id
int64
1
702
question
stringlengths
0
1.68k
answer
stringlengths
47
2.04k
201
Zer egin dezaket azelgetatik zer kos pora uxatzeko?
Argazkiko hori ez da zerkospora, zorria da, zorri beltza. Zerkospora onddo batek sortutako gaitza da. Gaiza, ez zomorro edo izurrite bat. Hor gazbi ikusten dira zomorroak- Tratamentu intsektizida egin behar duzu: Bacillñus thuringiensis, Neem olioa edo esentzia eta xaboi potasikoa. Lasai eman garbitu arte. Bitartean jateko inolako arazorik ez duzu.
202
Sua egiterakoan keroxeoa eta egunkaria erabiltzen badut, errautsa kutxatuta egongo da?
Kerosenoak metal astunak ditu (Beruna, Kadmioa…), eta nik ez nuke erabiliko baratzean edo lorategian, lurra betirako kutsatzeko arriskua ekiditeko.
203
Tomate haziak nola gordetzen dituzu?
Tomatea ondo aukeratu, guk nahi ditugun ezaugarriak dituena: dasta eta usain ona, forma egokikoa, azala, kolorea… Sano dagoen ale bat aukeratu. Haziak erauzi. Haziak lika baten antzekoa dauka inguruan bi eratara lehortu daiteke: likarekin toki bero batean jarri, eguzkitan ez, zabal-zabal eginda likan lizuna ez sortzeko. Lika kentzeko haziak pilatuta ontzi batean jarri toki beroan baita; usainarekin igarriko diozu hartzitzen ari dela; egun pare batera atera eta irazteko sare batean jarri eta uretan pasa garbi-garbi egin arte; gero zabal-zabal eginda jarri eta aste betean lehortuta egongo dira. Paperezko zakutxoetan sartu eta ontzi hermetiko batean sartu hezetasuna bereganatzen duten silikonazko poltsatxo horietako batekin. Toki fresko eta ilun batean eduki edo hozkailuko barazkientzako txokoan.
204
nola tratatu
Hostoak herdoildu itxura baino gehiago kolorea galdu eta zilar tankerako azala dute. Hori azpian ikusten diren platanondoaren tigreak egiten du. Intsektu horiek ikusten dira garbi hostopeko argazkian. Intsektizida nahasketa hau aplikatu astero garbitu arte: Bacillus thuringiensis + Neem esentzia edo olioa + xaboi potasikoa.
205
Kaixo Abuztuan zein dira egun egokienak patata ateratzeko? Eskerrikasko!
Patatak luze irauteko ateratzeko egun onenak ilbeherakoak eta sustrai egunak dira. Abuztuaren 23tik irailaren 5 eguerdira arte da ilbehera, dena ona, baina onenak sustrai egunak: abuztuaren 29, 30 eta 31 eta irailaren 1 arratsaldeko 13:00 arte.
206
Egun on Jakoba Zuri galderak luzatzeko hau omen da bideetako bat, horretaz baliatuko naiz. Hagin zalea naiz, hazitik landarea sortu eta zuhaitza nola bihurtzen den ikustea ikaragarria da niretzako. Gauza da duela hogei bat egun sano sano zeuden haginetako bat zimeldua topatu duda la oporren bueltan. Zure iritzia jakin nahiko nuke, lehortea izan daiteke? Ondokoek ez dure igerri Herbizidaren batek kaltetu ote du? Lur desegokia? Eskertuko nuke zure iritzia emango bazenit. Eskerrik asko Ander
Zorionak zure haginzaletasunagatik! Hebizidarena ez dela dirudi; inguruko belarretan ere igarriko litzateke, haginean baino nabarmenago gainera, bere eragina. Lehortea izan daiteke horrela ihartzearen arrazoia. Bestela ikusi beharko litzateke inguruko belarrak mozterakoan enborraren oineko azalari kalteren bat egiten zaion; oso ohikoa da sastrakak kentzeko eskuko makinarekin edo bestelako makinekin azala jo eta zauritzea… Haginak lehortzen ikusi izan ditut txakurren pixaren eraginez ere… Ikusten al duzu txakurrik berari pixa egiten? Baten egin eta atzetik denek han utzi behar izaten dute bere usaina… Eta hagina erre egiten da. Horretarako beste landare gehienak baino ahulagoa da.
207
Arratsalde on Jakoba! Ortuko baiña, piper eta tomatieri, justo lurre susterraz batzen dan puntuen, atxikituteko argazkiko hori urten jakie. Zer izen al dan? Zer ein geinke? Eskerrik asko aldez aurretik, Jon Arzubia    
Nire ustez lepoko gaitza da. Berozaleak diren landareen lepoan onddo batek eragiten du. Onddoak garatzeko hezetasuna behar dute eta arazoaren iturria horixe dela esango nuke. Ureztatzen ari al zara? Gehiegi ureztatzen ari al zara? Nahiz eta tamainan ureztatu lurra ez al da behar bezala drainatu eta lehortzen? Landareak itsatsi ondoren ez eman urik.
208
Kaixo jakoba, perexila noiz erein daiteke?
Perrexila ilbeheran ereitea komeni da, ahalik eta beranduen, ahal dela hurrengi urtean garatu eta loratu dadin. Ekainaren 29an sartuko gara ilbeheran eta uztailaren 12 arte luzatuko da. Ilbehera osoa izango da egokia, baina egun bereziki onak uztailaren 1 eta 10 izango dira.
209
Egun on, Ekaina bukatzerako, ilarrak atera ondoren, posible izango litzateke patatak ereitea? Edo oso berandu da. Mila Esker!
Oso berandu da. Apirilean edota maiatzean ereiten da, bero handiak etortzen direnerako bildua izateko. Uztaila erdirako gutxi gora behera. Nahi izatera saioa egin eta uztailean patataren zarba gorritzen ikusten baduzu, txikiak atera eta berria bezala jan. Hala ere lekadunen ondoren ondoen etortzen diren landareak hostoak baliatzen dizkiegunak dira: uraza, eskarola, zerba, ziazerba, azak… Eta ilarra kentzerakoan zarbari tira eta ez atera. Moztu eta sustraiak bertan utzi.
210
Ze distantzira sartu
BIZI BARATZEA liburuan babarrunaren fitxan jartzen duena ekarriko dizut: Arba, makila edo parda jartzeko, errenka batetik bestera 70-90 cm tartea utzi, eta zulotik zulora 50 cm-koa. Zuloko 4-7 ale bota. Babarrun motza ereiteko, makilarik behar ez duena, errenken artean 60-70 cm eta zuloen artean 40-50 cm utzi.
211
kaixo, Japoniako astigarrari buruzko informazioa nahiko nuke. nola, noiz eta non landatu, eta lehen oinarrizko zainketak.
Astigar japoniarraren izenarekin astigar espezie eta barietate asko ezagutzen da. Orokorrean hitz eginda zuhaixkak edo zuhaitz txikiak dira, bere hostoen kolorearengatik erabiltzen dira batez ere, urte osoko kolore bereziak eta udazkenean hartzen dutenarengatik. Garrantzitsua da baita ere eitea edo forma osoa. Hau da zein tamainakoa egingo den jakitea garrantzitsua da, forma hori hartzeko enbarazurik izan ez dezan eta bere dotorezia  guztiaz gozatzeko. Horretarako zehatz-mehatz zein barietate den jakitea ezinbestekoa da. Tokia aukeratzerakoan kontutan hartzeko beste baldintza argitasuna da. Ez zaio erabateko itzala gustatzen; erdi itzaletan edo eguzkitan landatu. Honetarako ere barietateak zeresana badu. Finenek erdi itzala nahitatezkoa dute. Loreontzian baduzu orain landatu dezakezu, baina kontutan izan aurtengo udan erruz ureztatu beharko duzula. Beste aukera duzu loreontzian mantendu, hor ere erruz ureztatuz, eta udazkenean azaroa abendua aldera landatu. Azkar eta indarrean haztea nahi baduzu ongarriketa ez ahaztu. Urtero azaroa aldera ongarri organikoa eman bere inguruan, ez enborraren aldamenean hostoaren bueloaren parean baizik.
212
Aupa Jakoba! Landareei hazia nola atera ikastea gustatuko litzaidake. Fruituei (tomate, kuia, etab.) erraz egiten dut baina apio, perejil, borraja... -ekin ez dut jakiten nola egin, eta azkenean handi egin eta lorea ematen duten arren ipurditik atera eta baztarrera botatzen ditut, aprobetxatu gabe. Berdin gertatzen zait bestelako landareekin ere (cinta, regadera...). Non ikas dezaket hau?ikastarorik, zure landareen liburu berrian...? Eskerrik asko aldez aurretik!eta gora baratzak!!! Maria 
Hazi handiak ematen dituzten landare horietatik haziak erauztea ez da hain zaila. Hazi txikiak ematen dituzten beste landare horietatik bildu eta jasotzea bai, zailagoa da. Hala ere aipatzen dituzun perrexila, borraja eta abar berez hedatzen dira. Haziak erori eta inguruan jaiotzen ikusiko dituzu. Horretarako landare oso-osoa ihartu zen arte ez kendu. Utzi haziei heldu eta zailtzen. Nahi baduzu ondoren landare osoa poliki-poliki atera edo moztu eta paper baten gainean astindu edo esku artean estutu eta hazi ttikiak eroriko dira. Bestela bertan utzi eta inguruan jaioko dira landare berriak. Hazien sareak badira ia lurralde guztietan eta horiek ikastaroak moldatzen dituzte gehienak udaren amaiera aldera. Adibidez Euskal Herriko Hazien sarea, Aleka, Kristina Enea Fundazioko Haziera, Nafarroako Hazien sarea eta abar.
213
Aupa Jakoba! Galderatxo bat, zure liburuan irakurri dut kuien atalean, komeniagarria dela landatutakoan inguruan inaurkina jartzea landarea hobeto itsasteko. Landare guztiei komeni zaie hau egitea (piper, tomate...) udara partean behintzat? eta hazten direnean, edo euri egunak direnean kentzea komenigarri ikusten duzu hezetasuna dela medio (kantauri isurialdean)? Eskerrik asko aldez aurretik!eta gora baratzak!!! Maria     
Landarea txikia denean inaurkina jartzea ez da kaltegarria eta giro beroak badira alderantziz lagungarria da. Gutxiago ureztatu beharko duzu eta beste belarren konpetentziarik ez du izango. Kontuz ordea euri asko egiten ari bada, hobe ez jartzea. Eta jarrita badago kendu, edo behintzat landareengandik urrundu.
214
Idea eta sasiak galtzeako....noiz moztu behar dira? Hitzaldi baten entzun neuntzun ekain eta uztaileko hilgoran baia zure egutegie ez doa bat beste egunkaroegaz
Maiatzeko, ekaineko eta uztaileko ilgorak dira mozteko onenak. Hiruretan mozten baduzu hobe. Maiatzekoa joan da. Ekainekoa 15 arratsaldetik 28ra izango da. Uztailekoa 13tik 26 eguerdira.  
215
Kaixo, baratzean baba txiki beltzaren landare ederrak ditut. Momentu honetan, loraldiaren ondoren, landareak izugarri garatu dira (2 metro baino gehiagoko landareak) eta leka aunitz eta mardulak dituzte.  Prozesuaren amaiera iristen ari den honetan ez nago ziur nola egin. landareak erabat lehotzen utzi behar al ditut, babarruna izango balitz bezala? zer aholkatzen didazue? Argazki batzuk bidaltzen dizkizuet. Milesker eta ondo izan.  Txisku Txiki.  
Baba beltx txikia eltzekari gisara jateko jaso egiten da. Horretarako ondo lehortu behar da, jasoptzeko babarrunak bezala. Horretarako lasai utzi, lekaren barruan dauden aleak janariz osatu eta zaildutakoan landarea ihartuko da, baita lekak ere. Orduan lekak Bildu, areago lehortzen utzi eta aletu eta jaso. Landare iharra ez atera ipurditik, moztu eta sustraiak bertan utzi lurra aberasten dute. Moztutako landareak ere luar pilarako oso onak dira, osorik edo txikituta. On egin!
216
Egun on. Zuhaitz, zuhaixka edo landare bat landatu nahi dugu gure amaren errautsekin batera. Jakin nahiko genuke ekainaren erdialdean landatu ahal izango genukeela, ondo hazteko bermea izateko. Lursaila Donostiako Ibaeta auzoko lokal batean dago. Ibarbide batean dagoenez, eguzkia eta itzala jasotzen ditu egunean zehar. Eskerrik asko erantzunagatik. Luis Garmendia
Nik zalantzarik gabe hagina jarriko nuke. Bertakoa da, hostorik ez du galtzen eta oso gogorra da. Txakurren etengabeko pixa errekek bakarrik akabatzen dute. Toki txiki samarra bada hagin zorrotza jarriko nuke (Taxus baccata Fastigiata Robusta) toki zabala eta enbarazurik egiteko arriskurik ez badago hagin arrunta (Taxus baccata)
217
Kaixo, hilabete hontako ze egun da egokiena patata ereiteko? Mila esker!
Erein egiten dela uste baduzu Ilgoran, eta ahal izanez gero sustrai egunean: 19an, 20 arratsaldean, 21ean eta 22 goizean; baita 29, 30 eta 31. Landatu egitewn dela uste baduzu Ilbeherara itxaron eta egun bereziak ekainaren 8, 9, 10 eta 11 goiza.
218
Arratsalde on, Jakoba: Bide hau aukeratu dut zuri arazo bati erremedioa jartzeko esperantzaz.  Kultibo mahai bat det etxean 1,5 m karratukoa. Inurritegi bat daukat bertan eta letxuak etab landatu aurretik ura irekiten bota  nuen lurrera, inurriak akabatu asmoz. Ba, ondoko tiestoetara zabaltzea besterik ez det lortu eta olibondo tiestoa ere inurriek hartu dute. Letxuak tipulinak eta marrubiak ere hartuta jarraitzen dute. Zer egin dezaket? Eskerrik asko aldez aurretik eta barkatu eragozpenak. Argitze    
Ez da lan erraza inurriak uxatzea. Loreontzietan daudenak bidaltzeko egingo nukeena zera da loreontzia oso osorik uretan sartu eta eduki gau batez edo egun oso batez gutxienez bertan. Entzun izan dut ozpina ere ez dutela gustuko. Ozpina urarekin urardotu eta esprai batekin busti maiz-maiz dabiltzan inguru guztia.
219
Arratsalde on: Zalantzak argitu nahiean, galderatxo bat luzatu nahi nizuke. Aspaldi xamar Urgull, Ulia eta inguruko bide hertzetan “marrubi antzeko” batzuk aurkitzen ditugu. Batzuk baietz eta besteak kontra ibiltzen gera, alegia marrubi edo beste landare mota bat  ote den. Bide batez, Argia eta Irratian jarraitzen zaitugunez gure esker beroena Jakoba! Adeitasunez,   Iñaki Zubillaga.  
Marrubiaren tankerako beste landare bat gero eta ugariago ikusten da bazter hauetan. Sasimarrubia da, Potentilla indica (lehen Duchesnea indica). Marrubiak lore zuria du, besteak horia. Marrubi fruitua konikoa da, bestea borobila. Marrubia zintzilik egoten da, bestea zut goruntz begira. Marrubia gozoa eta bizia da, bestea gozo antzekoa baina zaporegabea eta motela.
220
Arratsalde on! Baratzan karakolak eta bareak inguratzen zaizkigu eta ez dakit nola uxatu: karea botatzen dugu buelta guzian baina, ez dakit nola, pasatzen dira eta barazkiak jan. Kalabazinekin ez dugu karrerik ateratzen. Arrautzen azala botatzea ona dela entzun dut baina nola lortu inguru guztian botatzeko adina arrautza azal! Zer beste egin dezakegu? MIla esker. Axun
Errazena harrapatzea da. Horretarako gauez hurbildu behar da eta linterna baten laguntzarekin bildu. Bestea babesguneak jartzea: teilak, adar edo egur pilatxoak eta antzekoak; egun argiz azpian eta tartean babesten direnez miatu eta bildu. Tranpak ere jar daitezke; erabiliena hondoan edo ipurdian garagardoa edo sagardoa duten ontziak ertza lurraren mailan dutela lurrean sartu; edariak erakarrita bertan itoko dira. Gai ekologikoz osatutako produktuak ere badaude, janez gero hiltzen dituztenak. Landareen karea edo errautsa jartzeak eragin mugatua du. Ihintzarekin edo euriarekin bustiz gero trinkotzen dira eta mugalari lana galtzen dute.
221
Egunon Lote bat tokatu zait herrian sutarako egurra itteko,ze egun die aproposenak mozteko maiatzean? Agur bat Patxi  
Maiatzean haltza botatzen da, gainontzeko egurrak ez; horiek hobe udazken neguan. Haltza maiatzeko ilgoran mozten da. Ilgora 19an hasten da eta hilaren amaiera arte iraungo du. Agian egun berezienak ilgorak eta ilberriak bat egiten dutenak izango dira, maiatzaren 30 eta 31.
222
Noiz bildu? Azala lehortzean? Ala orain berdea dagoela?
Gaur egun ilarra berdetan, fresko eta samur-samur dagoenean jateko biltzen da hemen. Garai batean baba edo babarruna bezala lehortu eta lekale edo eltzekari bezala erabiltzeko jasotzen zen. Freskotan jan nahi baduzu berdetan bildu eta ahalik eta azkarren jan. Gutizia ederra da. Lehortu eta eltzekaria nahi baduzu, leka ihartu arte utzi bertan eta gero bildu, lekak aletu eta jaso.
223
Zein egun dira egikienak maistzean
Sagardoa eta gainontzeko edariak botilaratzea ilbeheran egiten da. maiatzean 5 eta 18 artean izango da ilbehera. 16 eta 17 ezik beste egunak onak dira baina onenak 12, 13 eta 14
224
                Kaixo Jakoba Tomate landara hauek ditut etxean. Ortuan labdatzeko gogoarekin daudela esango nuke baina gouz da. 5cm lorontzi hoietan beste hilabete bat izango zenituzke? Aguantatuko dute? Arinago landatu? Ez dakit zer egin. Zuk zer egingo zenuke? Eskerrik asko Toki
Zalantzarik gabe ezin dituzu egun bat gehiago eduki kartzela horietan. Atera eta birlandatu loreontzietaneman orainduten baino lur dexente gehiago. Ahal baduzu orain arte bizi izan diren toki berean eduki landatu arte. Haundi eta txiki badituzu eta agian onena bi landatualdi egitea litzateke onena. Bi data proposatuko dizkizut eta ahl baduzu egun horietan landatu, bietan eguerdia aurretik: maiatzaren 1 eta 20. Lehenean handienak eta gero besteak. Emango diguzu emaitzen berri...
225
Arratsalde on. Lekak ereiteko unerik egokiena zein izango litzake, apirileko hilgora ala maiatzakoa? Mila esker.
Aurten apirilaren amaieran ere ilgora dugu eta nahi izanez gero aste honetan bertan erein daiteke. Larunbata apirilaren 30 eta igandea maiatzaren 1 oso egun onak izango dira. Maiatzean izango den hurrengo ilgora ere ez da txarra izango.
226
Zelan uxatu
Hona BIZI BARATZEAn satorrarern atalean agertzen dena:   Satorra harrapatzeko tranpak daude. Beste batzuk kez edo urez betetzen diote satorzuloa, atera arazi eta harrapatzeko. Pazientzia gainezka dutenak munto berriak egiten dituenean aitzurkada emateko zain egoten dira. Askotan satorra akabatu nahiean egiten diren lan hauek bera ernegatzea besterik ez dute lortzen. Eta ondorioa okerragoa da, zulo berriak egingo ditu.  Intsusarekin edota tartikuarekin egindako irakinarekin ere betetzen zaiozkio zuloak.     Uxatzeko era errazagoa bada: metro eta erdiko burdinezko hagatxoa erdia lurrean sartu eta lurretik ateratzen den beste erdiaren muturrean, plastikozko botila bat sartu buruz behera. Haizea dabilenean botilak dantza egingo du eta honen mugimendua hagatxoak lurpera eramango du. Mugimendu honek sortzen dituen dardarak ez zaizkio batere gustatzen, eta ospa egingo du.   
227
  Arratsalde on. Pagoa kimatu behar dugu eta jakin nahiko nuke noiz den garairik egokiena horretarako. Mila esker Lorea    
Pagoa kimatzeko urte sasoi egokiena otsaila edo martxoa da, beti ere ilbeheran. Dagoenerako apirilean gaude eta beraz berandu antzera. Aurten nahitaez egin beharreko inausketa dela uste baduzute ahalik eta azkarren egin. Ilbeheran apirilaren 8, 10:16ean sartuko gara, 21 arte; baina momentu onena 11ean izango da, 13:00 eta 19:oo artean.
228
Baratze inguruko eta zelaiko asuna bakantzeko Edo hobeto esanda eliminatzeko ze ilargitan moztea komeni da?
Beti ilgoran moztea komeni da. Moztu eta moztu indargabetu arte. Era berean lur azidozalea da eta beraz karea emanda atzeratu egingo da. Bi gauzak batera egitea onena.    
229
Egunon, Honela dio erosi dugun metro bateko hagiñan ontziak: Taxus bacata fastigiata robusta (argazkia behean erantsi dut) Fastigiata robusta hauek zutabe batean hazten direla dirudi. Zalantza: mendian landatzekotan giñan Urbia inguruan, baina orain konturatzen gara inguruan dauden hagiñak ez direla berdiñak eta ez dugu nahaste horrekin kalterik sortu nahi. Aproposa al da landatzea naiz eta beste bariedadekoak izan? Hala ba da, ondo aldatzeko argibide batzuk eskertuko nituzke. Eskerrik asko. Pellon falta iada somatzen hasiak gara, itzala luzea...Maite zaitugu Pello! Lurrak arin bekiola..      
Hagin hori, zuk diozun bezala txorrotx-txorrotx luzatzen da. Ez da hemengo mendiko hagin zabala bezalakoa, hortik “Fastigiata Robusta” izen hori. Egia da bere polena nahasteko aukera izango dela mendian landatuz gero. Zeuk ikusi. Forma horretako haginak lorategi eta etxe inguruetan ikusten dira batez ere. Bertan sortutako bat landatzea hobe izango da, bertako hagin bati hartutako hazi batetik sortutakoa alegia. Txorrotx hori beste nonbait landatu, orain apirilaren erdi aldera arte horretarako sasoia da. Landatzerakoan kontutan izan lurraren maila orain duen toki berean izan behar duela. Eta lehen urtean erruz ureztatu.
230
Arratsaldeon Jakoba, Larrosa txiki bat daukat leihoan, eta iñausteko garaian sartu garenez orain ilbeheran, lan hori egitera noa. Baina ondoren, ukenduren bat eman behar zaio ebakidura-zaurietan, ezta? Zer eman ahal zaio? Mila esker Itziar    
Landareei egiten dizkiegun zauriak ahalik eta guraize zorrotzenarekin egitea da garrantzitsuena. Zauria airean utzi behar da. Ore antzeko ukenduek mesede baino kalte gehiago egiten dutela aspaldi jakina da. Beraz zauriak utzi bere horretan eta landareari lagundu ongarri ona emanez lurrari.
231
Pagoari noiz eta nola egin " trasmotxea"??(25 urte ingurukoak(   Eskerrik asko!!  
Ez dakik nolako pagoak diren: lehen lepatuak eta 25 urte utzita egon direnak edo landatu eta 25 urte eta sekula lepatu gabeak. Bietan inausketa arriskutsua da lepatze hori. Nola egin? Adar berriak eman eta zabaltzea nahi duzun altueran moztu. Noiz beti neguko ilbeheran. Ostiralera arte duzu.
232
Aste honetan 400 abeto duglas zartu behar dittut, zer da oso berandu?? Eskerrik asko!!    
Duglasak ez du hostorik galtzen neguan eta beraz martxoaren amaiera arte lasai landa daiteke.  Saiatu beti ilbeheran egiten, izotzik ez den egunean.
233
Galderatxo bat egin nahi nizuke Ahalko zenidake aholkatu noiz erein edo noiz aldatu produktuak? Gipuzkoako Hernanitik hitz egiten dizut
Hiru bide emango dizkizut ereintza eta landaketa egutegia eskuera izateko: 1.- BIZI BARATZEAko buletinerako harpidetza. Neronek moldatuko dizut hau. Honela, besteak beste, astelehenero goizeko 08:00etan aste bakoitzean zein lan egin behar diren jasoko duzu. 2.- Informazio hori bera www.bizibaratzea.eus wegunean “Asteko lanak” atalean daukazu. 3.- Urtero Bizi Baratzeak argitaratzen duen “ILARGIA ETA LANDAREAK” agenda eskuratu, https://azoka.argia.eus/produktua/ilargia-eta-landareak-2022-agenda/ . Bertan dituzu bilduak lan guztiak, batia egutegi orokor bat ere eta, nola ez, agenda izaki egiten dituzun lan guztiak ondo apuntatu eta jasotzeko aukera ematen dizu. Gero emaitzak eta ilargiaren egoera parekatu eta ikasteko. 4.- Antzekoa, laburtuagoa duzu ILARGIAREN EGUTEGIAn, https://azoka.argia.eus/produktua/ilargiaren-egutegia-2022/
234
Honakoa pasatzen zaigu tipulekin:  Duela 3 urte hasi ginen tipula plastikoarekin jartzen. Lehen urtean primeran. Ale ederrak eta sanoak. Azken bi urteeta berriz, urtero lekuz aldatuta noski, usteldu egiten dira. Ale dexente txikiagoak eta asko bAratzean bertan usteltzen hasiak kanpotik. Ateratakoan ikusten da zainak dituzten lekuan har txikiak dituztela. Halere ez dakit zein diren lehenak, ustela edo harrak. Onddorenbat ote den pentxatu dut baina aldapan egonda eta ureztatu gabe eztakit ba. Azebarioekin ere azken urteetan gaizki. Erne gutxi eta hala ere gero desagertu egiten dira. Zerbaitek janda agian.  Mila esker. Iraitz
Usteldura hori zergaitik sortu daitekeen aztertu behar da. Aipatzen dituzun har horiek izan daitezke errudunak. Harrak hozka egiten duen tokian gaitza sartzen da. Beste animaliatxoren batek ere sustraiak jaten dakizkioke. Hark egindako zaurietatik sartuko litzatake usteldura sortzen duen onddoa. Sataina, luhartza... Begiratu ea galeria tankerako zulotxorik ikusten duzuten sailean. Beste aukera bat da hezetasun handiegia izatea, plastikoa jarri delako izan daiteke, edo ura pilatzen den tokia delako sustraien hasierako parte hori usteldu daiteke. Pentsatu tipulari hezetasuna ez zaiola zipitzik ere gustatzen. Usteldura guztiak, azken beltzean, hezetasunak ekartzen ditu. Edozein eratara lurra harrotu, ildo-bizkarrak edo muntoak (40 cm inguru altuerakoak) egin eta bere bi aldeetan landatu, eta abar egin saila lehortzeko. Kontuz gehiegizko ongarriketarekin ere. Tipulari ez zaio ongarria gustatzen, eta baldin bada oso ondo ondua edo luartua. Ondo egin gabekoak ahul haztea dakar eta gaitzetarako samurragoa.
235
Azebarioekin azken urteetan gaizki. Erne gutxi eta hala ere gero desagertu egiten dira. Zerbaitek janda agian.  Mila esker. Iraitz
Azenarioari beroa gustatzen zaio, eguteran erein. Ongarri freskorik ez eman. Ureztaketa ere ez ahaztu ttikia denean, baita tarteko belarrak kentzea ere. Erein aurretik lurra ondo harrotu eta errautsa lodi ematea trikimailu ona da.
236
Egun on, Ortuaren inguruko galdera pare bat dauzkat. Aurten lehenengo urtea da hazitegia egiten dudana, aurreko urtean landatutakoaren haziekin, alegia. Udan hartutako barazkien haziak sikatu eta aurreko astean jarri nituen. Negutegi txiki bat egin dut eta bertan jarri ditut, irudian ikus daitekeenez. Galdera honakoa da, zenbatero ureztatu beharko nuke hazitegia? Negutegiak egun osoa emango du itxita. Nahikoa da goizetako ihintzarekin? Beti hezea egotea komeni da edota landareak berak bezala egunero edo bi egunetan behin ureztatuko dut? Kutxa bakoitzean, nahiz eta bananduta eta identifikatuta egon landare ezberdinak daude (piper berde handi eta txikiak, piparrak, tomateak, txerriak, berenjena, kuia eta kuiatxoa...); maiztasun igualarekin ureztatuko ditut? Bestalde, ongarria botatzen hasi beharko nintzateke lurrari? Normalean aste santuko oporrak aprobetxatzen ditut ortua prest uzteko, baina aurten apirileko azken astean direnez ez dakit asko berandutzea izango den. Aldez aurretik eskerrik asko eta zorionak lanagatik, Zaindu
Hazia ondo hozitzeko, ernetzeko, lurrak heze egon behar du. Hala ere lurra ez ito. Ihinztagailu bateko lainoztatu eta lurrazala busti. Bandejetan jarri duzuna lur harroa bada maiz-maiz, berak ere ura hartzen baitu. Denak batera ureztatu bai. Haziek portaera beretsua dute urarekiko. Batzuk lehenago jaiotzea da normalena. Ongarriketa bai, ahalik eta azkarren egin. Orain ongarri ondua bakarrik erabili. Hurrengorako gogoratu lan hori udazkenekoa dela, eta orduan bai bota dezakezu ongarri berrixeagoa.
237
Arratsaldeon Jakoba, Efelido landarea erosi eta aste gutxiren barruan orriak galtzen hasi zan. Leku freskoago baten jarri dut, urik ez dau falta izan ez larregi  ez gitxiegi, behar izan duena hezetasuna mantenduz baina... Argazkian ikusi ahal duzunez egoera eskasean dago une honetan. Egunero aireztatzen hasi naiz. Ez dakit berbiztu ahal izango dudan.  Tiesto berean koleoak erein ditut eta astea bete orduko erne dira jada.  Zure liburua kontsultau dut eta lainoztatzea aholkatzen duzu, hori zelan egiten duzu? Dutxara noanean nirekin eraman lurruna jaso dezan?  Ahal baduzu erantzun eskertuko dizut
Landare mokofina da efelidoa. Ez da erraza asmatzen zer toki duen egokia: haize-korronteak, argia eta abar. Ureztaketa ere kontuz egitekoa du. Negu partean ur gutxi eman behar zaio. Udan gehixeago. ETXEKO LANDAREAK liburua baduzula ikusten dut beraz ez dizut uraren atal hori azalduko.Lainoztatzeari dagokionez ihinztagailu edo ura fin xamar zabaltzen duen edozein esprairekin egin dezakezu.
238
Gabon, Jakoba. Kontsulta batekin nator. Nire koinadu batek duela Ia 40 urte ipinitako sagasti ederra du Garinen. Urte askotan sagardotegi batera saldu izan du sagar gehiena baina azken urteetan berak sagardoa egiten du etxerako. Emaitza bikaina da. Oso ona!!.  2000ko "patsa" baratz ertzean banatu zuen eta sagar landara ugari atera ziren. Onenak (40cmkoak) behin betiko lekuan berlandatu ditu. Gune haizetsua da eta honen helburua zuztar ederrak garatuz, haizeak sagarondoak ez botatzea da. Jakin nahiko luke ea landara hauek aproposak diren "patroia" bezala erabiltzeko. Ez du inongo presarik. Bere asmoa landara hauek hazten uztea da enborran neurria txertatzeko gai izan arte. Zer iruditzen? Zein da zure aholkua?. Bide onetik doa?.  Esango diguzu. Aldez aurretik eskerrik asko harretagatik. Ondo izan, Lurdes
Zorionak sagardoagatik! Ez da etxekoa bezalakorik. Patsak draman hazi pilatik sortutako landarerik ez nuke nik mentu oinetarako erabiliko. Hazi horiek urte askotan zehar hautatu eta bereizitako barietateetako sagarren haziak dira. Frutatarako onak dira, baina ez dira aproposak oinetarako edo gero txertatzeko. Era berean Bakoitza ama batena izango da, barietate desberdinetakoak eta polinizazioan gertatutako hibridazio desberdinetakoak. Honek esan nahi du sortu den horietako bakoitza erabat desberdina izango dela. Nik ez nituzke inolaz ere txertatzeko erabiliko. Ikaragarrizko lana egin eta urtetara jabetuko da akatsaz... Orain bai, erraza dirudi, sagar landare mordoxka pas pilan, baina... Mentu oinetarako ahal dela basoko sagar makatzak erabili behar dira. Edo sagarrondo txikiak nahi badira saltzen diren klonak.
239
Egun on. Nafarroako kanpin batean bungalow bat dugu. Albo batean, jardineratxo batean lehengo urtean tomate landare bat eta piper landare batzu oso ondo etorri zitzaizkigun. Etxe atzealdean, tokia badugu baina eguzkiak zuzenean ez dio ematen. Zerbait landatzerik edukiko genuke? Kuia, kuiatxo, piper.... Ur arazorik ez du, ureztatze automatikoa bait daukagu. Eskerrik asko
Tomate, piper, alberjinia eta antzekoak fruituak dira eta horiek eguzkia maite dute. Itzaletan oso ondo etorriko dira hostoa kentzen diegun barazkiak: ziazerba, zerba, uraza, eskarola, txikoria eta antzekoak. Oso ospela ez bada baita sustraiekoak ere: azenarioa, errefautxoa eta erremolatxa. Nahi izatera saiatu kuiatxo landare batekin eta ikusiz ikasi.
240
Tengo un limonero con el aspecto que se ve en la foto. Me han dicho que puede tener un hongo pero llevo un mes echándole fungicida y ni mejora. Qué puede ser?
Para mi no hay rastro de enfermedad ni de hongo. Las marcas pueden ser de haber sufrido una granizada. También vive en un tiesto demasiado pequeño, ridículo si queremos que produzca. Y por otra parte clarea o ralea los frutos para que la planta tenga un respiro y coja fuerzas para fructificar mejor en el futuro.
241
Laranjondoa inausteko sasoia giro epelak eta lurra beroa dagoenean. Hemen azkarrenera apirilean eta ekaina aldera onena. Beti ere fruitualdia amaitu eta loraldi berria irekitzen hasi baino lehenago.
242
Intxaur amerikanoa noiz adarrak moztu?
Intxaurrondo amerikarra, Juglans nigra, ez da maiz ikusten den arbola. Zorionak inguruan bateren bat baldin baduzu. Adarrak mozteko sasoi onena izerdia mugitzen duenean da eta ilbeheran. Martxoko ilbeheran, alegia.
243
Kaixo, jakin nahi nuke ilarraren hasia noiz bota behar da, hau da, zer ilargirekin. Nik jarri ditut "creciente" n baina esaten didate "descendente" an izan behar dela. Mila esker
Ereintza lanak ILGORAn egiten dira. Gazteleraz ascendente. Ahal baduzu lore edo fruitu egunean.
244
Kaixo Jakoba, Urdazubi tik galdetu nai nuke !! Noiz erein dalia ren bulboak ??Milesker.
Otsaileko ilbeheran egin dezakezu, eta Urdazubin baita martxokoan ere lasai asko. Otsailean 13 eta 25 tartean, 18an ezik; martxoan 12tik 23 eguerdira arte.
245
Galdera bat egin nahi genizuke. Alegiako herri eskolatik idazten dizugu eta jakin nahiko genuke, eskola inguratzen duen burnizko hesian itxitura naturala egiteko enredadera bat nahiko genuke.Hau da gorra eta errez haziko dena, neguan babes beharrik gabe al bada.Zure laguntza eskertuko genuke, erosi eta auzolanean landaketa egin aurretik.
Hona nire ustez aukera onenak. Begiratu bakoitzaren ezaugarriak: hosto iraunkorra edo ez, loraldi luzea edo motza, usainduna edo ez... Eta zuek erabaki. Hona sorta: pasiolorea (Passiflora coerulea), jasmina (Jasminum sp.), sasi jasmina (Trachelospermum jasminoides), huntza (Hedera helix, kolore askotakoak), bignonia (Campsis radicans), glicinia (Wisteria sp.), atzaparra (Lonicera caprifolium), klematisa (Clematis sp.), parra gorriak (Parthenocissus quinquefolia eta Parthenocissus tricuspidata). Ea moldatzen dezuten.
246
Kaixo, Jakoba: Limoiondo bat eta mandarinondo bat dauzkagu loreontzi handietan. Urtarrilean ale ugari eman dituzte, eta, erantsi ditugun argazkietan ikus dezakezun bezala, handi samar daude. Hori dela eta, lurrera aldatzekotan gaude. Baina, halere, hainbat zalantza dauzkagu; izan ere, Berastegin bizi gara, Izotzalde auzoan, eta izenak dioen bezala baserria leku laiotzean dugu. Beraz, hauexek dira gure galderak: 1) Merezi al du lurrera aldatzea? 2) Hala balitz, non kokatu? Guk bi aukera hauek ikusten ditugu: Lehena lorategira (leku askorik ez dugu) aldatzea litzateke. Han, etxeak ipar-haizetik babestuko lituzke (pittin bat), baina arazo handi bat ikusten diogu: neguan ez du eguzkirik jotzen, batere; izotzak, berriz, gogotik. Bigarren aukera baratzearen inguruko lur-sailera aldatzea litzateke. Han ere neguan eguzki oso gutxi eta ipar-haizearen aurkako inolako babesik ez lukete izango. Zalantza horiek argitzen lagunduko diguzulakoan, mila-mila esker! Ondo izan! Gurenda
Berastegin nahikoa lan izango dute garrazki horiek kanpoan bizitzeko. Batera edo bestera erabakitzeko, noski eguzki gehien izango duten tokira. Onena aterpe bat izatea da; izotza beti goitik behera etortzen da eta txapela moduko edozerk babestuko ditu. Bi aukera:1.- Baratzean aterpe bat eraiki. Zurezko egitura bat negu partean plastiko garden batekin estaliko dena.2.- Oraintxe dauden tokian lurrean zulotxo batzuk egin eta bertan landatu, teilatuaren babesean.
247
Sagarrondo zahar batzuk mugarratu ditut eta zauria sendatzeko zer erabil dezaket? Mila esker erantzunaregatik
Mugarrotzerakoan zauri handiak sortzen dira. Horiek sendatzea lan zaila eta nekeza da arbolarentzako. Ebakia egiterakoan adarraren oinarrian dituen orbaina sortzeko guneak ez moztea da garrantzitsuena. Zauria estali eta sendatzeko ukenduek kalte besterik ez dute egiten. Zaurian izerdia ahalik eta libreen ibiltzea da orbaina ondo eta sano sortuko denaren berme onena. Ez eman inolako ukendurik. Izatez gero laster ezereztu eta eroriko den ukenduren bat. Nire gomendioa: behi kaka, buztina eta salda bordelesa egiteko oinarrizko hautsa. Ondo nahasi, ur ttantta bat behar badu gehitu eta ore lodi bat egin. Zauria estali, baina euriarekin eta abar laster desegingo da. Salda bordelesak kuprea eta karea ditu, lehortzen lagunduko dute eta fungizida lana ere egingo dute, gaitzen lehen erasoetatik babestuz.
248
Noiz kimatu kiwiak?
Martxoko ilbehera da inausteko sasoi onena. Hala ere giroak epeletik badoa eta egun argitsuak badira otsailekoan ere inausi daitezke.
249
Kaixo, Jakoba: Intxaurrondo handi bat daukagu, eta, fruituak eder eta ugari ematen baditu ere, apur bat kezkatuta gaude. Izan ere, enborraren erdialdean arrakala bertikal handi bat dauka eta azkeneko bi urteetan arrakala hori gero eta sakonagoa egin dela iruditzen zaigu. Negu honetan, berriz, arrakala pixka bat betetzen ari zaiola ematen du, baina ez gaude ziur. Zer iruditzen zaizu? Zure ustez, zer egin beharko genuke? Pena litzateke horrelako intxaurrondo bat galtzea. Mila esker!
Zartadura eta arrakala ugari du arbola intxaurrondo horrek. Hori ez da, ordea, txarra. Arrakalak sortzeko arrazoi ugari dago. Adibidez adar handi horren ingurukoak adarraren beraren mugimenduek sortutakoak direla iruditzen zait; baita adarraren hazkundeak eraginda ere. Goitik beherako handi horri tximistak jotakoa izan daiteke edo gainean duen adarretik sortu eta pixkanaka pixkanaka beheruntz dijoan ustelduraren batek ere. Hala ere garbi dago: zauri haundi hori ederki ixten ari da. Intxaurrondoak indarra eta kemena soberan dituenaren adierazle. Egin dezakezuen onena ongarria ematea da. Adarjearen bueloak hartzen duen lur sail osoa erruz ongarritu. Eta ilargialdi batera karea eman; kare koxkorra eta 200 gramo metro kuadroko. Karearen ordea egur errautsa ere erabili dezakezu, 100 metro kuadroko 20 litro inguru errauts emanez.
250
Intxaurrondo ta gaztainondo injertatuak landatu berri ditut. Podatzea gomendatzen duzu? Podatu gabe fruitu gutxiago emango dute? Podatzekotan noiz da sasoi ona? Eskerrikasko Jakoba
Ez inausi, ez. Utzi hazten eta zure alturatik behera adarren bat sortzen badute hura moztu, uda partean uztaileko ilbeheran. Inausi gabe ez dute fruta gutxiago emango. Txertuak egingo du lan hori. Eta luzeago eta hobeto biziko dira. Horrez gain, biak ala biak onddoen erasoekin asko sufritzen duten arbolak dira. Zauriak, badakizu, onddoak sartzeko eta gaitzak barruratzeko bide errazena dira.
251
Egun on Jakoba! Egurra moztu ondoren zerrin mordoa dut. Nola erabili dezaket hau baratza edo fruitu arbolentzako? Errautsaren funtzio berdina du edo ez? Eskerrikasko bihotzez
Zerrauts berriak tanino asko du eta landareak hil ditzake, landare ttikiak. Ez handiak, zuhaitzak, arbolak eta abar. Horregatik handi horien azpian zabaldu dezakezu. Hala ere nire iritzian luartzea edo ontzea da onena. Nahasi simaurrarekin edo luarrarekin Hilabete batzuk utzi ondo usteltzen eta gero erabili ongarri gisa. Bakarrik ere utzi daiteke bazter batean eta luarra bezala landu usteldu arte. Errautsa oso desberdina da. Errautsak karearen tankera handiagoa du eta haren antzeko helburuekin erabiltzen da. Zerrautsa ongarritarako edo berdetan belarrik ateratzea nahi ez dugun tokiren batean.
252
Kaixo, jakin nahi nuke kobrezko haria ea erabiltzen duzun zuhaitzetan. Eskerrik asko
Erdi Aroan pentsatzen zuten metalezko hariak eta iltzeak zuhaitzei eta arbolei enborrean sartuz gero ikaragarrizko indarra eta kemena ematen ziela. Burdinezkoak, kuprezkoak eta baita zilarrezkoak ere jarri izan zituzten. Lore gehiago, fruitu gehiago, gaitza gutxiago eta abar. Gerora ere jarraitu izan da jarduera horrekin. Alfer-alferrik ordea. Soilik zauriak egiten zaizkio landareari, eta zauri horietatik gaitzak eta abar sartzen dira. Horrek landarea ahultzen du, inausketak bezalaxe eta horren eragiten du lore eta fruitu gehiago ematea, baina epe motzeko eragina da hori. Askoz lehenago hilgo baita. Kupre hariarena mahatsondoetan eta tomateetan erabili izan da, batez ere. Gorrinari egiten dio aurre kupreak eta landare horiek bereziki sufritzen dute gorrin gaitzak sortzen dituzten onddoen erasoa. Batzuetan alanbre haria enborrean alderik alde sartzen zaio, tomateari adibidez, eta beste batzuetan buelta eta bira enborraren bueltan jartzen zaio. Ustez landarea gaitz horietatik babestuko da hari horretatik hartuko duen kuprea medio. Maiz egin izan da saio hori, baina ez dago emaitza egokirik ematen duen arrastorik. Beraz nik ez nuke sistema hori erabiliko. Hobe duzu kuprea bere forma ohikoetan erabili. Beti ere jakinda kuprea neurri batean toxikoa dela kontutan izanda. Hau da, ahal baduzu kuprea erabili aurretik beste tratamentu batzuekin saioa egin: asun edo azeribuztan minda eta abar.
253
Aupa Jakoba! Gaztainondo injertatuak sartzeko egun ona da abenduaren 20a? Ilbehera da( eztakit ze ordutatik aurrera) eta goizean badirudi ez dela momentu ona? Ze ordutatik aurrera da ona? Ez dit jartzen egutegiak. Millesker ta zure beste proposamenen bat ere gustora entzungo dut
Datorren ilbehera hori ona izango da gaztainondoa bezala, hostoa galtzen duten landare guztiak landatzeko, baita urtarrileko eta otsaileko ilbeherak ere. Abenduaren 20an ilbeheran sartuko gara, 05:35ean, baina ez da egun egokia. 21etik atzera urtarrilaren 1aren eguerdia arte denak onak. Urtarrilean 16 arratsaldetik 28ra eta otsailean 13tik 25era, egun horiek denak barne.
254
Egun on, Jakoba!Durangoko azokan zure stand-ean egon nintzen, baina jendea zeneukan eta ez nuen aukerarik izan zurekin hitz egiteko. Egutegia hartu nuen ilargiaren eta une bakoitzean egin daitezkeen laburpena biltzen dituena (oso aproposa behar dudanerako) baina ondoko zalantzarekin geratu naiz. Sagarrondoak kimatu (podatu) nahi ditut, eta uste dut orain hasi eta otsaila aldera arte dela sasoia, baina zein egunetan litzateke egokiena....ilargia kontutan hartuta esan nahi dut...Ea erantzuterik baduzun! Aldez aurretik mila esker eta ondo segi! ;)
Orain landaketak egiteko garaia da, otsailaren amaiera arte. Sagarrondoak kimatzeko sasoi onena izerdi berria hasten denean da. Hemen martxoa aldera. Itsasalde epelean bizi badira edo gori oso beroak badoaz otsailean ere bai. Baina hori baino lehenago egitea ez da komeni. Inausketa edo kimaketa egiteko onena ilbehera da. Egutegian ikusi ahal duzunez martxokoa 12tik 25 eguerdira arte izango da. Otsailekoa16 eguerditik 28ra.
255
Noiz garai onena olibondoa aldatzeko?
Udaberriaren atarian. Martxoan baita, tokia hotza bada, apirilean ere.
256
Gabon Jakoba, zein frutarbola landatu leike garai hontatik hasita urte bukaerara arte? Eta non eros daitezke?
Hostoa galtzen duten landareak landatzeko sasoia da hau. Azaroaren erdialdetik hasi eta otsailaren amaiera arte. Hostoa galtzen duten fruta arbolak, adibidez: gaztainondoa, mizpira, kakia, mingranondoa, muxika, mertxikondoa, brinoia, paraguaioa, gereziondoa, abrikotondoa, aranondoa, arbendolondoa, udareondoa, elorri beltzasagarrondoa, gurbea edo maspila, pistatxondoa, hurritza, pikondoa, intxaurrondoa, marugatzea, irasagarrondoa, mahatsondoa, kiwaïa, kiwia..Kontutan izan: izotzik izango ez den egunetan egin behar da landaketa..Erosteko bi aukera dituzu mintegietan edo nekazaritza kooperatibatan eta hemendik atzera gero eta ugariagoak izango diren azoketan.
257
Noiz izango nuke landare berriak sortzeko egunik oberena!!
Berandu xamar da aldaxkak egiteko. Neguan babesean izateko negutegi edo antzeko tokiren bat izanez gero aurrera, bestela udaberriko izardialdi berriari itxarotea onena. Beti ere ilbehera egunean eta ahal izanez gero sustrai egunean egin. Azaroaren 30 eta abenduaren 1, adibidez. Itsasten laguntzeko ureztatzeko zumearen azal berriarekin eta hostoekin (txiki txiki egin eta uretan beratzen eduki 2-3 egun) edota dilistekin (paper edo oihal hezean ernatu ondoren txikitu eta urarekin nahasi) egindako ura erabili.
258
Aspaldiko urteetan artoa eta babarruna leku berean ereiten ari gara, 3000 m2 gutxi gora behera. Urtero kriston artoa lortzen dugu, baina azken bi urte hauetan babarrun gutxi. Babarruna jaiotzen da eta sustraia ihartzen edo usteltzen joaten zaio, barrutik hutsa bezala geratzen da, eta landarea ihartu edo batere indarrik gabe geratzen da. Lur saila Añorgan dago, ez da zelaia, urak korritzen du, nahiko lur hondartsua da. Ilada batetik bestera metro bateko tartea uzten dugu eta zuloen artean 70 cm gutxi gora behera. Zulo bakoitzean bi arto ale eta babarrun bakarra botatzen dugu. Zer gomendatzen diguzu? (kontuan izan 3000 m2-ko soroa beste leku batera eramatea ez zaigula erraza egingo)
Kontatuidazu ongarriketa nola egiten duzuten, edo ez duzuten egiten… Eta urak korritzen duela hori… Milesker
259
Noiz batu behar dira kiwiak?
Kiwia (Actinidia sinensis), gure lurretan ez da arbolean bertan heltzen edo umatzen. Arbolean utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzekoe do gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran. Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahl den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jar
260
Noiz landatzen da korostia?
Neguan hostorik galtzen ez duten landareetakoa da gorostia. Horiek landatzeko sasoi onena udaberriaren hasiera da, itsasaldean martxoan eta toki hotzetan baita apirilaren lehen erdian ere.
261
Kaixo Jakoba, etxeko balkoian urtebete pasatxo duen limoiondo hau daukat (ikusi argazkia). Galdetu nahi nizun batetik, ea noiz aldatu behar nukeen lurrera, eta bestetik, ea aurretik, ondoren, ala noiz txertatu behar dudan. Milesker
Limoiondoak neguan ez du hostajea galtzen. Horrelakoak udazken hasieran edo udaberriaren hasieran landatu behar dira. Limoiondoa bezalako berozaleak direnak udaberri hasieran hobeto. Martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran. Txertatu martxoan adarreko txertoa bada eta begikoa bada uztaila-abuztuan.
262
Zein diztantziara jarri behar dira?
Horrek esan nahi du oraindik ez duzutela BIZI BARATZEA liburua eskuratu...Bertan honelaxe dio: errenka artean 25-30 cm eta errenkadaren barruan porrutik porrura 10-15 cm. Zenbat eta tarte handiagoa porruak lodiagoak egingo dira. Tarte estuagoarekin porru meheak baina gehiago.
263
Intxaurrondo injertatuak landatu nahi ditut piñua botatako lekuan. Viverista batek esan dit agian ez dela ideia ona. Lur azpian geratutako piñuen sustraien onddoen ondorioz edo... ze iritzi duzu?
Nire ustez pinudia izan izanak ez du eraginik. Hori baino garrantzitsuagoa da lurraren izaerak. Lur buztintsu eta astuna bada nik ez nuke intxaurrondorik jarriko. Buztinaren elastizitatearen eraginez sustraiak autsi egiten dira eta zauri horietatik sartuko dira onddoak. Beraz arazoa ez da onddoak bertan izatea (lur guztietan gutxi edo gehiago daudenak) baizik eta zauriak sortzea. Intxaurrondoari urak erraz alde egiten dion lurra gustatzen zaio.
264
Noiz inausi?
Nik ez nuke inausiko. Inausketa behar bezala egi ezean fruitua atzeratu egingo duzu edota urte bat edo batzuetarako galdu. Inausi ezean landarea sanoago (zauririk gabe) eta loretarako begiak osatzeko indar handiagoz egongo da. Inausita lore eta fruitutarako kemena apaldu eta adar berriak sortuz lehengo forma berrezkuratzeko grina piztuko diozu. Adarren bat kentzea behar beharrezkoa baduzu, enbarazu egiten duelako edo, martxoaren amaiera edo apirila aldera moztu.
265
Kaixo zein da larrozak eta ortentziak mosteko garaia?Zure erantzuna espero dutEskerrikasko
Arrosondoak eta hortentsiak inausteko sasoi nagusia otsaila-martxoa da. Abuztua-irailean ere egin daiteke, baina landare berriak sortzeko aldaxkak izateko besterik ez. Udaberrikoa da garai nagusia. Ilbeheran egin beharreko lana da. Landareak non bizi direnaren arabera lehenago edo geroxeago egin. Toki epeletan lehenago eta hotzena geroxeago.
266
Kaixo egun honetak zeintzuk dira kiwiak, zagarrak eta kalabasak batzeko?Zure erantzuna espero dutEskerrikasko
Iraupenari begira luzarorako nahi baditugu ilbeheran biltzea komeni da. Urriaren 26tik azaroaren 8 arte. Eguraldiaren arabera lehenago edo beranduago egun tarte horretan. Toki epeletan eta izotz beldurrik ez bada azaroaren 23tik abenduaren 5era arteko ilbeheran ere bai.
267
Egunon, sagardoa egin nahi degu eta jakin nahi nuke Urrian ze egun diren hoberenak hortarako,Milla esker, Begoña
Urrian 12tik 26ra izango da sasoi onena.Egun onenak sagarra jasotzeko 12 arratsalde, 13, 21 eta 22.
268
Egun on Zer moduz? Arkaitz naiz, Aurtiztik idazten dizut, Itureneko auzotik, Nafarroatik. Duda ttiki bat daukat, aurten baratzean Kakahuetezko kalabazak jarri ditut eta ez dakit noiz bildu behar ditudan. Eskertuko nuke erantzutea, dexente dauzkat eta pena izango zen galtzea. Eskermila eta segi bixkorrean Zaindu Aio
Kuia denak jasotzeko bide bera dago: kuia landareari lotzen duen txortena lehortu egin behar da. Txortena ondo lehortua dago kolore berdea erabat galdu eta txortenari berari saihets antzekoak sortzen zaizkionean. Jasotzerakoan ez tiratu, txortenarekin askoz gehiago iraungo du. Moztu txortenaren aurretik eta ondoren landarearen adarra. Ondoren jarri kuiak berotan, egun dezente, barrutik gozatu eta kanpotik zaildu egingo da. Ondoren toki fresko eta ondo haizeberritzen den batean jaso. Azkar jan asmo dituzunak ilgoran bildu, irautekoak, aldiz, ilbeheran. Beste muga bat izotzaldia da. Izotza egingo duen susmoa badezute aurretik jaso.
269
Zer egin larronsondo honekin?
Hasteko ezagutu beharko genuke zein eratako arrosondoa den. Igokaria, arrunta, txertatua..Orokorrean esan daiteke azpitik berritzea komeni dela. Adar zaharren bat behe-behetik moztu eta kimu berri bat sortu dezala. Horrela urtero egin eta urte gutxitan erabat gaztea eta berria den landarea izango duzu. Geratzen dien gainontzeko adarrak ere pixka bat kimatu loraldia biltzeko eta eskuerago, bistaerako izateko.
270
Kaixo Jakoba, lagun batek orkidea "kume" bat oparitu dit, orain, zuztarra baso bat uretan daukala daukagu, baina zer egin beharko genuke? Orkideentzako lurra erosi, eta zainak bertan lurperatu? Eskerrik asko!
Bai diozun eran orkidearentzako berezia den nahasketa jarri ontzi garden batean eta bertan sustraiak sartu. Luzeenak kanpoan utzi daitezke, antzera egiten baitute lana kanpotik...
271
Kaixo Jakoba, ahuakateondo bat daukat ontzian, eta lurrean aldatzeko garai ona noiz den jakin nahiko nuke. Gipuzkoako kostaldean bizi gara. Zenbat leku behar duen ere jakin nahiko nuke, inguruan beste zeozer jartzekotan kontuan izateko.Eskerrik asko.
Orain landatu dezakezu. Baina udaberrira arte loreontzian balego bezala ureztatu beharko zenuke, sustrai berri ahulak izango baititu. Beste aukera loreontzian bertan mantendu eta martzoan landatzea da. Tarte handia utzi, oso handia egiten baita eta gero bestela inausi egin nahiko duzu. Tarte handia 8-10 metrokoa, alegia.
272
Aurten buganbilla honek ez du lorerik eman. Zer egin?
Argazkian ikusten denez arnasik hartzeko adina hosto ere ez zaio utzi.Inausketa kriminala egin zaio eta bizirik irauten nahikoa lan badu. Beraz pentsatu loreak emateko moduan... Loreak emateko lehenengo janaria sortu behar du eta hori hostoetan egiten du. Utzi bake-bakean ukitu gabe eta bi edo hirugarren urtean berriro ederki loratuko da. Adarrek enbarazo egiten badute bildu lokarri batekin horma aldera eta kito.
273
Kaixo Jakoba! Ba al dakizu esaten Zeraingo mandio tabernaren aurrean dagoen arbolatxo zer dan? Horrelako arbolatxo txiki bat behar dut aterki forma hartzen duena eta ahal izatea autoktonoa noski, asko gustatzen zait honako espezie hau eta ea laguntzerik badaukazun, eskerrik asko!
Gustu ederra duzu. Neronek ekarri eta landatutakoa da, 1994-95 neguan. Sagarrondo bat da. Barietate negartia da eta txertatua dagoen tokitik hasieran behera ematen ditu adarrak baina gero, indartzean pixka bat gora ere egiten du, 4-4,50 metro arte hazi daiteke. Loraldi zuria du udaberrian eta sagartxo gorriak hostoa eroritakoan ere bertan mantentzen dira, txorien gozagarri. Bere izena Malus x scheideckeri “Red Jade” da, baina normalean Malus “Red Jade” edo “Red Jade” sagarrondoa bezala ezagutzen da mintegietan. Ez da erraza topatzen beraz datorren negu honetan jarri nahi baduzu hasi galdezka...
274
Euskal jatorriko zenbat tomate barietate daude?
Galdera hori zuzen erantzutea ezinezkoa da. Bertokoa edo bertoko jatorria duena zehaztea ezinezkoa da. Landare guztiekin gertatzen dena da prozesu luze bat, urteak eta urteak behar dituena. Denborarekin barietate desberdin bat sortzen eta egonkorzten da. Baina bide horretan barietate izan daitezkeen asko dago. Erantzuna “asko” izan beharko luke. Adibidez begira Nafarroan bertoko barietate tradizionalei buruzko ikerketa hau.https://www.navarraagraria.com/categories/item/download/37_5f8c2d589ac763ad6d23e29c64f98206
275
Kaixo Jakoba, Baserri alboko pagoaren hostoetan koxkor batzuk atera zaizkigu. Zuhaitza itxuraz ondo dago baino ez dakit zerbai egitea komenigarri izango ote den. Mila esker
Pagoaren euliak eragiten duen koxkorra da, Mikiola fagi izena du. Jeneralean ez zaio kaso handiegirik egiten.
276
Noiz erein nezake illarra, aste honetan badaukat aukera??
Iraila arriskutsua da ilarra ereiteko. Eguraldi bero samarra egiten badu gaitzak harrapa dezake. Hala ere saioa egin nahi baduzu egin eta zorte on! Hobe urrira itxarotea, hortik atzera nahi duzunean azkenekoak otsaila aldera egiten dira. Beti ilgora eta lore edo fruitu eguna aukeratu behar duzu.Ilgorak honela izango dira: irailaren 15-28, urriaren 12 (eguerditik)-26, azaroaren 9-22 eta abenduaren 6-19. Fruitu egunak: irailaren 15, 16(goiza), 23(arratsaldea), 24 eta 25 (goiza); urriaren 12, 13, 21 eta 22; azaroaren 9 eta 17 (arratsaldea); abenduaren 6, 7(goiza), 14 eta 15.
277
Zer egin gaitz honekin? Landare guztia kutsatzen du.
Lasai Arantza, ez da gaitza, iturri-belarrak ugaltzeko erabiltzen dituen esporak hazteko guneak dira. Oso ondo bizi denaren seinale!
278
Kaixo, Duela hilabete batzuk zalantza batekin idatzi genizun, bertako 700 haritz landatzeko asmoa genuelako. Lan ona egin genuen eta egun 500 oraindik bizirik daude. Intxaurrondoaren inguruko artikulu bat irakurri dizugu eta bildurra sartu zaigu. Haritza landatuta dugun sailean hiru intxaurrondo ditugu, kaltegarria izan daiteke?
Kaixo Ainhoa.  Intxaurrondoak eta haritzak zer tarte dute? Zein tamainako intxaurrondoak dira? Milesker jakoba
279
Atsaldeon Jakoba.2 zugaitz intxaur edade berekoak. Bat, batean ikustezu ihartuta, enborrean lur azalan contra kostra zuria. Ze gaxotasun klase izanditeke ? Eskerrikasko.
Orain ebaki ondoren garbi ikustend a aspaldiko arazoren bat edo batzuk izan direla hor. Adibidez gainean duten plaza antzeko horri eusten dion horma intxaurrondoak hor zirela egin al zen? Horrek kalte handia sor dezake. Inaustekarik izan al zuen? Ebakietatik ura erraz hartzen du intxaurrondoak eta bihotza usteltzea etorri daiteke. Horrekin batera urarekin gaitzak ere ziztu bizian sartzen zaizkio, beste zuhaitz askori baino errazago... Aldamenekoak ondo irauteko kontuz inguruan zama jartzearekin. Ohol kastillo hori da adibide garbia. Horrelakorik ez jarri intxaurrondoaren bueloaren parean; gainontzean sustraiak ito, usteldu eta gaitzak hortik ere sar daitezke.
280
Kaixo berriroAhaztuta neukal galdera bat, urritzaren egurrak sutarako balio du?Esker mila berriro.
Bai noski, balio du bai. Neguko ilbeheran bota.
281
Arratsaldeon Jakoba. Lehenengo gauza barkamena Feizbuketit aurretik idatzi izana. Eta, gaiaraz joanta; Eremu bat erosi dut (4000m2), eta dana urritzaz beteta dago. Hiru/lau metrora bat dago. Garai batean oilotegi bat zegoen eta haiei babesa emateko zen. Orain basoa jarri nahi dut, bainan, beste zuhaitz motatakoak ere jarri nahi nituzke.  Terrenoa Hondarribian dago, eta hegomendebalde aldera ematen du.  Gustatuko litzaidake urritz asko moztea, eta era berean, beste zuhaitz batzuk jartzea (lizarrak, aritzak, intxaurrak, gaztainak.....). Galdera da, noiz da garai hoberena mozteko hauek (urritzak), noiz den garai hoberena geratzen diren urritzei kimaketa egitea, eta zein distantzia den egokiena zuhaitzetik zuhaitzera.  Erantzuna iritxi baino lehenago, eta barkamena eskaeraren ondoren, eskerrak emateko garai iritxi da. Esker mila Jakoba.
Moztu nahi dituzun hurritzen egurra baliatzeko asmoa baduzu abendua, urtarrila eta otsaileko ilbeherak onenak. Kimatzeko sasoia izerdi berria abiatzen denean da: alde horretan otailean eta martxoan, ilbeheran. Zuhaitzetik zuhaitzerako tartea zein espezie direnaren arabera, baina 4 metro inguru utziko nuke nik eta batzuk koxkortu ahala moztu, egurretarako, eta gainontzekoei tarte handiagoa utzi.
282
Aupa Jakoba. Egunon Malerrekatik!! Aurten sagar urtea omen da, bistan da, eta sagardoa egiteko tenorea hurbiltzen. Sagardoa eta zukua egiñak gara, eta aurten ozpina egiten saiatuko gara. Bele zahar batek zuri galdetzeko esan dit. Nola egin daiteke sagar ozpina? Ezagutzen ahal dituzu motak eta horretarako egin beharreko desberdinak? Eskerrik asko ta segi bixkor!
Aupa, Zubietatik Zubietara! Ozpina egitea da errazena. Sagar muztioa edota sagardoa airea hartzen utzi eta laister ozpintzen dira. Horretarako laguntza handia da ozpina egiten den beste nonbaitetik ozpin horren ama eskuratzea, edo gutzienez ozpin pixka bat. Onena urte askotarako ozpina egingo duen ontzi batean pentsatzea da. Errazena plastikozkoa, goian boka handia duena eta azpian behe-behetik goraxeago kanila bat. Nik sagardoarena egiten dut. Sagardoz ia goraino bete ontzia eta ama edota ozpina gehitu. Goiko boka irekita mantendu, oihal arin batezkin estalita; airea sartzea behar-beharrezkoa da, baina xakarrik ez. Hilebete batzuetara ozpina egina egongo da. Nik ontziaren erdia ateratzen dut, ozpin ozpina, eta ateratako erdi hori jasotako sagardo hondarrekin edo sagardo garbiarekin bete. Urtero egin hori, erdia atera eta bete. Horrela kalkulatu ontziaren tamaina zenbat ozpin behar dekenaren arabera. 50 litro behar, 100 litroko ontzia... Gero gerokoak: niri ozpin desberdinak egitea gustatzen zait. Ateratako ozpin horri erdi eta erdi muztio gozoa edo sagardoa nahasi eta itxi, gehiago ez ozpintzeko. Horrela ozpin errebajatua eta askoz ere lurrintsuagoa izango da. Edota belarrak sartu: albahaka, ispilikua, erromeroa, ezkaia, piperrak...
283
Arratsalde on, Errekondo jauna. Zutaz gogoratu naiz Mallorcako egunkari batean beharbada jakingarri izango zaizun honako hau irakurtzean: "Abuztuan teila-zatiak jartzen dira meloien azpian lurraren hezetasunetik babeste aldera". Ez du besterik zehazten. Joan Barceló izeneko batek idatzi du. Ondo izan. Jabi
Kaixo Jabi. Oraintxe bidali dizkidate abuztu osoko galderak eta tartean zure iruzkina. Mila esker. Hemen kuiekin ere antzera egiten da, lurra kendu azpian zerbait jarrita.  Mila esker eta ondo izan Jakoba
284
Larrak mozteko zein da sasoi ona? Nekezago hasteko
Gustuko ez ditugun landare guzti horien mozketa (laharra, garoa, otea, asuna, menda...) beti ilgoran egin behar da eta ahalik eta izerdi gehiena duten sasoian. Onena ekaina eta uztaileko ilgorak dira, baina baita maiatzekoa ere. Oraintxe gara ilgoran, abuztuaren 5a arte.
285
Eguerdion, kontsulta bat nahi dotzuet ein. Nire terrenun Eukaliptusak landatu ben,  Lurre sikatute da, Eukaliptusak moztu dabe baiña segi etxen dau azten. Lehenik, nahiko neuke jakin zer en bihir doten eukaliptuse ez azteko, eta lurre oparuaua ixateko zer ein biko neuken. Eskerrikasko.
Basogintza dabilen Markel lagunari galdetu diot eta begira zer esan didan: “Makina bat lan emuten dau eukaliptuek. Kentzeko modu "jasangarriena" urtero moztea (udarako ilgoran noski) edo plastiko beltz batez motzondoa ondo tapetzea. Bestela herbizidak botaten jakie normalean. Guk ez degu holakorik egiten, baine herbizida naturalen bat (gatza, ozpina...) erabiltzie be izen leike aukera on bat akaso. Lurraren osasunari dagokionez, egon daie lasai, bertako basue sortzen dan heinien berreskuratuko da-eta. Birsortze haundixe badau, haxe zainduko nauke, ta nehikue ez bada, landaketa bat egin.”
286
Arratsaldeon Jakoba, Bizkaitik idazten dizut, larunbatean irratian entzun nizun intxaurrondoen euli izurriteari aurka egiteko intsektizida nola egin. Bacillus thuringiensis, Neem olioa eta Xaboi Potasikoa, baina ze kantitate bakoitzeko eta zenbat ur litrotan? Eskerrik asko
Bacillusak eta Neem olioak berak ekarriko dizu etiketan zenbat nahasi. Xaboiari buruz kalkulatu 100 gr 10 litro ureko. Ahalik eta azkarren hasi tratatzen eta 8-10 eguneko tartearekin irailera arte eman.
287
Kaixo, Jakoba. egur 1 pipiak jota dagoela esaten denean, zer da termitez josia dagoela, edo zulatua dagoela?
Guk bietarako erabiltzen dugu, bai egurrra pipiak “pasata” eta zulatua dagoela esateko eta baita pipiak erasotu eta jaten ari dela. Pipiak ez termitak... Termitak beste sagardotegiko bukoia dira.
288
Entzunda daukat urterako porrua san juanak aldera landatu behar dela... Zeintzuk dira egunik hoberenak??
Porruak iraun dezan onena ilbeheran landatzea da. Ilbehera osoa ona da baina sustrai eguna bada hobe. Uztailaren 9tik 22ra da ilbehera, eta sustrai egunak 15, 16, 17 eta 18 (hau eguerdira arte) izango dira.
289
Egunon, Horrelaxe topatu ditut kalabazinak baratzean? Zerrena izan daitekeen?
Itxuraz hosto mordoxka bat batera moztuta daude. Ebakiaren formagatik esan daiteke ez duela barraskilo edo bare edo antzekoren batek jan. Ebakia zerbait zorrotzarekin egina dagoela dirudi. Hostoak ere hor bertan dauden lurrean. Moztutako hostoak denak goikoak dira. Ez zuen bada desbrozadoraren batek edo antzekoren batek ebakiko?
290
Kaixo, tomateak kimatzea ona da?
Tomate gehienak kimatzea komeni da. Gerezi erako aldaerak edota udare-tomateak maiz ez dira kimatzen baina gainontzekoak bai. Kimatuta hostoen galtzarbean sortzen diren bigarren mailako kimuak kentzen dira eta hazteko adar bat soilik uzten da. Indar handiko barietatea baldin bada bi adar ere utzi daitezke. Kimaketa eguneko ordu beroenetan egitea da onena. Hostoen oinean sortzen diren kimutxo horiek ahalik eta txikienak direnean kendu behar dira, batez ere egiten dugun zauria ahalik eta txikiena izan dadin, landareak aitaren batean orbaindu eta itxi dezan, gaitzik ez sartzeko.
291
Kaixo Jakoba! Lehengo urtean tomate txerrien haziak gorde nituen lehenengo aldiz. Martxoan erein nituen eta sukaldean eduki ditut tarro txikietan. Orain dela bi egun baratzera pasa ditut eta denbora gutxian mantxa txuriak atera zaizkie hostoei... ez dute batere itxura onik... Ilusionatuta nengoen nere lehenengo ba! Pena... Ea laguntzerik duzun, eskerrik asko aldez aurretik! Maria
Argi eta garbi onddo batek eragindako gaitza da. Onddo guztiak hezetasunarekin eta tenperatura epelarekin harrotzen dira. Tenperatura ezin dugu aldatu baina hezetasuna bai. Kontuz ureztaketarekin: landarea ez busti sekula. Egoera hobetzeko beste aukera bat proposatu nahi dizut. Landareak ahalik eta lur gehienarekin atera, landatuta dauden lekuan bertan lurra pilatu eta 40 cm. altuera duen tontorra egin, landatzeko zuloa egin tontorrean, zuloan osin zarbak sartu, gainean lur pixka bat eta haren gainean landatu. Osin ura egin eta harekin ureztatu, beti ere landarea ukitu gabe.
292
Kaixoo Soro guztia osinaz beteta dugu eta zer egitea komeni da oi galtzeko?? Momentu onetan bertan patata ta artoa degu.  Eskertuko nuke erantzun bat
Osina lur oparo eta emankorretan soilik ugaltzen da. Horrek esan nahi du zuen soroa ongarriz ondo hornituta dagoela. Agian gehiegi. Nolako ongarria ote zen? Batzuetan ongarrian bertan etortzen da osina.... Orain duzun aukera bakarra moztea da. Desbrozadorarekin edo ea nola moldatzen zaren. Papata errenkaden artean hor nonbait, baina arto artean ez duzu erraza izango. Ilgoran mozten baduzu hobe.
293
Kaixo Jakoba azken aldian berotegian ditudan tomateak ipurditik zimeltzen zaizkit, duela 2 aste entzun nuen irratian inurriekin arazoak zituen baten kasua . Nire tomateen argazkia bidaliko dizut ea zer izan daitekeen gorriña edo ...
Nire ustez sustraietako usteldura da, Fusarium onddoa. Lurrean dago eta ez dago zer eginik. Usteldu direnak kendu, eta bertan erre. Hala ere garbi izan lurra dago kutsatuta eta hurrengo urteetan ere hor izango duzu. Kontuz hezetasunarekin, onddoari laguntzen baitio. Errotazioa edo urtero landare bera ez errepikatzea, karea ematea, barietate erresistenteak, negutegiaren aireberritzea, lurra harrotzea eta abar dira gaitz honi aurrea hartzeko bideak.
294
Borrajan hostoetan ttantto txuri batzuk agertu zaizkit. Zer ote da? Eskerrik asko
Nire iritziz tripsak izango dira. Horiek hostoen azpitik erasotzen dute hostoa eta eztena ziztatuz izerdia zurrupatzen dute. Beraien aurkako borroka onena eta errazena hezetasuna handitzea da. Ez zaie gustatzen eta atzera egiten dute. Ikusten dudanez aldamenean tomateak daude eta horieri aldiz hezetasuna gustatzen ez. Ea nola banandu ditzakezun maiz maiz borraja hostajeak bustitzeko tomateak busti gabe. Baita intsektizida naturalak: xaboi potasikoa, neem olioa, bacyllus, piretrinak, koltza olioa...
295
Kaixo! Euria egin berri eta lurra bustia dagoenean landatzea ona al da?
Bai ona da, Arazo handiena lur horren gainean ibiltzea da. Baina landarearentzako ez da txarra. Ura topatuko du lurrean eta ondo itsatsiko da. Onena busti aurretik lanatzea litzateke, baina gero ere ez da txarra.
296
Egun on: Begira, barka, kezka batengatik jotzen dut zugana. Gauza da Hernaniko Kronikan irakurri dudala bihar (maiatzak 11) goizaldean kimaketa lanak egingo dituztela. Harriturik nago, zer eta udaberrian egingo dituztelako. Kezka zuhaitzengatik (traumatikoa omen da kimaketa batez ere garai hauetan) baina baita ere txorien kabiengatik da. Zer egin dezaket? Nora jo genezake jakinik udaletxera deitzeak ez duela ezertarako balio? Ez da aurreneko aldia. Ez nuke agurtu nahi esan gabe "zorionak eta eskerrik asko" zure webgune eta liburuengatik!! Benetan altxor bat dira. Eskerrik asko!! Maddi.
Pentsatzen dut, harriduragatik, zuhaitzen inausketa izango dela... Gero eta joera handiagoa dago zuhaitzak eta arbolak berdetan inausteko. Jeneralean inausketa hori, “berdetako inausketa” edo “udako inausketa” esaten zaiona, ekainean edo uztailean egiten da. Neguan egindakoa baino hobea da. Landarea hostotan eta izerditan dago, beraz bizirik, beraz inausketaren kalteei, batez ere zauriei erantzuteko hobeto, neguan baino askoz ere hobeto. Zer inausketa, zer landareena eta nolako inausketa egingo den jakin beharko genuke. Agian ez da beharrezkoa ere, ez negukoa ezta udakoa ere... Udalean ez badizute kasurik egiten lanak egiten dituen enpresarengana jo dezakegu.
297
Noiz landatu kuiak eta kuiatxoak?
Landaketa lanak ilbeheran egin behar dira. Datorren ilbehera 16an hasi eta 28ra artekoa izango da. Fruitua da zuk jaso nahi duzuna, kuia eta kuiatxo, eta horregatik fruitu egunak izango dira onenak. Ilbehera oso ona izango da baina fruitu egunak honenak: 19, 20 eta 21.
298
Zer liteke illarra zuritzen hasten denean?
Gaitza bat izango da, zuritzen duena, jeneralean, zurina da. Zurina giro epela eta hezetasuna dagoenean hedatzen da. Hostoaren gainean garatzen da, baina kalte nabarmenak eragitzen dizkio landareari. Sufrearekin tratatzen da, azeribuztan-ura eta xaboi ttantta batekin nahasita hobe. Hala ere, zurina garatzen denean giro beroak datozela adierazten du, eta giro beroak ez ditu atsegin ilarrak...
299
Egun on Jakoba, Errigoitin bizi naiz eta etxea aurrean, hegoaldean, aranondo bat daukat, klaudia aran goxo askoak eman izan dituenak. Kontua da urte luzeetan zipres pare baten enbarazua izan duela eta gorantza hazi beharrean eskumarantza oker oker eginda hazi dela, ia ia lurrari paralelo. Zipresak iaz kendu genituen eta argitasun ederra du orain, eta egia esan indartsu eman ditu ostoak eta adarrak eta baita fruitutxoak ere. Astelehen goizean enborra apurtu egin zen, nik uste pisuaren pisuaz...eta orain nire galdera da: enborra apurtu deneko gunean adar indartsu pare bat ditu tente tente...hauek bere berean utzita haziko ete da gorantza egiten? edo bestela, adar horietako baten bat (ederrak ditu eta) landatu dezaket edo...zure erantzunaren zain geratzen naiz. Mila esker arretagatik
Hautsi den adarra bizi baldin bada, bere horretan mantendu. Nahi baduzu eusteko hagaren bate do txardengoren bat jarri. Adar berri indartsu horiek haziko dira. Nik denak bere horretan utziko nituzke. Agian urte batzuk beharko dituzte fruta ematen hasteko, baina lehenago arbola berria osatu behar dute. Zuk egin dezakezun onena da ongarriarekin laguntzea da.
300
Limoi ondo bat daukagu atarian, baina batere gustorik eta bizitasunik gabeko limoiak ematen ditu, (negu batean landarea galdu egin zen, nire ustez hori eta gero landarearen zati txertatu gabeak egin zuen aurrera, hortik gure limoi kaxkarrak). Gauza da berriro ere limoia txeratu nahian nabillela. Horretarako limoi ondoa inautsiko nuke eta aurten botatzen dituen adar berriak, limoi onak ematen dituen beste limoi ondo baten kimuen bidez txertatuko nituzke (abuztu bukaeran egiten den begiko txertaketaren bidez, sagarrondo bat barietatez aldatu behar banu bezala). Gai onetan nire arazoa zera da: Ez dakidala limoi ondoen zikloen berri ( beti fruitua ematen ari baita ) eta ez dakidala noiz inautsi dezakedan udarako txertaketak egiteko preparatuta lagatzeko, ez dakit jada berandu edo eta garaiz nabillen.-
Orain inaustea ez legoke gaizki. Udan eman dituen kimu horiek txertatu. Txikiak badira hurrengo udan egind ezakezu.