id
int64
1
702
question
stringlengths
0
1.68k
answer
stringlengths
47
2.04k
101
Kaixo. Lursaik malkartsu bat dugu Bidanian garbitu berri duguna (400m2] eta sasiak berriro har ez dezan zuhaitz edo zuhaixkak landatu nahi genituzke. Malkarra izateaz gain 60zmtara arkaitza du azpikaldean beraz zuhaitz handiak ezin dira izan. Zer landatu dezakegu??? Eskerrikasko
Pagoa ez da aukera txarra. Sakonera horretako lurrean ederki etorri daiteke. Gainontzean artea, gurbitza edota gartxua ere bai. Lur beroa, hego magala eta lur harrokoa bada baita ametza ere.
102
Kaixo. Lur zati malkartsu bat dugu bidanian eta sasiak har ez dezan garbitu eta zerbait lanfatu nahi genuke. Malkarra eta arkaitztsua da, 60zmtara arkaitza du azpikaldean beraz zuhaitz handiak ezin dira izan. Zer landatu dezakegu??? Eskerrikasko
Pagoa ez da aukera txarra. Sakonera horretako lurrean ederki etorri daiteke. Gainontzean artea, gurbitza edota gartxua ere bai. Lur beroa, hego magala eta lur harrokoa bada baita ametza ere.
103
Negutegian tomate landarak dauzkagu. Horko tomate haziak balio du datorren urtean landatzeko? Edo kanpoko ortuko tomateen hazia bakarrik balio du?
Negutegikoak kanpokoak bezalaxe balio du, berdin berdin. Tomate alea sortu bada loretik ernaldu dela esan nahi du eta haziak sortu. Hazi horiek ondo heltzea komeni da. Hazitarako jaso nahi dituzun aleak ondo heltzen utzi eta gero kanpokoen bide berdinetik haziak jaso.
104
Zer iruditzen zaizu piparrak eta tomatiak landatzia, zulotxoan berakatz zati txikiekin? Lagun baten trikimailua da baiña ez naiz fidatzen. Ez al dio kalte egongo berakatz txikituak piper eta tomate sustraieri?
Inoiz ez dut entzun horrelakorik. Ea zer emaitza izaten duen. Asuna bai, asuna zuloan jartzen da gero usteldu ahala landareari gorrinari aurre egiten laguntzen diolako. Baratxuri ura gaitzari aurre egiteko landarea bustitzeko erabiltzen da. Buru bat txikitu eta litro bete uretan infusioa eginda; edo txikitu eta uretan 10 egunez eduki ondoren. Nire ustez sustraiei ez die kalterik egingo; agian jaleren bat uxatzeko mesedea bai. Gustura jakingo nuke zure lagun horren saioaren emaitzaren berri.
105
Kaixo Jagoba. Negutegian dauzkagun tomate batzuk azpitik belzten hasi zaizkigu. Hosto batzuk ere horitzen hasi dira. Gorrina edo zein gaitz dela iruditzen zaizu? Nola trata dezakegu? Orain arte osin urarekin ureztatu besterik ez ditugu egin. Eskerrik asko.
Ipurdi beltza esaten zaio gaitz horri. Gaitza baino gabezia bat adierazten du. Kaltzioa falta zaio landareari. Bi arrazoi izan daitezke: lurrean kaltzioa falta da eta beraz ongarriketan kontutan izan behar da emateko(karea, dolomita, errautsa…). Beste arrazoia uraren gorabeherak izan daitezke; lurrean kaltzioa badago baina tarte batzuetan ur eskasiagatik landareak ezin du behar adina hartu. Nire ustez ur falda tude; oasin ura oso ona da, baina negutegian ur asko behar du… Ureztatu gutxitan, baina oso sakon, ur asko emanez.
106
Gabon Jakin nahi nuke saltsa bordelesa eta kuprea fruitua dagoenean bota al leiken. Milesker aldez aurretik
Bai bota daiteke. Gauza bakar bat izan behar duzu kontutan, salda bordelesa edo kobredun beste produkturen baten ontziaren etiketak garbi adieraziko dizu zein den segurtasun epea, hau da tratamendua egin eta bustitako landarearen edozein atal jan aretan errespetatu behar dena. 10 eguneko epea jartzen badu ezin duzu jan hamar egun igaro arte.
107
Kaixo Jakoba! Aurreko asteko eguraldiak eta bota zituen kazkabarrak gure tomate landareak jipoitu ditu (negutegirik ez dugu). Ondorioz, ditugun landare guztiei mildiu delako onddoak eraso die zurtoinean, hostoetan eta ale batzuetan. Hainbeste landare eta gehienak etxean hazitik ateratzen ditugunak dira, mimo guztiekin. Orain ordea, zer egin dezakegu? Nola gelditu onddoa? Nola lagundu landareei? Mantxa marroiak dituzten hosto eta landareak kentzea komeni da? Sekulako pena... Eskerrik asko!
Toki askotan dagoenerako atzera bueltarik egoeran daude tomate sailak. Goiz antzera jarri eta udaberri amaiera petral honek harrapatu. Nik uste dut egokiena litzatekeela tratamendu gogor bati ekitea: salda bordelesa, asun ura, sufre ttantta bat eta itsasoko ura. Adibidez 15 litroko motxilakada prestatzeko 3-5 litro asun ura, litro bat itsasoko ura, sufre goilarakada txiki bat eta salda berak jartzen duen proportzioan. Salda bordelesa erabili beharrean kobrea beste forma batzuetan ere erabili daiteke, glukonatoa, adibidez; Glucosei eta beste izen batzuekin topatuko duzu. Hala ere landare batzuk oso jota eta gaitzak erabat harrapatuta baditu kentzea litzateke onena, besteak salbatze aldera… Hurrengorako gogoan izan tomateari txapela gustatzen zaio, makil puntatik makil puntara zabaldutako plastiko gardena, goia bakarrik estaltzen duena. Horrelako eguraldi kaskarretatik babesten du (txingor, euri jasa, udako ihintza handiak…) eta batere maite ez duen hezetasun handiena kentzen dio.
108
Zergaitik dekoz hainbeste lore siku? Ur larregi?
Nire iritziz ur falta da hori. Tarteren batean izango zen egun bero bat eta ur falta edo ur gutxi. Hori ez gertatzeko loreontzi askoz ere handiago bat jarri edo ureztaketa zorrotz zaindu, egunero eman, alegia.
109
Azken eurite hauen ondoren tomate aleak lehertuta bezala dauzkat. Zergatik? Ur gehiegi agian? Eskerrikasko
Ur gorabeherak eragiten du azala lehertzea. Ur gutxi, ur asko, aldaketa horrek fruitua handitzea dakar eta azalak nahikoa ematen ez badu lehertu egiten da. Lurpean patatari ere antzeko zerbait gertatzen zaio.
110
Egun on Jakoba, Ikastolako jolastokian arbola bat erori zaigu bart. Duela pare bat urte konponketa batzuk egin genituen eta sustraiak ukitu zizkioten nonbait, ziplo erori baita. Beste bat landatu behar dugu. Zein gomendatzen diguzu? Ikastola, Ondarroan dago eta Artibai erreka daukagu aldamenean. Nik neuk buruan ezkia daukat (egunen baten ezki loreak dituenean irakasleen artean banatzeko. Kar, kar, kar...) Esango diguzu... Eskerrik asko, Esti.
Galdera oso zaila da. Baldintza guztiak ezagutu behar dira. Zer lur eremu du? Zer espazio izango hazteko? Zer nahi duzue: itzala, hosto iraunkorra, hosto erorkorra, koloreak aldatzen dituena, fruitua ematen duena? Zein garaierakoa behar du? Ezkia nahi duzula? Ba jarri horixe, baina ezkiak izugarrizko bueloa egiten du eta inausteko eskasa da, zur biguina duelako, moztuko baduzue ezta pentsatu ere, haurrentzako arriskua kentzeko. …
111
Kaixo jakoba, zalantza bat daukat, zure ilargiaren egutegia daukat eta zuk zeuk ere larunbatean landaberrin esan zenuen ekainak 19an sartzen garela ilberan....baina orain justu ilargia betetzen hasiko da, nik uste nuen ilgora eta ilbera zirela ilargia betetzen eta iluntzen den garaia baina badirudi ez dela horrela, azaltzerik bai hori mesedez? Azken 3ilargi gorakadan moztu dut asuna, ilargia betetzen ari zenean, ilgoran egin beharreko lanak bait dira baina itxuraz agian alderantziz nenbilen Eskerrikasko
Ilbehera eta Ilgora zikloa ilargiaren orbitak eratzen du. Egunetik egunera orbita hori gorago edo beherago gertatzen denaren arabera. Beste ziklo bat da ilargi betea eta ilargi berriaren artekoa; betetik berrira tartean txikitzen ikusten duguna eta ilargi berritik betera handitzen ikusten duguna. Handitzeari ilberri esaten zaio eta txikitzeari ilzahar. Ziklo horiek Ilargiaren Egutegian bertan, azken orrialdean azaltzen dira. Zabalago dator Ilargia eta Landareak agendan; urtero argitaratzen dugu eta bi zikloen berri ematen da.
112
Zerben hostoetan zuloak ateratzen hasi dira. Zergatik? Nola tratatu?
Zerbetan azaltzen den gaitz hori Cercospora da. Onddo batek eragiten du eta giro epel eta hezea denean agertzen da. Nahi baduzu tomatearen gorrinaren aurkako tratamendu bera egin: salda bordelesa eta asun ura. Gainontzean landareak berak gainditzen du, giroak laguntzen badu…
113
Kaixo.      Iñaki naiz, eskola bateko atezaina. Iaz hasi nintzen lan berri honetan eta beste lan batzuen artean bertako lorategiaz arduratzen naiz. Aurreko kurtsoan ikusi nuen nola behin eta berriz mozten zuten bertako belar eta landareak, Harriduraz eta pena haundiz ikusten nuen ekintza hau, zeren niri ez zitzaidan iruditzen lorategiak horren beharrik zuenik. Bertan loratu berri ziren landareak zeuden. Ordutik aurrera arreta gehiago jarri dut gure herriko lorategietan eta konturatu naiz berdin egiten dutela bazter guztietan. Aurten ez da udaberririk egon gure herriko lorategietan, behin eta berriz mutilatu bait dute.      Aurtengo kurtsoan gure eskolako lorategiko belar edo landarerik ez moztea eskatu nuen, eta bertan hazi dira landare ugari eta haien lore pilo bat. Haien artean erabat mutilatuta zeuden larroxak (iaz ez nituen ikusi ere egin). Xomorro eta txori gehiago inguratzen dira gure eskolara. Azken finean natura itzultzen ari da.       Ez daukat lorezaintzan inongo ikasketarik baina naturazalea naiz, eta hainbat ekintza egin izan ditut nire kabuz (natura imitatu nahian). Adibidez udazkeneko zuhaitzen hostoak biltzerakoan zakarretara bota beharrean, zuhaitzen inguruan pilatu ditut. Horren ondorioz bertan lehen lur soila zegoen lekuan, landareria sortzen hasi da. Baita perretxikoren bat ere.      Ez dakit ondo ari naizen, ez dakit lorategiko belarra momenturen baten moztu behar dudan. Gidalibururen bat edo kurtsoren bat egin nahiko nuke. Gomendioren bat mesedez.       Mila esker eta geroarte.
Kaixo Iñaki Hasteko zorionak sen eta ekimen horiengatik. Hemen duzu erantzuna: Ez dut ezagutzen zuk duzun jakinmin hori asetuko duen ikastarotik gure inguruan. Agian garrantzitsuena zure senak esaten dizun horri jarraitzea da. Gaika topatuko duzu han eta hemen informazioa, baita www.bizibaratzea.eus webgunean ere. Orbelarekin zer egin, polinizatzaileak gehiago erakartzeko zein landare jarri, saila aberasteko sortzen duzuten hondakin organikoekin (hosto, jantokikoak eta abar) luarra nola egin, intsektuentzako hotela eraiki, eta abar. Ingurumen eskolek ere izaten duten eskaintza jakin zehatza: Uliakoak, Azpeitikoak, Noaingoak, Cristina-enea Fundazioa… Eta badakizu, zalantzaren bat duzunean guri idatzi eta galdetu. Gure leloa hauxe da: dena dakienik ez da, baina denon artean dena dakigu.
114
Kaixo. Lau intxaurrondo eder ditugu, baina azkenengo 3 urteetan hostoak eta fruituak belztu egiten dira. Uzta ederrak izan arren. Honddoren bat omen da eta erremediorik ez dagoela. Auzokoak bereak bota egin ditu, eta geureekin ere berdin egiteko gomendatu. Erabaki zuzena da? Zer egin bestela?, pena haundia ematen digu hain arbola ederrak botatziak.
Intxaurrondoarena izurrite bat da: Rhagoletis completa izena duen eulia. Kasualitatea, BIZI BARATZEAREN Telegrameko kanalean gaur hitz egiten dut horretaz, hauxe diot: Rhagoletis completa eulia buruhauste galantak sortzen ari da gure intxaurrondoetan. Eulia uztailaren hasieratik atzera azaltzen da eta tranpak jartzen dira ba ote dabiltzan ikusteko. Fruituen zokoten edo azal samurrean arrautzak jartzen ditu. Handik sortutako harrak azala zulatu eta barrutik jango du gaitzei atea irekiz eta fruitua zapuztuz. Intxaurpeko lurra landu eta euli pupak azaleratuz hil eta Spinosad izeneko produktuarekin tratatu. Oso izurrite txatxua da euli hori. Uztailean erasotzen du gogor eta fruituaren inguruko zokoten mamitsua jaten duen harra ekarriko duen arrautza jartzen du. Harrak zauritutako fruituan gaitza sartzen da eta erabat zapuztu. Horregatik alea zokotenari itsatsita geratzen da, zikina, belztuta eta barruko mamia osatu gabe. Pentsatzen da urte batzuen ondoren apalduko dela erasoa, baina uste hutsa da. Nik, hala ere oraingoz ez nituzke intxaurrondoak botako. Itxaron ea datozen urteetan zer atarramendu datorkien…
115
Atsaldeon Jakoba. Iratzea belagitik kentzeko noiz moztu behar da? Noiz da datarik onena?
Egokiena ilgoran moztea da eta lore edo fruitu egunean bada hobe. Aurten ekaineko ilgora 6tik 18ra arte da. Lore eta fruitu egunak hauek: 14, 15 eta 18 arratsaldea. Uztaileko ilgora ere ez da txarra. Ilgora 3tik 16ra izango da eta lore eta egun egokiak 3, 4, 5 goiza, 6 arratsaldea, 7, 11, 12 eta 16 goiza.
116
Egunon Jakoba !!!! Noiz aldatu behar dira ahuakate landareak ? Hiru landare dauzkat txertatuta bere tiestoan . Eskerrikasko . 💪💪💪
Oraintxe ez da garai txarra. Landatzerakoa kontutan izan: txertoa bistan utzi, lur azaletik gora geratu behar du. Uda partean maiz antzera ureztatu, eta ureztaketa sakonak eman, sustraiak luza daitezen. Bi lehenengo neguetan izotzetik babestu: simaur berria jarri azpian, enborra bendatu, eta txapela jarri.
117
Arratsalde on, Aspaldiko partez ortua lantzen dudala eta urtero duda bera sortzen zaidala Ortu osoan zehar ateratzen den hirusta kentzea komeni da? Ortu batzuetan uzten dituztela ikusi dut, beste batzuetan, aldiz, guztiz garbi egoten dira Konprobatu dudan gauza bakarra zera da, hirusta kendu barik utzi dudanean lurrak hezetasuna hobeto gordetzen duela, honek eguzkitik babesten duelako. Aldiz, ez dakit honek landareei indarra edo elikagaiak kentzen dioten... Zer egin beharko nuke? Eta kentzekotan, ba al dago banan-banan kentzea ez den beste modurik? Agian beste landare batzuk erabiliz, likidoren bat sortu eta lurrean botaz? Eskerrik asko. Barrabasa (Oxalis acetosella) hori da berez gehien daukaguna, naiz eta bestekoa ere zerbait badagoen, baina apenas. Aurreko urtean uda hain beroa izan zen ezen ez zen ezta hirusta hazi, baina aurten badirudi dexente aterako dela, edo behintzat dexente ateratzen dabil. Ortua Algortan daukagu, lursail eguzkitsua da eta lurra batez ere buztintsua dela esango nuke. Aurten froga bat egingo nuen karea botatzen idien ongarriaz gain, urtero botatzen dudana, baina azkenean "yeso agrónomo" deritzona bota diogu, batez ere tomateentzako. Ez dakit horrek gehiago ateratzen lagundu duen... Eskerrik asko!
Hasteko Barrabas-belarra ez da hirusta. Hirustak Trifolium generokoak dira eta barrabasa ondo diozun eran Oxalis acetosella da. Barrabasa ahaztu. Gutxi, ale bakan batzuk baldin badituzu merezi du lurpean duen tipulatxo eta guzti atera eta akabatzen saiatzea, gainontzean hasi baino lehenago galdutako guda da. Nik ez ikusiarena egiten dut eta bertan utzi. Aukera bakarra landareen azpian lurgaina estaliz zerbait jartzea da: lastoa, belarra, orbela, kartoia… Ez ateratzeko. Hezetasuna mantentzen duela egia da, eta uda beroetan mesedegarria da. Beraz zeuk aukeratu.
118
Egun on. Limoiondo bat daukagu etxean, eta bere hostoak marroxka jartzen hasi dira toki batzutan. Ez dakit zein izan daitekeen arazoa, eta irtenbide bat eman nahi nioke posible balitz. Lagunduko al zenidake?
Nire ustez uraren estresa da. Uneren batean ur falta larria izan du (egun bat, bi egun…) eta hosto puntak erre egin dira eguzki gogorrarekin. Zaindu ureztaketa, eta loreontziari itzala emanez gero hobe. Bestetik somatzen den landarearen tamainarentzako loreontzi txikia ikusten da. Loreontzi askoz ere handiagoa jarri, honela sustraiak ez dira berotuko, ur gehiago izango du lurrean eta hobeto babestuko da bero zakarreko egunetan.
119
Egunon Jakoba! Ander nai Eibarkua. Juen zan astian patata barrixa lurretik etara neban, eskuz lurra kendu, otarrian sartu ta ganbarara iyoz. Ta oiñ konturatzen hasitxa nao mordo bat baltzunaz usteltzen darela. Zer dala ta gertatzen jakue hori? Eskarrikasko Jakoba!
Oin beltza esaten zaio gaitz horri. Bakterio batek sortzen du, Pectobacterium generokoren batek. Hazitarako erabilitako patatak ekartzen du edo soroan bertan egon daiteke aurreko urtetik. Aterata dituzula usteldura arrastoa ikusi ahala kendu eta erre, edo bazter batean pilatu, plastikoz estali eta erabat deskonposatzen utzi. Ez erabili nolanahiko tuberkulurik hazitarako. Aurtengo horietatik bat bera ere ez eta zertifikatutakoak soilik erabili. 3 urte gutxienez utzi aurten egindako sorora patatarekin itzultzeko. Kontuz patata lantzean, jorratzerakoa, biltzerakoan eta abar aleak ez zauritzeko. Kontuz hezetasunarekin; lur hezea, biltegi hezea, ondo garbitu edo ondo lehortu gabeko patatarik ez jaso. Jasotzeko tokian aireztapena nahitaezkoa da. Oin beltza esaten zaio gaitzari patata landarearen oina kaltetzen duelako; soroan bertan kendu eta erre, osasuntsuak ez kaltetzeko. Kaltetutako landareak eta patatak bazter batean pilatu eta estali ondo deskonposatu arte.
120
Haritz bat daukat, eta ez ditu hosto berdeak, ia horiak, argazkia erantsita. Zer egin dezaket?
Argazkiak ikusita, nik uste dut lurraren gorabeheraren bat izan behar duela. Enborraren kontra ongarri pila dago eta buelta guztian ikusten da ongarriaren arrastoa. Horrek lurraren janarien artean desorekaren bat ekar dezake eta janari batzuek gehiegi eta beste batzuek blokeatu eta haritzak horiek hartu ezinik egotea. Hasteko ongarria kendu hortik eta kare dosi eder bat banatu haritzaren lur sailtxo horretan, 250 gr metro kuadroko. Hurrengo neguan errepikatu eta hiru-lau urtez horrela segi, ongarririk eman gabe. Ea buelta ematen dion… Bestetik kontuz desbrozadorarekin. Ipurdi aldeko azalean zauriak ikusten dira eta…  
121
Garoa galtzeko noiz moztu behar da?
Maiatza, Ekaina eta uztaileko ilgorak dira egokienak. Beste guztiak ere bai baina horiek onenak.
122
Kaixo! Maiatzaren 28an mandarina zuhaitz bat landatu genuen. Bezperan lurra ongi buelta emanda eta koneju ximaurrarekin nahastuta baratzetxo txiki bat jarri genuen, letxugak, tomateak, piparrak, kalabazina... eta ertz banatan limoiondo bat eta mandarina zuhaitz bat landatu genuen. Mandarina zuhaitza paretatik gertuago eta babesagoan. Gaur gaurkoz, beste guztiak ondo badoaz ere mandarina arbola ez dugu ongi ikusten. hostoak zuriska kolorearekin eta jada zituen fruituak erreta. egunero bota diogu ur pixkat.. Zer izan ote daiteke? nola berindartu?
Mandarinondoa pattal dagoela ikusten da bai. Bi arrazoi etortzen zaizkit. Batetik tokia oso lehorra izatea, etxearen horma azpiak oso lehorrak izaten dira eta aldamenean duen espaloia ere oso bertan. Horrek denak lehortu egiten du azpiko lurra, eta gogoan izan garrazkiak oso urzaleak dira. Limoiondoa kanporago eta agian euriak gehixeago harrapatzen duela askoz ere hobeto dago. Hostoetako zuritasun hori gaitza edo izurrite baten hondarra izan daiteke. Hasteko maiz-maiz ureztatu eta sakon ureztatu ez axalean. Bestetik hostajea garbitzeko xaboi potasikoarekin tratamendua egin, 3-4 alditan 8-10 eguneko tartearekin. Esango didazu zer gertatzen den udan.
123
Kaixo, urte batzuk badira pikondo pare bat moztu genituela ipurditik. Hala ere, urtero aldakaitz berriak ematen dituzte. Hauek kendu arren ez dugu lortzen zuhaitz hauekin akabatzea. Zer egin dezakegu hau lortzeko?? Mila esker.
Aldakaitz berriak ematen baditu, horrek esan nahi du batetik edo bestetik sustrai horiek janaria hartzen dutela, ez lurreko izerdi gordina, hostoetatik bueltan datorren izerdi landua baizik. Hau da, aldakaitz edo altsumak edo dena delako kimuak bizi dira eta berriak emateko sustraiak elikatzen dituzte. Nire ustez aukera bakarra da aldakaitzak sortu ordurako, arra beteko altura hartu baino lehenago, hostotxo  pare bat dituztenean edo moztu, maiz-maiz moztu eta bukatuko da. Ez bukatzearena hortik dator, buelta emateko arnasa hartzeko tartea uzten diezutela. Puja txikiak ikusi ordurako moztu, ilgoran ahal bada, eta urte guztian, noiznahi.
124
Egun on, Jakoba: Maiatzaren lehenengo hamabostaldian landatu genituen piperrak. Ondorengo egunetan hotzak harrapatu zituen, eta harrezkero, kolore horixka dute. Badago ezer egiterik berdetu daitezen? Eskerrik asko.
Zalantzarik gabe eguraldia izango da arrazoi nagusia. Hala ere lasai hartu. Beroak badatoz eta piper berdeegia, luzeegia ez da komeni bestela asko luzatu eta lorea eta fruta geroago hasi. Hobe da indar gutxixeagorekin haztea, zabalagoa behetik. Nik uste dut orain buelta emango diola… argazkirik baduzu bidali eta jarraipena egin dezakegu.
125
Iepa Jagoba, bakizu nun erosi neikian Bacillus thurigensisa? Profesionaleri bakarrik saltzen dotzela esan dozte kooperatiban gaur... Internet bidez erosi bihako baneban, jakingo ziñun esaten zein dan erosi bihotena? Beste metodorenbat ezautzeozu aurre eitxeko tipula ta porru, eta azan tximeleta-arrari aurre eitxeko?
Egia da Produktu fitosanitarioak erabiltzeko karneta dutenei soilik saltzen zaien horietakoa da Bacillus thuringiensisa. Onena karnet hori ateratzea zenuke. Asko ikasten da bertan… Bestela internetetik erosteko aldaera edo barietate batzuk topatuko dituzu: israelensis, kurstaki, aizawai, tenebrionis, japonensis, san diego… Denek antzeko lana egiten dute eta garrantzitsuena da luzatuko den tratamendua bada (ezpelaren harra adibidez) onena aldaera desberdinak erabiltzea da, izurritea ohitu eta egokitu ez dadin. Tipula eta porruaren harrari aurre egiteko oraingoz ezagutzen den era eraginkor bakarra sarea da. Begi oso txikia duen sarea 0’8 mm baino txikiagoa, hostoak ukitzen ez dueneko altueran eta buelta guztian lurreraino ondo itxita. Azarenari sutautsa gainean botata ez omen zaio gustatzen, ezta garoa inguruan, gaiena eta azpian jarrita ere. Mota-belarra, tomatearen altsumak, intsusa hostoak, tabakoa eta xaboi potasikoa nahastuta busti maiz. Xaboia besteetako bakar batekin nahi baduzu. Gari irina eta Sodio bikarbonatoa, biak nahasi eta landareak hautseztatu.
126
Egun on. Etxean luharra egiteko 2 konpostagailu dauzkagu, bata iazkoa eta bestean orain ari gara. Kontua da ikaragarrizko eltxo txiki pila daukagula. Ontzia ireki eta zientoka eltxo txiki ateratzen dira bertatik. Hori normala da?
Eltxoei gustatzen zaie hezetasuna, nitrogenoa duen materiala (berdea) eta ingurune azidoa. Saiatu hondakinak sortu ahala luartokira botatzen. Hondakin gozoak badira, banana edo fruta azalak adibidez, pilan barrura sartu ez utzi azalean. Eta kartoi zatitxoekin nahasi, horrela nitrogeno maila jaitsiko da eta hezetasuna kontrolatu. Errautsa pixka bat nahasteak azidotasuna apalduko du. Pilaren gainean oihal lodi bat (alfonbra puska…) bustita jarri, sarbidea zailtzeko.
127
Egun on Jagoba, 2022ko udazkenean landatu genuen 2 urtetako melokotoneroa. Aurtengo udaberrian, lehenengoa izanik, ez genuen lorardirik ezta fruiturik espero, baina loran jarri zen. Ondoren ez zuen fruiturik izan eta ostroak kolorez eta formaz aldatzen hasi ziren, argazkian ikusten den bezala geratu arte. Interneten begira egon naiz eta monilia edo abolladura deritzona izan leikela suposatzen dot, baina ez naiz ausartzen erabakia hartzera eta okerreko tratamendua ematera. Eskertuko nizuke gomendatzea noiz eta zer egin dezakedan esango bazenit. Aurrez, mila esker. Edurne Orbea.
Gaitza dauka: muxika edo melokotoiaren lepra da gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doanean begiak puzten hasten direnean tratamendu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Loreak bukatzen direnean tratamendua errepikatu, lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.
128
Kaixo Jakoba, albizia bat landatu genuen neguan, eta orain arte ondo hazten joan da. Aste honetan ordea orriak horitzen ari zaizkio, ikutuez gero erortzen direnak. Zergatik ote da? Euri nahiko egin du egunokaz, beraz ur faltarik ez du. Lurra apur bat harritsua da, Zer egin ahal diogu? Gero eta orri hori gehiago ditu eta arduratuta gaude. Mila esker
Argazkian oso ondo ikusten dut zuhaitza. Horitzen zri diren orriak besteen azpian daude, nik uste dut adaburuaren azpiko edota barruko aldekoak direla. Naturala da. Okerragoa ikusten dut zuhaitzari eusteko jarritako zurkaitzari lotzeko sistema. Estu estu dago eta izerdiaren gorabeherakoa zailtzen du. Ahalik eta azkarren askatu eta lasai eutsiko dion erara jarri. Kontuz horrekin
129
Zein da babatxikiak lehortzeko modurik egokiena?
Babarruna bezala lehortzen da. Leka ondo ihartuta dagoenean bildu eta erabat lehortzeko eguzkitan jarri egun pare batez. Gauez bildu eta jaso ihintzak busti ez ditzan. Gero lekan bertan jaso dezakezu eta nahi ahala aletu edo denak batera aletu eta aletan jaso. Gurgurioa izan dezakeenaren susmoa baduzu (aurreko urtetan izan delako, adibidez) aleak ontzi hermetiko batean sartu eta izozkailuan eduki 2-3 egunez. Gero atera eta ontzia beti itxita mantendu.
130
Noiz landatu behar dut babarrona?? Ilargiak ze ikusi badu?? Eskerrik asko.
Pentsatzen dut babarron hazia noiz erein jakin nahiko duzula, ez landatu… Ilgoran erein behar da eta ahal izanez gero fruitu egunean, bestela lore egunean. Orain ilbeheran gaude ekainaren 6 arte. Nahi izatera saio polit bat egin dezakezu: orain ilbeheran fruitu egunean erein batzuk (gaur edo bihar) edo lore egunean (ekainaren 2)eta beste batzuk ilgorako fruitu egunetan (ekainaren 6 goizean edo 14 arratsaldean) edo lore egunetan (ekainaren 9 eta 10). Segurura jotzeko ekainaren 6 goiza eta 14 arratsaldea.
131
Kaixo Jakoba: Etxean, basotik jasotako lizar landare bat dugu ontzi batean. Pixkat handitzea nahi genuen lurrean aldatu aurretik. Eta momentua iritxi dela uste dugu. Baina noiz izango litzateke urrengo data egokiena aldaketa egiteko? Mila esker! Lorea
Lizarrak hostoa galtzen du neguan, eta huraxe da landatzeko sasoi egokiena, abenduaren hasiera eta otsailaren amaiera artekoa. Loreontzian bizi bada aldatzerakoan ez du sustrairik galduko eta orain ere egin dezakezu, baina lehen urtean loreontzian bezalaxe zaintzeko aukera baldin badaukazu, matez ere ugari ureztatzea. Landatu behar duzun tokian ezin baduzu hori egin, hobe hurrengo neguari itxarotea.
132
Kaixo Jakoba, Pentsatzen dut nahiko berandu gabiltzala baratzea lurra landu gabe jartzeko, baina hauxe da suertatu zaigun aukera. Urteetan landu ez den larretxo batean baratza jartzeko ideia daukagu, zeinak bere kasa atera zaion belarra duen. Nola jakin nutriente nahikoa duen landareal jarri ahal izateko?. Gure asmoa belarra moztu, lurra eskuzko erramintekin pixka bat harrotu eta bertan landatzea da. Lur horri zerbait bota beharko genioke? Landatu aurretik edo landatu ondoren?. Eskerrik asko aldez aurretik!!!! :) Egun ona izan :)
Idea berri bat emango dizuet: belarra motz-motz moztu eta gainean kartoia zabaldu, zirrikiturik utzi gabeertzetan lurrari atxikitzeko alanbreak edo antzeko zerbait erabili. Kartoia busti-busti egin eta biguindu eta lurraren contra geratuko da. Kartoiaren gainean ondo ondutako luarra edota simaurra jarri, 8-10 zentimetro lodi. Horren gainean lan egin: erein, landatu… Kartoia piskanaka usteltzen joango da, baina belarrari hazten ez dio utziko, eta gaineko materia organikoan ederki etorriko dira barazkiak. Uda lehorra bada ureztaketa zaindu beharko da, lehen urtean.
133
Zergatik geriza erdibitu egiten da gorritze sasoian
Heldutasunera iristen ari den garaian alearen azala gero eta finagoa da. Tarte horretan ur estresa sortzen bada, hau da ur gutxi izan eta bapatean ur asko, alea azkarregi hazten da eta azala zartatu. Uraren emana kontrolatu behar da eta ur asko izaten den sasoietarako lurra erraz drainatu eta lehortzeko aukerak landu behar dira.
134
Akazia galtzeko noiz moztu
Galtzea nahi bada izerditan dagoenean moztea da onena, kalte gehiena orduan egingo zaio. Era berean, kaltea areagotzeko, ilgoran eta lore edo fruitu egunean moztu. Ekainean egingo nuke nik. Ilgora 6tik 18ra izango da eta lore edo fruitu egunak 6, 9, 10, 14 eta 15.  
135
Kaixo, Aurten plastikoa jarri dut baratzean (eta goteoko instalazioa) lehenengo aldiz. Barraskilo pilo bat izaten dugu, zoritxarrez. Behin albahaka landare bi jarri nituen eta osorik jan zizkidaten. Duela aste pare bat piperrak landatu nituen eta atzo bertara gerturatu nintzenean zulo batzuetan landarerik ez zegoela konturatu nintzen. Euri pilo bat egin duenez, suposatu dut barraskiloek jan dituztela. Orain plastikoa dudanez, ezin diet plastikozko botilarik jarri mini inbernadero/babesleku moduan. Bola urdinak eta arrautza azalak ere bota izan ditut, baina ez dira nahikoa, baratza handi samarra baita. Zer egin dezaket?
Babeslekua jarri duzu bai, barraskiloena. Eta horiek gutxi balira, baita bareena ere. Hor egongo dira gustura asko plastikoaren itzalean eta lurraren hezetasunean. Biek jango zituzten zure piperrak. Ilundutakoan inguratu eta miatzea besterik ez duzu izango gertatzen ari denaz jabetzeko. Ikusitako bareak eta barraskiloak bildu eta hil edo beste bizilekuren batera eraman… Oso zaila izango duzu babestea, baina saiatu landaretxoak kabitzen diren botila estuak topatzen, gero plastikoaren zuloetan sartzeko. Plastikoaren zuloa irakitzeko ebaki bat egin eta gero handitutakoan kendu eta ebakia bildu.
136
Egunon, garoa edo iratzea galtzeko ekaineko zein egunetan moztea den egokiena jakin nahiko nuke?
Egokiena ilgoran moztea da eta lore edo fruitu egunean bada hobe. Aurten ekaineko ilgora 6tik 18ra arte izango da. Lore eta fruitu egunak hauek: 6, 9, 10, 14, 15 eta 18 arratsaldea. Uztaileko ilgora ere ez da txarra. Ilgora 3tik 16ra izango da eta lore eta egun egokiak 3, 4, 5 goiza, 6 arratsaldea, 7, 11, 12 eta 16 goiza.
137
kaixo bi gereziondoak moztu behar genituen etxeko paretaren obra egiterakoan ez dakit horregatik den ala ez, baina gaixo daude, ez dute fruiturik eman aspaldi, batek gainera adar handi bat hilda du. hemen bidaltzen dizkizut argazkiak. Eskertuko nizuke esango bazenidan zer egin sendatzeko mila esker Esther
Zerorrek esan duzu, obra egiterakoan moztutako adar handi horiek utzi dituzten zauriak ezin itxi eta bertatik sartu da barru-barruraino gaitza. Hezurdun fruitua ematen duten arbolak oso sentiberak dira, zauriak kontuz egin behar zaizkie, gainontzean hemengo hezetasunarekin zauritik onddoak sartzen dira. Nire iritziz arbola horiek etorkizun pattala dute. Adar handia iharra duen horrek behintzat… Adar iharrak kendu eta zer buelta ematen dioten ikusi. Gaitzari aurre egiteko gorrinaren aurkako tratamendua erabili: asun ura, salda bordelesa eta xaboi potasikoa. Euri giroa datorren bakoitzean aurrez tratatu.
138
Hiru urte daramat gardenia landara batekin, tiestuz aldatuz ta lur azidoa jarriz, ura be nahikotzu, beti eze. Horri gutxikin dabil, handitzerakoan, bejegitu ta galdu iten dauz, kimu berriak oparo, baina horriak handitzerakoan galdu. Kalean dago arratzaldeko eguzkitan bakarrik. Ze falta dau? Esk asko
Gardenia da nik ezagutzen dudan landare mokofinenetakoa. Euskal Herri hezean ez dut eder eta mardul urtetan bizi den bakar baten berririk. Lur azidoarena ongi, baina ongarriketa nahitaezkoa du. Urarena ere bai, beti euri ur epela, ez kanilako kaltziodun ura; baina garrantzitsuagoa da egun beroetan hezetasuna hostoetan izatea lurrean baino. Zaila da hori lortzea kanpoan bizi delarik, baina egun beroetan eguzkiak jotzen ez duen orduetan hostajea oparo ihinztatu. Arratsaldeko eguzkia da txarrena. Eguneko gogorrena da, egunaren bero guztiaren errematea. Hobe litzateke “ahulagoak” diren eguzki orduak izatea. Beirate baten atzean ageri da argazkian, kontuz horrekin, eguzkiak erraz erre ditzake hostoak. Arratsaldeko eguzkira begira badago, mendebaldera dagoela dio. Hortik beste arazo bat ere baletorke: haizearena. Haize nagusia mendebalekoa da, eta haize-pasan bizitzea ez du atsegin. Neguan 15ºCtik gora egon behar da.
139
Kaixo Jakoba, limoiondo bati kelatoa bota diot burdin falta konpontzeko. Zenbat egunetan egin beharko zen tratamendua? Eskerrik asko
Kelatoa dosi oso txikietan erabili behar da, gainontzean emandakoaren zati handi bat alferrik galtzeko arriskua dago. Urtean zehar 3-5 emanalditan banatzen da. Limoiondoak ia urte osoko ziklo mugitua duela kontutan izanda egin banaketa. Bestetik, lur karetsua ez zaio komeni eta loreontzian bizi bada kanilako ura beharrean euri ura erabili ureztatzeko.
140
Orain ere galdezka gatoz. Zer da hau Jakoba? Eta Zer egin? Prunus persica da. Ez dakit argazkia atxikitzea lortu deten
Lepra da argazkiko muxikaren hostoetan ikusten dena. Taphrina deformans esaten zaion onddo batek eragiten du. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du. Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
141
Kaixo Jakoba, Sagarrondo bateko enborraren beheko partearen azalean halako zuloak edo arrailak atera zaizkio. Badirudi janda dagoela. Ez dakit zer den eta pentsatu dut zuhaitza moztea datorren urtean beste bat landatzeko, nahiz eta loratan egon. Eskerrik asko
Zulo edo arrail, nik esango nuke zauriak direla. Zauriak azala jan dion animaliaren batek edo inguruan lanean aritu den makinaren batek eginak izango dira. Hala ere zauriaren ertzetan orbaina indarrean egiten ari dela ikusten da. Nik uste dut urte pare batean ia erabat itxiko duela. Janaria eman eta gaitzak eta izurriteak zaindu eta etorriko da. Zauriak berriz ez gertatzea komeni…
142
Goizeko eguzkia duen terraza handi samar batean jarri nahi genituzke ale batzuk. Bazkalondoan galtzen du eguzki argia. Aukera dugu igokaria zein bestelakoa jartzeko. Aholkurik? Bestetik, sasoi egokia da? Milesker
Edozein arrosondo mota jarri dezakezu. Zenbat eta handiagoa egiteko barietatea izaan, orduan eta loreontzi handiagoa beharko du. Eta handia esaten dudanean handia da, batzuek 100 litrotik gorakoa beharko dute. Tamaina da aukerarako baldintza bat eta bestea arrosondoak loraldi bakarra izatea, udaberrian, batez ere; eta bestea uda amaiera arte loratzen direnak. Lehenek loraldi bikaina izaten dute, betea eta barietate askok usaintsua. Bigarren motakoek lorea bakanago ematen dute, lore gutxi, baina luzez. Tamaina dela eta igokariak ez direnak lurraren mailan edo goian txertatuak izan daitezke; horrek arrosak zein mailatan izango ditugun aginduko du. Gero kolorearen aukera… Nik denetatik jarriko nuke…
143
Kaixo, maiatzeko ze egun lirateke onenak patata ereiteko? Eskerrik asko,
Patata ez da hazia, erreserbako tuberkulua baizik. Erein egiten duzula iruditzen bazaizu ilgora eta landatu egiten duzula uste baduzu ilbeheran. Beti sustrai egunean. Ilgoran 19, 20 eta 21 izango dira; ilbeheran, aldiz, 29, 30 eta 31.
144
Egunon, Nire etxeko melokotoietan argakian ikusten den onddoa atera zait (Taphrina deformans). Uste dut Kupre oxikloruroarekin tratatu dezakedala. Nola egin beharko nuke? Orain fruituak dauzkat zuahitzaten. Eskerrik asko
Argazkirik ez da iritsi baina melokotoiondoen gaitz hedatuena da urte sasoi honetan. Kuprearekin tratatzen da, bai, bere forma guztietan: oxikloruroa, salda bordelesa… Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du. Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu. Orain alferrik samar da tratatzea.
145
Egunon! Tomate mota desberdinak inguruan jarri ezkero, fruitu ematean jasotako hazia ez da bakoitzaren motakoa izango, ezta?
Hurbil baldin badaude polinizazio gurutzatua gertatzeko aukera handitu egiten da. Tomateak berez badu bere burua polinizatzeko eta gurutzaketa apaltzeko joera; barietate batzuk besteek baino gehiago… Horri autopolinizazioa esaten zaio. Baino hazia nahastutakoa izateko aukera ez da baztertu behar. Gerezi tomateak eta saihets nabarmeneko barietateek, adibidez polinizazio gurutzatua izateko arriskua dute. Barietate nahasgabe edo garbiak jaso nahi izatera aukera seguru bakarra isolamendua da. Landare bat aukeratu edo lore multzo bakanak eta muselina finezko oihalarekin edo begi oso-oso txikiko sarearekin bildu eta itxi, erleak eta polinizatzaileak ez sartzeko moduan. Hor barruan sortu diren fruituek dituzten haziak autopolinizazioaren ondorio direnez barietate garbiari eutsiko diote.    
146
Arratsaldeon Jakoba, argazkian bidaltzen dizudan arrosa handi egin denez ontzitik lurrera birlandatzea egokiena izango dela pentsatzen ari naiz . Inurriz beterik dago ordea. Kaltegarriak izan litezke arrosarentzat, ala ez? Birlandaketarena ilbeheran eta sustrai egunean egin beharreko lana da, hori ikasi dugu 😉, eta horrez gain zeozer kontutan izan beharko neuke? Eta inurriei jaramonik bez, ala zeozelan eraso? Milesker
Inurriengatik ez arduratu. Beraiek moldatuko dira egoera berrira. Landaketa egunak bai horiek dira. Ahalik eta azkarren egin lan hori, izan ere udaberria amaitzen ari da eta negu amaiera.-udaberri hasierako lana da. Orain egin eta uda beroa bada ureztaketa zaindu, lehen urtean behinik.  
147
Sagarrondoari bacilus turingesis, Neem eta jaboi potasikoaz tratatzeko komentatu zenigun maiatzeko azken astean eta ekainaren bi astetan, gero beste pausu bat geratzen zen lira jauzi eta gerorako baina ez dugu gogoratzen eta melokotoiari tratatzeko erremedioa? Orriak tximurtuta daude, eskerrik asko.
Bi gai nahasi direla iruditzen zait. Batetik sagarrondoaren harjoaren izurritearen tratamendua, ondo daude bai produktuak baita denborarena ere. Bestea melokotoiaren leprarena. Horren tratamendua loraldiarekin lotzen da. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du leprak (Traphrina deformans). Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
148
Okondotik idazten dizut. Jakin nahi nuke nola akabatu argazkian bidaltzen dizun landarearekin. Hemen usta esaten diogu.
Uztaoa, lapaitza… izen asko du euskaraz. Sustrai eta guzti ateratzea da onena baina egingarria den aukera bakarra moztu eta moztu egitea besterik ez da. Simaurrarekin edo aziendaren larretzearekin ugaritzen da. Loretzen denean haziak zabaltzen ez utzi. Eta ahal izanez gero udaberri-udan hostajea ipurditik moztu. Kalte handiena ilgoran moztuta egiten zaio. Ilgoraero mozten baduzu, laister desagertuko da. Ilgora onenak, beretzako kaltegarrienak maiatzekoa, ekainekoa eta uztailekoa dira
149
Kaixo! Gurean beti belarra ekain amaieran mozten da, negurako ganbaran gordetzeko. Data hori maiatza hasierara mugitu ezkero zein onura eta desabantaila ikusten dizkiozu?
Ni ez naiz lan horiek data jakin batzuei lotuta egitearen aldekoa. Belarra moztu, ondu eta jasotzeko lanak, adibidez, noizko lanak dira? Nik belarrari berari begiratzen diot. Negurako belar ondu onena izateko. Kalitate goreneko bazka izateko, noiz moztu? Belarraren energia guztia hostoetan dago eta une jakin batean garatu eta lorea ematea erabakitzen du. Energia hostoetan eta lorean egongo da. Lore hori ernaldutakoan hazia bihurtuko da; orduan energiaren zati handi bat hazian pilatuko da. Hazitan dagoenean mozten badugu hazi asko erori eta galduko da ganbararako bidean. Niretzako sasoi onena, beraz lorea irekitzen duenean da. Zeuk ikusi, ondo ikuskatu eta zuen belazeko belar nahasketako belar gehienak loratzen direnean nik orduan moztu eta onduko nuke. Eguraldiak laguntzea beste upeleko sagardoa da…
150
Apirila erdi aldera erein nituen kuia, kuiatxoa eta beste batzuk. Orain ari dira ernatzen. Haunditzen direnerako ez ote al da beranduxamar izango baratzean landatzeko? Martxoan erein nituen txikoria eta beste batzuk ez dira ernatu :(
Ez, ez. Lasai hartu landaketa sasoia hasia da, baina ekainaren amaiera arte landatu ditzakezu kuiatxoak, kuiak ahalik eta azkarren. Beste horiek ez ernetzearena zer ote da?
151
Lurretara pasatzean horrela gelditu zait. Bi aste ondoren honela dago. Lurrari bota diot humus eta perlita. Gaizorik dago edo biziko al da? Mila esker Jakoba
Ahuakateondo hori sufritzen ari da eta ez edonola. Beroa, aldameneko lanpararen argi erretzailea… Atera azkar kanpora, ez noski izotzak harrapatzeko moduko toki batera, baina bai 20 gradutara egongo den salatik balkoipe batera edo antzeko toki batera. Argi asko duen eta udan beroa izango den toki bat behar du. Eta ez ahaztu ureztaketa, lehenengo urtean garrantzitsua da.
152
Kuia haziak uretan ipini ondoren, ondoratu egin behar al dute sano badaude?
Batzuk ondoratuko dira eta beste batzuk, gehienak seguruenera ez. Onena ernatze saioa egitea da uretan busti ondoren heze dagoen paper edo batean edo lurrean erein eta egun gutxitan somatuko duzu sustraia sortzen duen edo ez.  
153
Iratzeak ipurditik atera edo moztu? Ondoren anitz ongarritu?
Ipurditik ateratzen ez baduzu jai izango duzu. Iratzeak izugarrizko sustrai erreserbak izaten ditu. Horiak akabatu ezean berritu eta berritu egingo da. Nik uste dut aukera onena lurra irauli eta sustrai horiek azaleratu, ahalik eta gehienak bildu eta kendu. Iratzea egon den tokian lurra azidoa egongo da, beraz karetzek on egingo dio. Ongarria baino garrantzitsuagoa da karea. Landaketak egin aurretik denbora tartea izanez gero, biak egin ditzakezu, ongarritu eta karetu, baina ilargi bateko aldearekin.
154
Brokoli, baina eta beste lore batzuetan zomorro hau hostoak zulatu eta landarea zimeltzen hari da. Zer egingo nuke honi aurre egiteko?
Aza jendearen arkakusoa da. Hobeto esanda arkakusoetako bat. Tratamendua egiten hasi ahalik eta azkarren. Ez da erraza akabatzea, salto egin eta ihes egiten dutelako. Tratamendua egiteko nahasi xaboi potasikoa eta rotenona edo piretrina (intsektizida naturalak biak). Tratatu hiru-lau egunetik behin, alerik ikusten ez duzun arte. Tratatzerakoan ondo ihinztatu landareen parte guztiak, arkakusoak berak bustitzea da helburua, beraz alde guztietatik eman ezkutuan daudenak denak bustitzea nahi baita.
155
Kaixo Jakoba, Hasi berriak gara. Gereziondoaren hostoetan aldaketa sumatzen ari gara. Herdoiltzen ari ote diren pentsatu dugu baina ez dakigu zer egin kasu honetan. Alea hartzen hasi berri da eta ez genioke kalterik egin nahi
Nire ustez Gnomonia gaitza izan daiteke. Apiognmonia erythrostoma onddoak sortzen du. Hezetasunak dakar, batez ere, horregatik horri aurre egiteko neurriak hartu behar dira: inguruan haizea ibiltzea erraztu, lurreko hezetasuna kentzen saiatu, inguruko itzala kendu, hurbilean zuhaitz edo arbolak baditu kendu edo tartea utzi, eta abar. Onddoa hosto ihartuetan mantentzen da, horregatik komeni da erori ahala bildu eta su eman eta erre. Baita udazkenean denak erortzen direnean ere. Sustraietan zauriak edo arbolean (inausketakoak adibidez) izanez gero edota ahula baldin badago errazago erasoko du gaitzak. Salda bordelesarekin ere tratatu daiteke, xaboi potasikoarekin nahastuta eta hosto zaurituak erori baino lehenago. Zortzi-hamar eguneko tartearekin hiru tratamendu eman. Gerora berriz azaltzen bada errepikatu.  
156
Egun on Belazeetan uztabo asko atera da. Bere izena rumex pulcher al da? Eta orduan jangarri ona da olloentzat? https://www.miteco.gob.es/ca/biodiversidad/temas/inventarios-nacionales/iect_rumex_pulcher_tcm34-164118.pdf
Uztaoa esaten zaio Rumex generoko landare jendeari. Horietako bat da Rumex pulcher, baina Rumex generoko espezie asko dago Euskal Herrian. Eta denak ez dira R. pulcher. Denak jangarriak direla esango nuke. Oiloekin erraza da saioa egitea. Eman eta jaten badute ongi, bestela edo txarra egiten zaie edo ez dute gustuko. Horiek ere badakite mokofin izaten.
157
Zein egunetan inausi ditzaket intxaurrondoak? Aste honetan edo maiatzean.
Intxaurrondoak oso toki lehorrean bizi ez badira, Euskal Herriko Hego-hegoan adibidez, ez inaustea hobe da. Inausketak sortzen dizkien zaurietatik gaitzak sortzen dituzten onddoak sartuko dira; hezetasuna handia den tokietan gehiago, bere zaleak baitira onddoak. Hala ere inausketa egin nahi baduzu oso berandu da, dagoenerako izerdia mugitua baino erabat indarrean dabil. Onena hurrengo urteko martxoaren hasierarako uztea litzateke. Aurten egitez gero maiatzaren 2 egun osoa eta 3 goiza, ilbehera eta sustrai egunak.
158
Kaixo! Gure baratzeko lurra analizatu nahi degu jakin ahal izateko ze ongarri komeni zaion. Nola egin dezakegu? Eskerriasko!
Eskualde guztietan daude bai Nekazaritza bulegoak eta baita Landa Garapeneko Elkarteak ere. Ez baduzu topatzen zure udalera deitu eta esango dizute zein tokatzen zaizuen. Han argituko dizute zer urrats eman analisia egiteko: muestrak nola hartu, nora eraman eta abar.
159
Egunon Jakoba, Bertizaranatik ,Nafarroa. Kuia haziak ereiteko noiz da egun egokia? Esker mila aunitz!
Potimarron kuia, kuia guztiak bezala, hemendik atzera nahi duzunean erein. Onena gero bizi eta haziko den tokian bertan ereitea da. Ezin izanez gero ontziren batean erein eta gero landatu. Ereiteko egunak ilgorakoak dira. Ilgora maiatzaren 9 (15:00) eta 22 (21:00) artean izango da. Egun onenak, hala ere, fruitu egunak dira maiatzaren 9, 15:00etatik atzera, 10, 17:00 arte, eta 18 egun osoa. Gaur eta bihar ere ilgora da; biharkoa 13:00 arte ere ez da txarra.
160
Gabon. Joan den neguan oloa erein nuen ongarri modura oso buztintsua den lurrean. Moztu eta bertan utzi nuen gero. Orain, lurra landu dutenean (lauhortzeko txiki batekin) ikusi dut harroagoa dagoela, baina gehio harrotzeko karea zabaltzea pentsatu dut. Zer iruditzen, mesede egingo dio ala kalte agian? Gero, lekak jarri nahi ditut. MIla esker.
Nik uste dut mesede besterik ez diola egingo. Lurrari eman diozun materia organiko hori desegiten eta bertako mikroorganismoen eskuera jartzen lagunduko du, baita zuzenean lurra harrotzen ere. Lekak ere karezaleak dira, beraz…
161
Intxaurrondo bati urtero izurrite hau agertzen zaio. Zelai berean dauden beste intxaurrondoak ez dute holakorik. Zer da ? Eta zerbait egin beharko genion?
Nire ustez eriniosia deituriko izurritea da. Begiz ikusi ezin daitezkeen akaro batzuk sortzen dute: Eriophyes tristriatus eta Eriophyes erineus. Udaberri bero eta lehorretan lehen hostoei erasotzen diete eta ziztatu eta izerdia zurrupatzen duten tokietan agertzen dira koskortxo horiek. Gero hurrengo belaunaldiak etorriko dira, baina ez dute kalte nabarmenik eragiten. Negua intxaurrondo beraren begietako ezkaten artean igarotzen dute eta hori izan daiteke beti intxaurrondo berean azaltzearen arrazoia. Ni ez nintzateke gehiegi arduratuko. Arazoa areagotzen bada tratamendua hau litzateke: Xaboi potasikoa, Bacillus thuringiensis eta Neem. Tratamendua zaila da, intxaurrondo osoa ondo-ondo busti beharko litzatekeelako.
162
Kaixo Jakoba, Aran arbola bat dugu, haran oso goxoak ematen dituena, lehendik ere Hernanitik ekarritako kimuekin txertatua. Zahartzen ari zaigula eta, egokia izango al litzateke, aran landarea erosi eta gure zuhaitzaren kimuak txertatzea? Eta hori egiteko noiz izaten da garai egokia? Halako landareak non erostea gomendatuko zeniguke? Eskerrik asko aldez aurretik.
Edozein aranondok balio du aranarentzako mentu oin lana egiteko. Baita Elorri beltza edo basarana ere. Txertatzeko bi sasoi daude: adarreko txertoa egiteko otsaila eta begiko txertoa egiteko uztaila-abuztua. Non eskuratu? Fruta arbolak saltzen espezializatutako mintegi bat da onena.
163
Donostiako ekogunean baratze partzelatxo bat daukat eta atzo horrelako 2 musker ikusi genituen. Baratzerako ona da horrelako muskerrak ibiltzea? Milesker eta ondo segi
Musker berdea da. Eta laguna dugu hau ere, noski. Kakalardoak, matxinsaltoak, armiarmak, karraskari txikien kumeak etab. jaten ditu. Animalia laguntzaile batzuk ere bai. Adibidez zizareak eta tximeletak. Baina beno, edonola ere aberastasuna ematen dio baratzeari, eta indarra oreka ekologikoari. Zorionekoa zure baratzea.
164
Ahalko didazu lagundu limoi zuhaitzak duen gaixoa tratársenos?
Nire iritziz ez da gaixotasun bat. Edo gaixotasuna etorri bada arazo fisiko bat izan delako da; nik uste dut kazkabarrak erasotu duela hostajea eta horrek puskatu du. Zauri horien ondoan kolorea galdu du. Eta posible da gero, zauri horietatik gaitza sartzea. Nik janaria emanez lagunduko nioke.
165
Goierrin ezpala kimatzeko garairik egokiena noiz litzateke?
Ezpela landare hesietako landare gehienak bezala kimuaren hazkundea makaldu denean egin behar da. Ekaina aldera eta bigarren kimaketa iraila aldera. Iazko ireilean kimatu ez bada, orain inausi edo utzi eta ekainean egin.
166
Jakin dezue, ia norbaiteri gertatu zaion...? Berdetan jateko baratxuria garbitzen nabil eta zurtoia janda eta hará agertu zait...?
Argazkian ikusten den hori "Porruaren harra" esaten diogunaren krisalida da. Porruaren harra esaten zaio porruan ezagutu delako eta eraso nabarmenenak porruetan egiten dituelako, baina porruaren familiako tipula eta baratxuria ere erasotzen ditu. Euli bat da, Phytomyza gymnostoma, arrautzak jartzen ditu landareetan eta hortik harra sortzen da; harrak hostoen zati zurian ikusten den zartatu hori sortzen du. gero metamorfosia egiteko krisalida hori sortzen du eta lurrera erortzen da. Gero handik eulia etorriko da. Berari aurka egiteko sistema onena saila sare batekin estaltzea da. sareak gehienezko begia 0'8 mm behar du eta goi samar jarri, hostoek ukitu ez dezaten bestela saretik barrena arrautzak jartzen dituzte eta alboetan ere ondo itxi lurreraino.
167
Irteera bat egingo dugu herriko umeekin landare mota batzuk ezagutzeko ( apaintzeko loreak, barazkiak eta zuhaitz ezagunenak) eta interesgarria dela iruditzen zaigu honekin batera azaltzea nolako eragina izan ahal duen ilargiak landareak erein, landatu, fruituak batu efo makiletatarako adartak mozten ditugunean azaltzea. Horregatik jakin nahi genuke non bilatu ahal dugun honi buruzko eskema efo informazioa. Eskerrik asko.
Hor dituzu urtero argitaratzem ditugun "ILARGIAREN EGUTEGIA" eta ILARGIA ETA LANDAREAK AGENDA. Topatzeko inolako arazorik bazenu idatzi ARGIAra, bizibaratzea@bizibaratzea.eus edota deitu 943371545
168
Kaixo! Gure babek roña hartu dute ta ez dituzte fruiturik ematen, loreak usteltzen dira eta. Alde batetik, nola ekidin roña lehenagotik? Eta bestalde, komeni da orain erabiltzea landare horiek ongarri bezela edo behin roña eukita obeto baratzetik kanpo botatzea? Mila esker!
Gorrina harrapatzeak adierazten dueña da hezetasuna gehiegizkoa dutela. Zergaitik den ondoen zeuk aztertuko duzu: lurra, aldaparik eza, itzala handiegia, iladak elkarren kontra, hurbilegi… Hori ekidin hurrengoan. Baba zuztarrak ongarri bezala erabiltzeko inolako arazorik ez. Lurretik tiraka ez atera, moztu, horrela sustraiak eta bertan dituzten bakterio nitrofiloak, lurra aberasten dutenak bertan geratuko dira.  
169
Maiatzean zein egun izengo dira onenak tomatea landatzeko? eta bainak, kalabazin, ibarrako piperrak eta gernikako piperrak ere maiatzean sartuz gero, ze egun izango ziren onenak? eskerrikasko
Landatzeko sasoi onena ilbehera da. Aurten maiatzak bi ilbehera izango ditu: apirilaren 25eko 13:00etatik maiatzaren 9ko 15:00 arte eta maiatzaren 22ko 21:00etatik ekainaren 5eko 23:00 arte. Ilbeheraren barruan fruitu egunak izango dituzu egokienak, galdetzen duzun landare multzo horri kendu nahi diogun mozkina fruitua baita. Fruitu egunal hauek izango dira: apirilaren 29 eta 30; maiatzaren 1, 9 (15:00 arte), 26, 27, 28; ekainaren 5.
170
Urtero bezala, etxeko tomatearen haziak erein ditugu baina aurtengoan hostoak "V" forman jarri dira, goruntz okertuta. Zergatik ote? Eskerrik asko
Nire ustez ez dago inolako gauza arrarorik tomate landare horietan. benetako V forma hazitik sortzen diren hasierako "hosto" sinple itxurako horiek, kotiledoi izenekoak, ematen diotela iruditzen zait. Ondoren sortu diren benetako hostoek forma normala dute. Agian beste urteekin alderatuta argi kopurua edo argiak nondik-eta nola ematen dien aldatuko zen zertxobait eta horrek aldatu du hostoen norabidea; norabide hori beti argiarunzkoa baita.  
171
Orain dela 2 hilabete ipini nituen 2 aguakate eta bateri hostoak irten dizkio ete bezteari loreak direla ezan lei, normala da hori??
Bai normala da bai. Bere bizileku berrira etorri aurretik gertatutakoa ezagutu beharko genuke, baina argazkian ikusten diren horiak lore multzo dotoreak dira, bai.
172
Kaixo. Kipula gorria kanpoan landatzeko ezin da garain egokia?
Kipula urte guztirako kontserbatzeko asmoarekin landatu nahi baduzu sasoi onena joan da. martxoaren erdia aurretik egiten da. Hala ere oraindik saia zaitezke. hori bai ahal baduzu ilbeheran landatu. Hurrengo ilbehera hilaren 25ean 13:00etan hasten da.
173
Gorotza zabaldu ondotik, 15 bat egunetara, lurrean erreka zabaldu eta tipulak jartzerakoan kisu bizia bota daiteke?
Zuzenean landareen zainetara ez. Zuzenean sustraietara ez jarri kisu bizia erre egingo lituzke eta. Onena duzu kisua lurraren azalean arin arin nahasi eta handik egun pare batera egitea landaketa. Kisua ematea eta landaketa artean euri arin bat edo ureztaketa bat baldin balego hobeto.
174
Kaixo Jakoba, menditik hartutako gerezi hazitatik landareak atera nituen pasa den urtean, negua pasa dute eta hasi dira esnatzen. Landare pare batek hostoak ximel xamarrak zituela ikusi nituen eta azpi aldean bediratzerakoan, ez dakit arrautzak edo mamorroa ageri ziren. Argazkietan ez dakit antzemango diozun… zer dira , zein eragin dute eta zer egin lezaket hauekin akabatzeko. Landareak etxeko lurretan jartzeko asmotan gara. Eskerrikasko
Argazkian ikusten den hori mamorroa da, zorria. Gereziondoa asko gustatzen zaio eta batzuetan inurriek eramaten dituzte gero beraiek haien hondakinak aprobetxatzeko. Tratamentua erraza da. Hiru gai nahasita eman: xaboi potasikoa, Bacillus thuringiensis eta Neem. Hirurak nahasian da onena baina agian hasi xaboiarekin bakarrik. Ihinztagailu bat, 1-2 litro ur, prestatzeko goilarakada ttiki erdi bat nahikoa da. Eta horrekin ondo busti hostoak goi eta behe. Ahal baduzu hostoak dena ur hoprretan sartzea ere txarra ez. zortzi egunero busti. Garbitzen ez bada hiru horien nahasketa prestatu (bakoitzak bere dosia esango dizu)
175
Egun on Jakoba. Limoiondo gazte bat daukat baratza ondoan eta argazkian ikusi dezakezun mantxa atera zaio hosto pare batean. Zer egin dezaket?
Nire iritziz hotzak kalte egin dio. Gaztea bada lehen urteetan babestu egin behar da: azpian simaur berria jarri hartzitzen ari den artean beroa eman diezaion, enbortxoa oihal gozoekin bildu, txapelaren lana egingo dion estalki bat jarri… Hotzak eta kazkabarrak ere jo dutela esango nuke, zulotxo horiek eta zulatzera iritsi gabe baina orbaintxo horizta horiek kazkabarrak jotakoaren seinale dira.
176
Kaixo Jakoba Galdera 2 ditut: 1-2022 ko eta 2021eko uztetako tomate haziak ditut. Zein uztakoak aholkatzen didazu aurten ereitea? 2-Zein hile eta egun zehatz dira egokiak ereiteko tomate haziak? Mika esker zure laguntzagatik Toki naiz Lekeitiokoa
Nik biak ereingo nituzke. Aukera eskasak badituzu azken urtekoak. Biak eginda ikusi gero zein landare etortzen diren indar handiagoarekin eta haiek landatu. Ereiteko sasoia, negutegian landatzeko urtarriletik maiatzaren erdira artekoa da, gero martxotik uztaila erdira arte landatzeko. Kanpoan landatzez gero martxoan erein eta maiatza eta ekainaren erdira arte landatu. Datorren martxoko egun onenak 16 egun osoa, 17 goiza, 24 arratsaldea eta 25 goiza izango dira
177
Noiz da sasoia tomate hazia ereiteko?
Negutegirako edo berotegirako urtearen hasieratik maiatzaren erdira arte. Kapoan landatzeko bada, martxoa eta apirilean. Beti ilgoran eta ahal baduzu fruitu egunean. Adibidez martxoan ilgora 16tik 28ra da, eta 16 eta 17 goiza dira egun onenak; apirilean ilgora 12tik 25 eguerdira da, eta 12, 13 eta 21, azken horretan 11:00-17:00 artean ezik dira ewgun onenak. .
178
Kaixo:elorri beltza batzuk ditut fruitua ateratzeko. Noiz komeni kimatzea??
Elorri beltza berez ez dago inausi beharrik fruitua eman dezan. Bi inausketa mota onar ditzake. Bata gaztetan forma emateko, enbor bakarra utzi eta handik sortzen diren adar gutxi batzuk hautatuz. Honi segika urtero kendu beharko dizkiozu enborrean sortzen zaizkion altsumak; berez zuhaixka izanik horiek erruz emateko joera baitu. Inausketa hau noiznahi egin, altsumak ikusi ahala kendu. Beste inausketa mota burua argitzekoa litzateke; basaranen bilketa errazteko batez ere. Elkar gurutzatzen diren adar arantzatsuak bakandu. Inausketa hau loraldiaren aurretik edo ondoren, juxtu hostoak ateratzen ari direnean, egin dezakezu, izerdia mugitzen ari denean.
179
Egunon Nonahi ikusten ari naiz, baratzak galdetu eta Gero ostoz tapatuta uzten. Baino nere zalantza da, ez al da hobea hotza lurrarentzat?
Orbela lur gainean hedatu eta hura erabat estaliz hotzetik babestu eta lurreko bizitzari eutsi egiten zaio; bitartean desegin ahala ongarria izango da. Ongarri berdea ereiten dugunean ere antzeko zerbait lortu nahi da, gero ebaki eta benetan ongarri bihurtu arte. Lurra soilduta egoten bada, hotza barreneraino sartuko da, ondorioz bertako mikroorganismo batzuk, onak eta kaltegarriak hilko dira. Baita ere hotzak lurra harrotu egingo du. Baina, azala agerian izanda, lurra erreko du eguzkiak, hotzak bezala eta euria egiten duenean lurreko jakiak mugitu eta alde egiteko arriskua dago. Beraz zeuk erabaki…
180
Noiz landatu beharko dut sustraia duen gorostia ?
Sustraiduna diozunean edo loreontzi batean dago edo lurretik aterako duzu sustrai eta guzti. Loreontzian bizi bada nahi duzunean landatu; beti erer izotzik ez den sasoian. Onena, hala ere, udaberriaren hasiera da. Hostorik galtzen ez duten landareak landatzeko sasoia horixe da. Gorostia lurrean bizi bada eta tokiz aldatu nahi baduzu, sustraiak ebakiko dizkiozu ateratzerakoan eta sufrituko du, beraz orduan bai nahitaez martxoa aldera landatu, ahal baduzu ilbeheran eta sustrai egunean. Datorren martxoan egun hauek izango dira: 5, 8, 9 eta 10
181
landatu daiteke eguzkilorea? nola? mila esker
Landatu baino egokiagoa da ereitea; hacia ereitea alegia. Loratu den eguzkiloreak gero haziak emando ditu. Lore bakoitzeko bana. Hazi horiek jaso, toki lehor ilun eta hotz batean eduki. Onena kanpoan, neguaren gorebeherak sentitu ditzaten, Gero Otsaila-martxoa aldera lurrean erein. Hazi ttikiak direnez oso lur gutxi behar du gainean, ia ezer ez. Toki gozo batean jarri eta lurrari lehortzen ez utzi. Maiz ureztatu behar da, baina lurra ito gabe, haziak ematen duen sustraitxo berria usteldu egingo litzateke era. Hortik sortzen den landarea ontzi handi batera edo lurrera birlandatusustraije guztiarekin eta ahalik eta lur gutxien galduaz.
182
Kaixo, noiz da baba landatzeko egunik egokiena baratzan? Eskerrik asko
Pentsatzen dut landatu esaten duzunean erein adierazi nahi duzula, eta baba diozunean baba handia edo udaberriko baba berdeaz, alea lehortu aurretik jaten den horretaz ariko zarela. Baba hori, ilarra bezala, ilgoran ereitea komeni da eta egun onenak fruitu egunak dira: gaur abenduaren 5 eta bihar 6 10:00ak aurretik. . Hala ere ilgora duzu 9 arte, bera barne. Hurrengo ilgora abenduaren 24tik 2023ko urtarrilaren 5 arte izango da; fruitu egunak abenduaren 31 18:00etatik urtarrilaren 1 12:00 arte, urtarrilaren 2 16:00 arte eta urtarrilaren 5 12:00-22:00 tartean.
183
Non eros ditzaket zure liburu guztiak?
www.bizibaratzea.eus webgunen sartu eta azoka atalean dituzu bertatik eskatzeko moduan; baita +34943361545 telefonoan ere. Etxera bidaliko dizkizute zuzenean. Liburudenda askotan ere eskuera dituzu. Beste era batera datorren astean Durangoko Azokan.    
184
Bertoko artoa erein dut bi urtez eta kokoren batek atakatu du. Hautsa ikusten da artoan. Zer da? Zer egin daiteke?
Udaberrian loratzen dira urkiak. Apirila-maiatza aldera. Gero udan edo udazkenaren hasieran hedatuko dituzte haziak.
185
kaixo!! Harrak azaldu zaizkit brokoli artean...zeozer ba al da uxatu edo akatzeko ekologikoan? eskerrikasko
Har handi horiek ikusten errazak dira. Brokoli sail izugarria ez baduzu bilatu, bildu eta akabatzea da errazena. Hostoan kosk non egin duen nabarmena da, zulo handia uzten baitu eta erraz topatuko dituzu harrak.  Nahi baduzu hostoak eta buruaren azpiko aldea errautsez zikindu daitezke; gustuko izango ez dutenez beste nonbaitera alde egingo dute. Hala ere adi ibili, ez bai dira urrutira joango. Tratamenduetara jota intsektizida erabili dezakezu: xaboi potasikoa, Bacyllus thuringiensis eta Neem.
186
Noiz komeni da kimatzea geranio gitanilla? Ilbeheran egin beharreko lana dela ulertu dut, baina zein dira egun egokienak?
Huntza geranio edo geranio zintzilikaria udaberriari begira inausi behar da. Izerdi berria datorrenean. Luberritzen denean ihartutako adarrak, izotzak erretakoak eta luzeegi dauden adarrak moztu. Azken horiek bizirik badaude aldaxkak egin eta ugaltzeko erabili. Inausketa beti ilbeheran egin behar da eta ahal baduzu sustrai egunetan, Ilargiaren Egutegian topatuko dituzu horiek.
187
Kaixo, aurretik baratza zen baino 3 urtetan zehar sasipean egon da lur sail bat eta udaberrirako prestatu nahi degu. Sasiak kentzean lurra biluzik eta harrotuta geratu da. Ximaurra bota eta ongarri berdea landatzea komeni zaigu? Ze ongarri berde gomendatzen diguzu?
Nik simaurrik ez nuke emango. Laharpean egondako lurrak harroak eta aberatsak dira. Aberastasun horri eusteko eta lur azala ez zokortzeko ongarri berdea da egokiena. Nire ustez hemen lur gehienetan lan onena egiten duena oloa eta txirta nahasketa da. Oloa esaten den tokian garagarra edo zekale izan daiteke, baina oloak sustrai sakonenak luzatzen ditu. Txirtaren ordez pagotxa ere erein daiteke.
188
Azken aldian, soroa , menta eta anduraz betetzen hari zait eta ez dakit zein den hauek kentzeko momenturik egokiena.
Menda (Mentha spp.) eta andura (Sambucus ebulus), biak ala biak, lur gizen eta aberatzetan hazten dira. Nitrogeno asko dagoen lurretan. Hau da, animaliak edo haien simaurrak ugariak diren tokietan. Hasteko nitrogeno hori nola apaldu pentsatu behar da eta bitartean moztu eta moztu. Kentzeko momentu bakar bat ez dago. Onena litzateke sustrai eta guzti ateratzea, baina hala ere berritu egingo da. Nahi baduzu ateratzen jarraitu edo bestela moztu eta moztu. Mozketa beti ilgoran egitea komeni da, egiten zaion kaltea ahalik eta handiena izan dadin. Moztearen helburu nagusia sustraietako erreserbak akabatzea da. Hasi mozten udaberrian eta udan bakoitza azaldu ordurako.
189
Noiz izango da kiwiak biltzeko egunik onena?
Bildu eta jasotako kiwien iraupenean pentsatzen ari bazara, hobe duzu ilbeheran biltzea. 2022 honetan azaroan 12tik 25era izango da eta abenduan 10etik 23ra. Egunik onenak azaroan 19 eta 20 eta abenduan 16, 17 goiza, 18 eta 19 goiza izango dira.
190
Bila ibili ostean, ez dut topatu Aegopodium podagraria landarearentzako euskal izenik. Gazteleraz eta frantsesez baditu izenak. Euskarazkorik ezagutzen?
Ez dut euskarazko izenik ezagutzen. Nik frantsesari jarraiki Ahuntz-oina” esango nioke. Bera da izen zientifikoaren esanahi zuzenena, baita ere. Aegopodium horrek horixe dio ahuntzaren oina, hostoek harekin duten antzagatik.
191
Kaixo Jakobari galdetu nahi nioke, ea hurritz Makilak egiteko ze hillabete den egokiena eta ilbehera edo ilberri, izan behar duen. Eskerrikasko
Esaerak dio urrian hasten den ilgoran ebaki behar direla hurritz makilak. Ilgora hori urriaren 30ean hasiko da eta azaroaren 12 arte luzatuko da. Hurrengo ilgora ere ez da txarra izango, azaroaren 27tik abenduaren 9ra artekoa.
192
Kaixo, Jakoba; jakin nahi nuke ze egu den egokiena baratxuriak eraiteko eta ze tarte utzi behar da?? Eskerrik asko
Baratxuria azaroan hasi eta otsaila amaiera arte erein daiteke. Udazkenean ereindakoak burua egiteko izan ohi dira. Denbora tarte horretan denean freskotan edo berdetan jateko ere erein daiteke. Errenkaden artean 20-25 eta aletik alera 10-12 zentimetroko tartea utzi. Berdetarako edo fresko jateko jarri nahi baduzu burua oso osorik sartu dezakezu. Burutarako hobe aleka. Ereintza hori ilbeheran egin behar da eta ahal baduzu sustrai egunean. Azaroan ilbehera 12arratsaldetik 25era izango da eta sustrai egunak 19 eta 20. Abenduan, berriz, ilbehera 10etik 23ra eta sustrai egunak 16, 17 goiza, 18 eta 19 goiza izango dira.
193
Noiz jaso ondo konserbatzeko, Irañeta, Nafarroan bizi dira
Bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren beldur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.
194
Gabon. Mizpirak jasotzeko zein egun da onena? Eskerrik asko
Mizpira ez da beste fruituak bezalakoa. Sagarrak, adibidez, jaso eta ahalik eta gehien irautea nahi dugu. Mizpira aldiz purikatuta, erdi ustelduta, jaten dugu, orduan baita benetan gozoa. Hala ere irautea nahi baduzu ilbeheran jaso beharko zenuke; purikatzea nahi baduzu ilgoran. Urriaren 16 arte ilgoran gaude, 16tik 29ra ilbehera izango da eta 30etik azaroaren 12 arte ilgora. Irauteko egun onenak sustrai egunak dira: urriaren 23, 24 eta 25. Purikatzeko, aldiz, fruitu egunak: urriaren 11, 12, 30 eta 31 eta azaroaren 7.
195
Noiz erein dezaket ilarra? Zein egunean?
Ilarra udazkenean eta neguaren hasieran ereiten da. Lehenak irailaren erdia aldera eta azkenekoak otsailean. Ilar barietate batzuk oso altuak egiten dira eta ziklo luzea dute. Beste batzuk motzak dira eta azkarrago hazten dira. Barietatearen arabera erein. Ziklo luzekoak lehenik eta ziklo motzekoak azkenak. Beti Ilgoran erein eta fruitu eguna bada hobe: urriaren 11, 12, 30 eta 31 goiza, azaroaren 7,26 arratsaldea eta 27, abenduaren 4 arratsaldea. Ilargiaren egutegia eskuera baduzu begiratu Ilgorako lore egunak, horiek ere ez dira txarrak.
196
Arratsaldeon. Dagoeneko negurako zuhaitzen aldaketarekin pentsatzen hasia nago eta aurten gaztainondo batzuk aldatzea gustatuko litzaidake. Zuri entzuna dizut Iparraldean badela norbait urte luzeetan haziak gorde eta zuhaitzak dituena. Eskertuko nizuke bere berri emango bazenit, helbidea, telefonoa.. . Mikesker aldez aurretik
Iparraldean lan hori egin duen mintegia Lafitte da, Lekornen du egoitza, baita salmenta gune haundi bat Baionako sarreran ere.
197
Kaixo!!!!! Baratzeko landare ezberdinen hazi bilketa eta konserbazio ikastaro bat egitea gustatuko litzaidake, zein gomendatuko zenidake????! Eskerrikasko Unai  
Hona bide batzuk, ea nahi duzuna topatzen duzun.   1.- Donostiako Cristina-enea Fundazioari lotutako HAZIERA egitasmoa: https://www.cristinaenea.eus/eu/haziera-proyecto-haziera   2.- Euskadiko Hazien Sarea https://haziensarea.org/eu/hasiera/   3.- Nafarroako Hazien Sarea https://redsemillasnavarra.com/   4.- Espainia, Euskal Herria, Galizia eta Catalunyako Hazi Sareen sarea https://www.redsemillas.info/presentacion/contactos-de-la-red/   5.- Sagarrondoekin eta abar lanean ari dira Abbadia Gazteluan. Ea hemendik kontaktu zuzena lortzen duzun. https://cpie-euskal-itsasbazterra.eu/  
198
Noiz jasotzen da lupuloa. Errenterian dago landatua
Nik ez dut zuzenean lupuluaren uzta ezagutu. Horretan ibili derenek diote arte bat dela uztaren une egokia aukeratzea. Lupulu lorearen barruan garatzen den lupulinaren usainaren arabera erabakitzen da. Horrek gero non erabiliko dugunari (sagardoa, garagardoa...) usain hori erantsiko dio. Abuztuaren amaiera eta iraila aipatzen dira; barietatearen, landarearen adinaren eta eguraldiaren arabera aldatuko da eta zeuk eman nahi duzun gustu horren arabera...
199
Bela Zuriaren loraldia Egun on denoi, espatafilo honek ez dozta lorerik emiten nahiz eta ongarria bota. Zer egin?       
Bela zuria deitzen Diogu Spathiphyllum wallisii landare horri. Nik oso ondo ikusten dut. Again denbora pixka bat itxaron beharko duzu. Ikusten denez lehengo lorea berdetzen ari da. Hori erabat zimeltzean hasi dezake hurrengo loraldiaren zikloa. Bitartean ongarritu bai baina agian luberritzea ere komeniko da. Lur guztia aldatzea, alegia.
200
SAGAR MUZTIOA KONTSERBATU Kaixo Jakoba, Erantzuteko tartetxo bat baduzu, galdera bat egin nahiko nizuke. Sagar bilketa hastekotan gaude eta muztioa egiteko asmoa dut. Litroko beirazko botila batzuk erosi ditut (argazkiak eransten dizkizut). Zein da, zure iritziz, modurik onena muztioa botila horietan kontserbatzeko? Nola egin nezake "Baño maria" botila mota horrekin? Ba al dut etxean beste modu hoberik muztioa botila horietan kontserbatzeko? Eskermila zure denboratik, zinez estimatua! Besarkada bat.      
Ez naiz gai horietan espezialista baina ezagutzen dudana azalduko dizut. Kontserbatzeko tenperatura jakin bat harrapatzea eta horretan zenbat denbora mantentzea da gakoa, bakterioak hiltzeko. Errazena pasteurizatzeko makinatxo bat eskuratzea duzu (baserritarren kooperatibetan alokatzen dituzte). Horrela botila horietan sartu aurretik muztioa 75-80 gradu artean jartzen da eta zuzenean bete eta taparekin itxi egiten da. Tenperaturak garrantzi handia du: tenperatura bajuetan muztioa freskoagoa eta fruta gustu handiagoa izango du. Tenperatura handiekin konpota gustua hartzen du. Botila bete eta ahalik eta azkarren itxi behar da. Gero etzanda jarri, barruko muztio beroak tapa ere berotu dezan. Gero hoztu denean tapa barrurantz sartuta egongo da. Ondoren nahi bezala jaso. Beste aukera zeuk aitatu duzun Maria Bainua da. Horretarako botilak muztioz bete, ondo itxi eta uretan sartu behar dira. Gero ur hori irakiten jarri eta muztio guztia eraman behar da tenperatura horietara. Botilaren barruko likido osoa berotzeko konpota gustu hori hartuko du.