretan erabiltzea gomendatzen da. Aipatzen duzun gaitzen aurkako tratamendu horri nik itsasoko ura (%10) eta xaboi potasiko pittin bat erantsiko nioke. Gaitza indarrean bada baita kobrea eta sufre pittin bat ere. |
100 | Kaixo Jakoba. Lagun baten tomateak horrela daude, eta ez dakigu zerk eragin duen. Ondorioz, ezta nola jarri erremedioa, baldin badago. | Nire ustez txori edo hegaztiren batek jaten ditu; mokokadaren arrastoa ageri dela dirudi. Oiloak, zozoak, mikak, beleak… Beraiek ez inguratzeko zerbait jartzea komeni, onena eta errazena sarea. |
End of preview. Expand
in Dataset Viewer.
Dataset Card for Dataset Name
This dataset contains the questions and answers from the Bizibaratzea Kontsultategia website.
Dataset Details
The dataset is a JSONL file with the following structure:
{
"id": int,
"question": string,
"answer": string
}
Where:
- The id is a unique identifier for each question and answer pair.
- The question is the question asked by the user.
- The answer is the answer given by the Bizibaratzea Kontsultategia team (Jakoba Errekondo).
Dataset Description
- Curated by: Xabier Ezpeleta
- Funded by [optional]: [More Information Needed]
- Shared by [optional]: Xabier Ezpeleta
- Language(s) (NLP): Basque
- License: [More Information Needed]
Dataset Sources [optional]
- Repository: [More Information Needed]
- Paper [optional]: [More Information Needed]
- Demo [optional]: [More Information Needed]
Uses
Direct Use
[More Information Needed]
Out-of-Scope Use
[More Information Needed]
Dataset Structure
[More Information Needed]
Dataset Creation
Curation Rationale
[More Information Needed]
Source Data
Data Collection and Processing
[More Information Needed]
Who are the source data producers?
[More Information Needed]
Annotations [optional]
Annotation process
[More Information Needed]
Who are the annotators?
[More Information Needed]
Personal and Sensitive Information
[More Information Needed]
Bias, Risks, and Limitations
[More Information Needed]
Recommendations
Users should be made aware of the risks, biases and limitations of the dataset. More information needed for further recommendations.
Citation [optional]
BibTeX:
[More Information Needed]
APA:
[More Information Needed]
Glossary [optional]
[More Information Needed]
More Information [optional]
[More Information Needed]
Dataset Card Authors [optional]
[More Information Needed]
Dataset Card Contact
[More Information Needed]
- Downloads last month
- 36